Jada hasi dira Larraulgo sanestebanak, eta gaur lehertu den suziriarekin batera, lau eguneko egitarau zabala dute aurretik herriko festetan. Pello Joxepe kanpandorretik plazaraino jaitsi da, Gurdi soinu txarangako kideek, bere izena daraman kantua jo eta bertsoak kantatzen zituzten bitartean. Lehenago, baina, pregoia irakurri dute, Udaletxeko balkoitik.
Aurten, eskerrak eman dizkiete orain arte lanean aritu direnei, eta behin eta berriz gogorarazi dute herrikoiak direla bertako jaiak. Horrez gain, Udalak kulturaren aldeko apustu garbia egin duela nabarmendu dute. Hori dela eta, Maddi Etxeberria goraipatu nahi izan dute, gaztea izanik, orain arte egindako lanari esker, gainerako herritarrentzat eredua delako. Baina, gaurkoan Maddik ezin izan du bertan egon, eta Iraide eta Udanerena izan da suziria jaurtitzearen ardura, literatur mailan hainbat sari irabazteagatik.
Gauean, gazteek hartuko dute protagonismoa herriko festetan, eta kanpaldia egingo dute. Afaldu ostean, txango bat egingo dute, Larraul ingurutik, eta ondoren bertan egingo dute lo, bihar guztiek batera gosaldu aurretik. Bihar, gainera, herriko agintariaren eguna ospatuko dute, eta festak, igandera bitarte luzatuko dira. Hiru egunetan zehar, jolasak, bazkari nahiz afariak, herri kirol saioak edota musika taldeen kontzertuak izango dira bertan. Horrekin aski ez eta, Bidania, Ibarra eta Amezketako herritarrekin batera, San Bartolome eguna ere ospatuko dute bertan, hilaren 24ean.
Hemen, Gurdi soinu txarangakoek abestutako bertsoetako bat:
Bi mila eta hemezortziko
herriko jaien atean,
plazan elkartu gara berriro
festa-egarri betean.
Pasa ditzagun jaiegun hauek
a(ha)l den modu onenean.
Ea neguko hotz ta euriak
geratzen diren atzean!