«Gometsa more banarekin bereizi ditugu liburuak»

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 6a, 12:08
Larraulgo liburuzaina genero kontzientzia lantzen duten liburuetako batzuen alboan. J.M.

Genero kontzientzia bultzatzen duten liburuak eskuratu eta liburutegiko apaletan identifikatu. Lanketa hori abiatu dute herriko liburutegian eta bide baten hasiera izatea nahiko luke liburuzainak, pixkanaka bilduma osatzeko.

Udaberriko itxialdian ez zen Larraulgo liburutegia erabat gelditu. Kulturaren iturritik edan eta herritarrei egitarau batzuk zabaldu zizkien Nora Urbizu Arozena liburuzainak. Ondoren, ikusita liburuak mailegatzeko gogoa zutela herritarrek, etxez etxeko banaketari ekin zion. Uda pasata, berriro ere zabaldu ditu ateak liburutegiak eta osasun egoerak baldintzatuta saiatzen ari dira ohiko martxa berreskuratzen. Ideia berriak ere badituzte.

Zer nolako ahalegina egin duzue Larraulgo liburutegian parekidetasunari begira?

Espazio fisiko bat baino gehiago filosofia bat jarri nahi izan dugu martxan. Guk identifikatu nahi ditugu liburu batzuk genero kontzientzia lantzen dutenak. Aurten, bereziki, 35 liburu inguru eskuratu dira, gehienak nerabeentzat zuzenduak.

Zergatik nerabeentzat?

Oso adin berezia iruditzen zaigulako eta garrantzitsua delako adin tarte horretan bizitzarako beharrezkoa diren baloreetan gaztetxoak heztea. Izan dezatela materiala, izan dezatela literatura eskura, prozesu horretan bidelagun izango zaizkien liburuak dira.

Nola identifikatuko dituzue liburu horiek apalategietan?

Gometsa more banarekin bereizi ditugu liburuak. Ez dakit denak batera apal batean egongo diren edo bakoitza banatuta egongo den bere txokoan. Biografia, nobela, poesia... horrela daukagu antolatuta liburutegia, eta adibidez, biografiaren atalean gometsa morearekin ikusten dugun liburu horrek badakigu lanketa berezi horri erantzuten diola. Izan daitezke emakumeen biografiak edo emakumeek idatzitako liburuak baina badakigu ziur ikuspegi hori dakartela.

Zein gai lantzen da liburu horietan?

Asko dira LGTBI kolektiboaren gaia lantzen dutenak, gayen edo lesbianen bizipenak edo emozioak jorratzen dituztelako, edo bestela, heteroaraua apurtzen duten gorputz horien isla azaltzen dutelako. Lodifobia lantzen duten liburuak ere ekarri ditugu, nahi gabeko haurdunaldiak, maitasuna, sexualitatea, sexu indarkeria, etxeko indarkeria, bortxaketak... Tematika oso zabala da eta gai hauei nolabaiteko espazioa eman nahi izan diegu liburutegian.

Zein generotako liburuak dira gehienbat?

Askotarikoak dira eskuratuko ditugunak. Oso liburu ezberdinak daude. Badaude nobelak, oso atseginak direnak, eta badaude ikuspuntu gogorragotik ari direnak, akaso, aproposagoak 14-16 urte arteko nerabeentzat. Feminismo es liburuan, adibidez, gaur egun feminismoak aldarrikatzen dituen hainbat eta hainbat aldarri daude azalduta. 12 urtekoentzat ez da egokia, baina helduxeagoentzat bai. Gauzak oso argi planteatzen ditu eta mapa mental bat egiteko balio du.

Zein beste liburu nabarmenduko zenuke?

Asko ipuinak dira. El futuro es femenino nabarmenduko nuke, oso polita da, ilustrazio ederrak ditu. Lehenago aipatu dut biografien atala. Badaude emakume bakarrari eskainitako liburuak baina beste batzuetan artean, zientzian, kultura munduan nabarmendu diren emakumeen biografiak biltzen dira. Ezkutuan egon diren emakumeen bizitzak kontatzen dira liburu horietan.

Eta ez bakarrik, mendebaldeko emakumeenak.

Bai, hori esatea ere garrantzitsua iruditzen zait. Hemen badaude Kabuleko emakumeen istorioak, Palestinakoenak... Ez dugu zentratu nahi izan mendebaldeko emakume zurion feminismoan bakarrik. Nahi izan duguna da erlijioa, kultura eta klasea zeharkatzen dituzten zapalkuntza guztiak kontuan hartzea. Feminismoa ez da soilik generoari dagokion kontu bat, horren atzean beste zapalkuntza mota batzuk daude eta horiek ere ikusarazi egin behar direla iruditzen zaigu.

Bildumatxoa egin duzue Larraulen, aurrera begira atal hau osatzeko asmoa duzue liburu gehiago eskuratuta?

Bai. Ez dut esan nahi hemen ikaragarrizko bilduma osatuko dugunik, baina gure xumean hemen badago behintzat zerbait gai honi eskainia. Erreferentzia bat badago eta hemendik hasiko dugu bidea.

Nola jakin dezake edonork gaitegi horrekin lotutako zein liburu dituzuen Larraulen?

Identifikatuta joango dira liburuak gometsa morearekin, esan dugun bezala, eta nire asmoa da liburu horiek zerrendatzea, autorea, izenburua, urtea eta gaia azalduta. Gero arduratuko gara sare sozialen bitartez zerrenda hori zabaltzen. Ikastetxeengan ari naiz pentsatzen. Akaso interesagarria egingo zaie nerabeentzako lagungarri diren liburuak direlako eta beharbada hasi behar dugu gisa honetako liburuak gehiago mugitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!