50 ingude baino gehiago ikusgai Larraulgo ekomuseoan

Tolosaldeko Ataria 2015ko urr. 16a, 08:22

Urtarrila bitartean, hileko lehen igandetan ikusi daiteke, bestela hitzordua eskatuta 688 803 608 telefono zenbakian

50 ingude edo txingura bildu dituzte Larraulgo Ekomuseoan. Dina 7 taldeak kudeatzen du museo etnografikoa eta bertako kide den Koldo Jauregi herritarra aritu da batean eta bestean ingudeak biltzen: «batzuk baserrietan botata topatu ditut, beste batzuk erosi egin ditut, erregalatutakoak ere badaude tartean. Euskal Herrian bildutakoak dira guztiak eta urteak behar izan ditut hauek denak biltzeko».
Ingudea edo txingura. Bigarren deitura hori hartzen du garai bateko lanabesak Larraul eta inguruko herrietan. Tenplatutako gainazala duen metalezko bloke horren gainean, gai ezberdinak lantzen ziren. «zapatariek erabiltzen zuten, adibidez, oinetakoak konpontzeko; baina ojaleteroek ere erabiltzen zuten. Txapa, plomoa, latoia, kobreaeta urrea erabiltzen zuten lehengai bezala hainbat tresneri moldatzeko».

Tamaina guztietako ingudeak ikusi ahal izango dira urtarrila bitarte udaletxeko atzealdean kokatuta dagoen ekomuseoan. Badira, 50 gramotatik hasi eta 135 kilo artekoak ere. Tamainaz gain, forma ezberdinak dituzte ikusgai diren ingudeek. Jauregik azaldu duenez, «ura eramateko hodiak, adibidez, plomoarekin eskuz egiten zituzten; plantxa batean ekarri eta neurriaren arabera, hodiari forma emateko ingude bat edo bestea erabiltzen zuten».

Ingudeekin batera erabiltzen tresnen bilduma bat ere jaso dute Larraulgo ekomuseoan, «mailu bereziak ere jaso ditugu, 30 bat daude ikusgai, bakoitza gauza jakin baterako erabiltzen zena», azpimarratu du Jauregik.

Inaugurazio ekitaldi jendetsua

Urtarrilaren 6ra bitartean izango da ingudeei buruzko erakusketa zabalik Larraulgo ekomuseoan. Inaugurazio ekitaldian, bildutako lanabesen inguruko azalpenak ematearekin batera erakustaldiak egin zituzten txingura oinarri hartuta.

Erakusketa prestatzen ari zirela, ingudeek ateratzen zituzten soinuekin konturatuta, txalaparta gisa erabiltzea otu zitzaien Dina 7ko kideei. Jauregik dioenez, «proba ezberdinak egin genituen eta egurrarekin nahastuta, soinu polita ateratzen zutela konturatu ginen». Beste inon, inoiz ez da horrelakorik probatu. «Esperimentala izan da, baina gustura geratu gara emaitzarekin».

Airean, txalapartarako erabiltzen diren egurrekin nahastuta erabili zituzten ingudeak herriko bi lagunek. Pieza txiki bat eskaini zuten inaugurazio ekitaldia girotzeko.

Beste erakustaldi bat egiteko baliatu zuten hitzordua Larraulgo ekomuseoan. Ezaguna da 18 kiloko ingudearekin egiten den herri kirola. Burdinazko ingudea altuera jakin batera, ahalik eta aldi gehienetan altxatzean datzan jokoa. Ingude altxatzea deitzen zaio. Larraulen, ordea, ia galduta dagoen beste proba bat ekarri nahi izan zuten gogora. Jauregik azaldu du: «ingudeari jasoaldiak emateko kirola da, harriarekin egiten den gisan. Aurreko gizaldiko 20ko hamarkadan jende asko ibiltzen zen. Fama izugarria izan zuen eta apustu handiak egiten ziren. Garai hartako onenetakoak hemen ingurukoak ziren: asteasuarrak, larrauldarrak, aiarrak...».

Galduta dagoen herri kirola da, gaur egun, eta Josetxo Urrutia leitzarrak bakarrik egiten ditu erakustaldiak ingudearekin. 135 kiloko ingudeari, 11 jasoaldi eman zizkion 5 minutuko txandan.
«Garai batean lanerako egunero erabiltzen ziren tresnak dira, eta gero lanabes horiek beraiek erabiltzen zituzten aisialdirako, erakustaldi eta apustuak egiteko», dio Jauregik. Ohitura horiek gordetzeko ahalegina egiten dute Dina 7koek.

Larraulgo ekomuseoa zabalik izaten da hileko lehen igandeetan. Gainerakoan, 688 803 608 telefonora deituta eskatu daiteke hitzordua erakusketa ikusteko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!