XIBERUTIK

Xiberoko Botza (I)

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2022ko urt. 17a, 07:57

Urte berri on lehenik irakurle. Azken boladan gure auzoko bilakatu den horretatik asko entzun behar izan dugu halabeharrez eta ongi izango zarela esperantza badut… Gutxi gehiago oporrak bizi izan ditugu azken egun hauetan; oporrik izan ez bada ohikoa baino jai egun gehiago behar bada. Norberak berera joko genuen seguru asko eta manexak nora jo bada… Zuberoara.

Nire egunerokoan aspalditxotik du dezenteko lekua Xiberoko Botza irratiak. Irrati ttipia da, baliabide gutxikoa, espantu handirik ez duena… Baina ikaragarri goza daitekeena norberaren abiaduraren arabera. Ez duzu politikaririk entzungo, ez da artifizio edo efektu handirik, ez da urruneko eta zuzeneko konexio handirik, ez da zozketa edota sari handirik. Aitzitik, oso-oso txikia da, gertukoa, sinplea… Alta, bada ni asko erakartzen nauen zerbait bere uhinetan. Eta zer esanik ez nik bezala euskara bizkarrezurrean txertatua daramanarentzat. Zubereraren gainean sekulako bilketa-lana eginda dago jakina, baina zuberera zuzenean, egunero eta bizirik entzuteko aukera bakarrenetarikoa dela esango nuke XB.

Maitemin honekin jo nuen XBko koordinatzailearengana galdera sorta batekin. Elkarrizketa hau hurrengo artikuluan laburtuko badut ere, sarean sartu eta entzuteko gonbita egin nahi dizut gaurkoan.

 

Gure ohiko irratietan janzkeraz ematen dira berriak sarri. [...] Argiaren abiaduran iraungitzen da zenbait kontu gaur egungo munduan.



Gure ohiko irratietan garrantzia janzkeraz ematen dira berriak sarri. Hegoaldean kantari batek disko bat argitaratzen duelarik, egun berean hedabide guztiek berri hori zabaltzen dute sekulako eitearekin; biharamunean ario, desegin da… Argiaren abiaduran iraungitzen da zenbait kontu gaur egungo munduan.

Gabon aurreko bizpahiru albiste ekarriko ditut adibide gisa, esan nahi dudana argiago adierazteko. Panpi Ladutxe eta Allande Sokarros zendu ziren; biak ala biak, bakoitza berean, sona eta izan nabarmeneko pertsonak. Aiztondon 2017an jokatu ziren maskaradak antolatzeko lehen kontaktua izan zen Allande!. Gure irratietan, egunean bertan, sekulako burrunba sumatu nuen; gure izate edota kulturako bi izar joan zirenaren sentsazioa barreiatzen ari zela bizi izan nuen nik. Artxibo-arakatze izugarri bat izan zen: hemengo eta hango elkarrizketa zatiak, telefono elkarrizketa eta doluak, famatze izugarriak… Baina hurrengo egunetik aurrera ez nuen hitzik ere entzun; jada ez dira existitzen.

XBn esango nuke pare bat astez albiste izan zirela iparraldeko bi pertsona hauek. Ia-ia egunero gogoratu zituzten. Eta ez zituzten bereziki gogoratu telebistako esatari ospetsuek, edo diskoetxeren bateko arduradunek, edo Euskaltzaindiko ordezkariek bakarrik. Deitzen zuten Zuberoako herrietako pertsona anonimoek, maskaradatan Allanderekin ibili zen edonork, herriko jaiak antolatzearen aitzakian Panpirekin kontakturen bat izan zuen norbaitek… Luze jarraituko nuke gisa honetako adibideak jartzen baina zera esan nahi dut: herriak behar bezala gogoratzeko azpiegitura eta nahia ipini zuen XBk. Irrati honen entzuleentzat ez zen izan egun bateko kontua. Benetako garrantzia eman zitzaien heriotza hauei, benetakoa!



Musikari batek hegoaldean disko bat ateratzen duenean nahiko elkarrizketa edo berri justuak ematen direlakoan nago ni. Hedabide denek prentsa ohar bera zabaltzen dute; batzuek luzeago, besteek laburrago. Aipatzen da zenbatgarren diskoa duen, halako lekutan grabatu dela, halako lekutan nahastu dela, ibilbideko disko helduena dela, halakok egin duela azala... XBn, hasteko, elkarrizketek denbora luze bat hartzen dute. Artistari galdetzen zaio haurtzaroan ze musika tresna gustatzen zitzaion, ea pintura gustatzen zaion, ea zer irakurtzen duen, zer egiten duen bere aisialdian… Pertsona hori, produktu berri bat kaleratu duen norbait baino gehiago kontsideratzen delakoan nago. San Tomas buelta zen. Joseba Tapiak Egon edo ez egon argitaratu berri zuen diskoaren harira elkarrizketa bat eman zen. Nik oso komunikazio-molde ezberdin bat sentitu nuen: ez zen berebiziko garrantzia ematen zitzaion elkarrizketa bat, ez zen zurruna, zirtoa nabari zen, oholtzan entzuten dugun pertsona sentitu nuen… Artista, kazetari eta entzuleak gela berean geundela zirudien. Tapiak akordeoi kromatikoa zuen eskuartean eta hitz egiten zuen bitartean jotzen ari zen. Elkarrizketatzaileak ez zituen galderak bata bestearen ondoren egiten. Aipatzen ziren Tapiak txikitan jasotako eskolak, nola ekarri duen kantu berri bat ikasle garaian ikasitako kantu baten arrastotik, trikitiak eta akordeoiak izan duten betiko kalapita…

Gonbita luzatua duzu. Entzuteko modurik egiten baduzu ea nik esandakotik sumatzen duzun. Horrela bada beharbada zaletuko zara… On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!