Josetxo Urrutia: "Ia inor ez dabil ingudea jasotzen"

Tolosaldeko Ataria 2015ko urr. 15a, 12:11

Leitzarra da, baina Betelun bizi da Josetxo Urrutia. Harri jasotzen ibiltzen da baina ingudea ere badabilki. 18 kilokoarekin Euskadiko txapeldun geratu da aurten. Kilo handiagoko ingudeekin jasoaldiak egiten dituen kirolari bakanetakoa da. 135 kilokoari, Larraulen, 11 jasoaldi eman zizkion, 5 minututan.

Nolatan hasi zinen ingudeari jasoaldiak ematen?

Harri jasotzen hasi nintzen ni herri kirol munduan eta horren ondoren etorri zen ingudea. Behin plazan ingudea altxatzeko aukera izan eta gustatu egin zitzaidan. Jendearen artean ere estimazio handia du kirol honek.

Zein teknika eskatzen du ingudea altxatzeak?

Harriak bezala, ingudeak ere badu bere teknika. Manejua harrapatu behar zaio, puntu batean gainean jarri, hankan sartu, jiratu, kolpea eman... hasieran kosta egiten da baina segi eta segi azkenean lortzen duzu menderatzea. Ingudea altxatzeko txapelketan 18 kiloko ingudea erabiltzen dugu. Kasu honetan, karga dominatu dugula ikusarazteko bizkar gainera igo behar dugu ingudea, harriarekin egiten den bezala.

Ingude klase asko dago, ordea.

Bai, mila ingude mota daude. Nik etxean ditudanak hemen Larraulen jarritakoen diferenteak dira. 141 kilokoa erabiltzen dut eta errazago jasotzen dut, altuagoa eta estuagoa delako. Hemengoak baxuagoak eta zabalagoak direnez, altxatzeko era aldatzen da. Moldatzea kosta zait, eta handienari lehen jasoaldia ezin izan diot eman, baina azkenean gustura bukatu dut.

Berotu eta erakustaldia ere egin duzu...

135 kilo inguru zituen jarri didaten bigarren harria eta horrekin egin dut erakustaldia. Bost minutuko txandan 11 jasoaldi eman dizkiot. Ez da lan izugarria, baina txukun aritu naizela uste dut, ia inprobisatutako kontua izan dela kontuan hartuta. Azken astean lotu dugu guztia.

Zu bakarrik ibiltzen al zara ingudea jasotzen?

Tarteka ibili izan dira Izeta eta Joseba Ostolaza. Gaur egun, ia inor ez dabil, exklusiba nik dudala esan daiteke. Ni txikia nintzela entzutera daukat, lan handiak egiten zituztela pisu dobleko ingudeekin. Ni, gaur egun, ez nintzateke maila horretara iritsiko. Erakustaldi gisa, harriaren lagungarri bezala erabiltzen dut ingudea eta horregatik ez naiz hainbeste prestatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!