PSE-EEko zazpi kideek karguak hartuko dituzte Larraulen

Jon Miranda Labaien 2019ko ekainaren 12a

Gipuzkoako sozialisten burua eta antolaketa idazkaria Larraulgo jarduneko udal ordezkariekin bildu zen aurreko astean.

Maiatzaren 26an egindako udal hauteskundeetan 19 boto eskuratu zituen PSE-EEk eta boto baliodunen %5eko langa gaindituta, Larraulgo udaleko zazpi eserlekuak eskuratu zituen. Alderdi sozialistako iturriek baieztatu dutenez, larunbatean, hautetsiak kargu hartzeko bilkuran izango dira eta zinegotzi aktak sinatuko dituzte.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Mikel Duran antolaketa idazkaria, aurreko asteazkenean, ekainaren 3an, Larraulgo jarduneko udal ordezkariekin bildu ziren. Ekainaren 15eko osoko bilkuran zazpi kideek kargua hartuko zutela baieztatu zieten, baina beste eskaintza bat ere luzatu zieten: "Prest zeudela, uztailean zehar, hiru zinegotzi postu Larraulgo pertsonen esku uzteko, hau da, PSE-EEko lau zinegotzi (alkatea + 3) eta hiru zinegotzi larrauldar egotea". Horrela baieztatu dute 2015 - 2019 legealdiko udal zinegotziek.

Proposamenari zein erantzun eman erabakitzeko herri batzarra deitu zuten ostegunean, ekainaren 4ean, eta Gipuzkoako PSE-EEk egindako planteamendua alboratzea erabaki zuten herritarrek; "herriko inor ez sartzea udal korporazioan", dio herri bileraren aktak. Are gehiago, maiatzaren 26an Larraulen izandako boto zuriak aintzat hartzeko eskatu diete sozialistei. "Udal hauteskundeetako emaitzak ikusita, 95 boto zuriak herri kandidaturaren aldeko bezala hartzea, PSE-EEk 19 botorekin udalbatzan eserleku bat edukiko luke. Gauzak horrela zinegotzi sozialistek kargua ez hartzea (dagokien bakarra izan ezik) eta herriko bozken proportzionaltasuna errespetatzen duen gestora bat osatzea eskatzen diogu alderdi sozialistari". Aldi berean, egin behar duena adierazteko herri bilera bat egin dezan eskatu diote herritarrek PSE-EEri. Proposamena idatziz jakinarazi zioten astelehenean baina oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Hauteskunde aurreko astean boto zuria eskatzeko oharra banatu zuten etxez etxe, Larraulgo herriaren ardura, "herriarekin inongo zerikusirik ez duen eta herritik kanpo osatutako" alderdi politikoen zerrenda baten esku ez litzatekeela utzi behar esanez. 95 herritarrek, udal hauteskundeetara botoa ematera joandakoen %82k, proposamen horrekin bat egin zuten.

Alderdi sozialistako iturriek ez dute baieztatu euren aldetik gisa horretako proposamenik egon denik eta berretsi dute zazpi kideek karguak hartuko dituztela larunbateko bilkuran. 10:30ean hasiko da plenoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!