Larraulen gizonezko bat atxilotu dute animalien aurkako tratu txarrengatik

Ataria 2019ko martxoaren 14a

Atzo goizean 61 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak, ustez, animaliei tratu txarrak ematea, eta ingurumenaren kontra eta osasun publikoaren kontra egitea leporatuta.  

Otsailean, Hernaniko Ertzain etxeak abisua jaso zuen, Larraulen, Hernio mendian dagoen leize batean hildako animalien arrastoak botatzen ari zirela. Polizia-hornidura bat aipatutako lekura joan zen, eta bertan, aipatutako leizean, –sei metroko sakonera du– hezur, larru eta erraien hondarrak zeudela ikusi zuten. Horietako batzuk duela gutxi bertan utzi zituztela atzeman zuen Ertzaintzak.

Hurrengo egunetan egindako ikerketen arabera, 61 urteko gizonezko bat identifikatu zuten isurketen ustezko egilea delakoan. Egiaztatu ahal izan dutenez, ardi aziendaren jabea da, eta normalean partikularrei saltzen zien ganadua. Egoera horren aurrean, susmagarriaren etxebizitzara joan ziren, ikuskapen bat egitera. Hiltegi gisa prestatutako egongela aurkitu zuten, animaliak hiltzeko erabili zituzten hainbat tresnekin batera.

Behin beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin zuten. Epailearen esku utzi aurretik, polizia etxera eraman zuten izapideak egiteko. Antza denez, 2018. urtean atxilotua antzeko delituengatik ikertu zuten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!