Ibilbide oparo baten hasiera

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko maiatzaren 21a

Gaur arratsaldean inauguratu dute Larraulgo liburutegi berritua. Udaletxeko azken solairuan kokatutako gunean, haur, gazte nahiz helduentzako txokoak jarri dituzte, eta irekiera ekitaldiaren barruan, Ibai Esoain bertsolari oriotarrak eskainitako emanaldian, ipuinak eta kantuak uztarturik entzuteko aukera izan da.

Larraulgo kultur bizitzak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du gaur, arratsaldean inauguratu da eta bertako liburutegi berritua. Lehen, astean behin bakarrik egoten zen irekita; orain, berriz, astelehenetik ostiralera, arratsaldero, 16:30etik 19:30era egongo da udaletxeko azken solairuan kokatuta dagoen gunea bisitatzeko aukera. Horrela, zerbitzu hobe bat ematearekin batera, jendeak bertara joateko zuen ohitura aldatu eta erabiltzaileak areagotzea espero dute.

Liburutegira bertaratutakoek, azken lau hilabeteetan egindako aldaketak ikusi ahal izan dituzte. Eraberritze lan horien artean, haur, gaztetxo nahiz helduentzako egokitutako guneak jarri dituzte, hala nola, Txiki Txokoa deiturikoa, KZ Gunea edota helduentzako sofekin osatutakoa. Gaur arratsaldeko ekitaldiaren aurretik, zenbait herritar, guztia txukun jartzen eta liburuak gaika sailkatzen aritu dira.

Ekitaldia, haurrak etortzearekin batera hasi da, Txiki Txokoa gunean. Bertara, txistua joz heldu da Ibai Esoain bertsolaria, eta ondoren, hitz batetik abiatuta, ipuin ezberdinak kontatu dizkiete bertan zeuden herritarrei, istorioarekin lotura zuten kantu herrikoiak tartekatuz. Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko, pintxoak dastatzeko aukera izan da liburutegian bertan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!