Larrauldarrak, Llargues-Bote Luzeko Txapeldunen Ligan

Ataria 2016ko urr. 14a, 12:37

Europako hamar talde onenen artean dago Larraulgoa eta asteburu honetan arituko da Txapeldunen Ligan.

Donostiak, Irunek eta Biarritzek hartuko dute asteburuan Llargueseko Txapeldunen Liga. Euskal Herria, beraz, joko zuzeneko erdigune bihurtuko da.

Llarguesa bote luzekoaren antzeko jokoa da. Modalitate hau 72 metroko luzerako kantxa batean jokatzen da, talde bakoitzean bost pilotari egoten dira eta helburua aurkariaren esparrua irabaztea da. Bote luzean erabiltzen dena baino askoz pilota arinagoa erabili beharko dute euskaldunek.

Europako hainbat herrialdetan sustrai sakona du pilota modalitate honek. Valentzian, futbolak baino lizentzia gehiago dauzka pilotak eta Holandan, urtero 80.000 baimen banatzen dira. Herrialde honetan eta Belgikan, pilotari profesionalak aritzen dira eta finalak ikusteko 15.000 pertsona biltzen dira. Aipatzekoa da, otsailean Euskadiko Pilota Federazioa CIJB-en (Confederation Nationale de Jeu du Balle) era ofizial batean sartu zela eta gainerako kideek, aho batez onartu zutela sarrera.

Txapelketak ikusmin handia sortu du Europan eta beraz, hamar talde onenak bildu dituzte parte hartzeko. Larraul eta Oiartzungo Txost taldeak izango dira Euskal Herriko ordezkariak. Haiekin batera, Holandako Berlikum, Belgikako Belgium Youth eta Baasrode, Frantziako Maubeuge, Italiako Scalvaia eta Valentziako Parcent, Benimagrell eta Agost ikusteko aukera izango da.  

Txapelketa larunbatean, hilaren 15ean, goizez eta arratsaldez jokatuko da hiru egoitzetan aldi berean, hau da, Donostiako Saguesen, Irungo Ugalden eta Miarritzeko Parc Mazonen, eta finalerdiak eta finalak igande goizean ospatuko dira Saguesen, 10:30ean hasita. Euria eginez gero, partidak Anoetako Belodromora eramango dituzte. 

Ostegunean, Astigarragako Petritegin zozketa egin zuten eta bertan izan ziren, Maite Cruzado, Gipuzkoako Turismo zuzendaria eta Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federazioko presidentea. Larraulgokoei B taldean aritzea egokitu zaie Irungo Ugalden, bihar 15:00etan, Parcent valentziarren aurka. Talde berean daude Belgium Youth belgikarrak.

Bote Luzea-Llargueseko txapeldunen ligako irabazleei emango zaien saria Anton Mendizabal artista donostiarrak egin du eta egurrezko eskultura bat da.

Gaur, Euskal Herriko finaleko errebantxa
Urriaren 14an, 20:00etan, Donostiako Udaletxean harrera bat egingo zaie taldeei, baina aldez aurretik, eta dagoeneko delegazio guztiak hirian egongo direla aprobetxatuz, Saguesen bote luzeko erakustaldi erakargarri bat izango da. Irailaren 25ean Leitzan ospatutako Euskal Herriko Txapelketako finalaren errebantxa jokatuko da, 18:00etan, Lapurdi 1 eta Gipuzkoa Bi-ren artean. Orduan, Iparraldekoak nagusitu ziren 6-3ko emaitzaz.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!