Legez kanpoko hiltegi bat topatu du Ertzaintzak, Larraulgo baserri batean

Ataria 2018ko irailaren 10a

61 urteko gizonezko bat eta 51 urteko emakumezko bat ikertzen ari da Ertzaintza, hiru delitu egin dituztelakoan.

Abuztuaren amaieran hasi zuen ikerketa Ertzaintzak, Anoetako erreka baten ertzean animalien gorpuzki ustelak aurkitu eta gero. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 15 zaku topatu zituzten.

Gorpuzkien jatorria zein ote zen ikertzen hasi zen Ertzaintza. Larraulgo baserri bat miatu zuten agenteek, eta legez kanpoko hiltegi bat topatu zuten bertan. Goiko solairuan hildako ardi bat aurkitu zuten, eta hiltzeko prestatutako beste zenbait. Horrez gain,animalien erraiez betetako zaku gehiago –aurrez Anoetan topatutakoen antzekoak– eta animaliak zatitzeko erremintak aurkitu zituzten.

Baserri horretako jabeak ikertzen ari da Ertzaintza: 61 urteko gizonezko bat eta 51 urteko emakumezko bat. Baserria legez kanpoko animalien hiltegi moduan erabiltzea egozten die poliziak, egungo legediak eskatzen dituen kontrol bat bera ere ez baitute pasa. Gainera, hildako animalien haragia saldu ondoren gorpuzkiak Anoetako erreka batean botatzen zituztela ondorioztatu du Ertzaintzak. 

Hortaz, ikerketa prozedura abiatu du Ertzaintzak bi pertsona horien aurka. Ustezko hiru delitu egozten dizkiete: osasun publikoaren aurkako delitua, ingurumenaren aurkako beste bat, eta animalien aurkako tratu txarrei dagokiena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!