Lorratzak taldeak eszenatokiak utziko ditu

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 24a, 10:49
Argazkia: Lorratzak / Facebook

Bost urteko ibilbidearen ostean, taldeak jotzeari utziko diola azaldu du sare sozialen bidez. Agurreko kontzertu bat eskainiko du, ekainean, Andoainen. Maddi Etxeberria larrauldarra kideetako bat da.

Maddi Etxeberria larrauldarrarekin batera Malen Otxoak, Rebeka Gestosok eta Garazi Jauregik osatzen dute Lorratzak taldea. Duela bost urte sortu zuten musika taldea, eta sare sozialen bidez beren agurra iragarri dute. Hauxe da argitaratu duten oharra.

Bost urte. Bost urte ikastolako irakasle-gelan lehenengoz gure taldearen izena ahoskatu genuenetik. Bizipen ikaragarri izan ditugu; onak batzuk, ez oso onak beste batzuk. Baina ikasi dugu; ikasi dugu eta gutako bakoitza pertsona gisa hazi da.

Kontzertu asko eman ditugu. Eta ez, sekula ez gara kontatzen jarri, baina... asko izan dira. Xumeak batzuk, maila altuagokoak beste batzuk. Gure existentziaren berri ez zekien jendearen aurrean jo dugu; gu entzutera espreski joandako lagunen aurrean jo dugun bezalaxe. Forma guztietako eszenatokiak zapaldu ditugu, kolore ezberdinetako argien azpian jo...

Bost urte izan dira, baina gehiago ez izatea erabaki dugu. Bizitzak gauzak aldarazi ditu, eta gutako bakoitzak proiektu ezberdinak ditu eskuartean. Beraz, alferrik ez luzatu eta agur formal bat egitea erabaki dugu; merezi duzuelako eta merezi dugulako. Agur hori Andoainen izango da, ekainaren amaieran, eta zu han ikustea espero dugu. Joango gara xehetasunak esaten guk lotu ahala!

Disko bat ere bai

Bost urteko horietan, kontzertu ugari emateaz gain, disko bat argitaratzeko aukera ere izan du taldeak. 2016. urtean izan zen. 'Oinutsik' diskoa argitaratu zuen laukoteak, 8 abestiz osatutako lana, horietatik 6 sorkuntza propiokoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!