Tolosatik Anoetarako bidean du gimnasioa Tolosaldeko Arraun Klubak, N1 errepidearen ondoan, Donostia Hiribidean, hain zuzen ere. Bertan jarri du hitzordua Ramon Erostarbe (Pasai San Pedro, 1966) Tolosaldeko entrenatzaileak. Gimnasiora sartzean, lau arraunlari ahalegin betean ari dira ergometroan. Jo eta su. Iñaki Arratibel kirol-medikuarekin proba fisikoa egiten ari dira. Arraunlari bakoitzak talde bateko jantzia du soinean: Tolosaldea, Hernani, San Juan… Ohikoa omen da arraunean. «Hau da arraunlarientzat momenturik erabakigarriena, hemengo emaitzen arabera osatuko baitut hamahirukoa», azaldu du Erostarbek. Tantaka ari dira iristen gainerako taldekideak, ergometroan dauden arraunlariei hauspoa emanez, barrua hustu dezaten. Laster haien txanda izango da, launaka egiten ari baitira proba fisikoa.
Pabiloian egiten dute lehorreko lana, bai goreneko taldeak, baita harrobiko gainontzeko taldeek ere. Leku zabala da, eta gimnasioko lana egiteko material ugari izateaz gain, hainbat ergometro ere badituzte. Batel bat ere gordeta daude. Hiru bandera dituzte zorutik zintzilik: San Pedroko test estropadakoa, San Telmoko trainerilla estropadakoa, eta Kontxako Banderaren pareko bat. Hauxe jartzen du azkenekoan: «Kontxako Bandera 2024, Tolosaldeko Neskak Hoberenak dira». Gurasoek iaz oparitutakoa da. Pixkanaka entrenatzeko lekua atontzen ari dira, eta horren seinale da denboraldi honetan lortu dituzten banderak zintzilikatu dituztela. Ea ba denboraldi amaieran gimnasioak apaingarri gehiago dituen.
Arraunlarientzat hau da momenturik erabakigarriena?
Bai, momenturik garrantzitsuena da. Izan ere, gaur zer-nolako proba egin dutenaren arabera, osatuko dut trainerua. Iñakik [Arratibel] pasatuko dizkit datu guztiak, eta hor ikusiko dugu zein arraunlari dauden lehenengotik hamahirugarrenera, hamahirugarrenetik hamalaura, eta horrela hemeretzigarren arraunlarira arte. Beraientzat bada pixka bat gogorra.
Orain egiten dute proba, baina punturik gorena udan izango dute. Planifikazio horretan, esan dezakezu gutxi gorabehera noiz izango den punturik gorena?
Kontxako Banderan ziur egongo direla punturik gorenean. Eta gero, ligan asteburuz asteburu joango gara ikusten nola gauden, pixkanaka-pixkanaka joango gara, baina bai planifikatu dugula uztailean ondo hastea.
Taldearen bizkarrezurra mantendu duzue, eta beste zenbait arraunlari ekarri dituzue, etxekoak zein kanpokoak.
Bai, fitxaketa oso onak egin ditugu. Gainera, lau harrobikoak dira [Irati Larrañaga, Olatz Lopez eta Ainhoa Tolosa arraunlariak, eta Nerea Perez patroia], eta beste hiru kanpotik ekarri ditugu [Haizea Saez eta Ane Mendizabal arraunlariak, eta Nagore Osoro patroia]. Oso onak dira, baita oso jatorrak ere. Oso ondo moldatu dira taldera, eta alde horretatik oso pozik gaude. Etorri direnak eskarmentua emango diote taldeari, eta hori ezinbestekoa da. Gainera, eskarmentuak patxada eta heldutasuna ematen dizu, eta horrek eragina du trainerua zertxobait azkarrago joatean. Azkenean, traineruan irabazi duen jendea daramazu. Lau urte daramatzagu elkarrekin, nire laugarren denboraldia egingo dut, eta urtero-urtero gehiago nabaritzen da. Eta gauzarik onena izan da aurten lortu dugula iazko Kontxa jokatu zuten arraunlarien bizkarrezurrari eustea, eta gero etorri berri direnekin, uste dut maila asko igotzen dela; zer esanik ez eskarmentuarekin.
Iaz ere aipatzen zen, eskarmentu pixka bat falta zela bandera irabazteko.
Bai, eskarmentu pixka bat falta zitzaigun, patroiak ere oso gazteak ziren, eta hori traineru batean gehien nabaritzen dena da. Aurten bi patroi oso onak ditugu, biek Kontxak irabazi dituzte, eta hori entrenamenduetan asko nabaritzen da.
Gainera, Nerea Perezek ezezkoa esan zion Arraun Lagunaki.
Bai, hori argi dago. Berarekin hitz egin nuen. Aurrez ez nuen ezagutzen, eta oso neska jatorra iruditu zitzaidan. Azkenean hona etortzea erabaki du. Oso pozik nago, taldean ondo moldatzen ari da, harrobikoa da, eta Arraun Lagunakera joan ez izana, guretzat bada garrantzitsua. Esan nahi du gogotsu dagoela. Berriro bere herrira itzuli da, eta hori ezinbestekoa da. Harentzat oso polita da. Ea zorte ona dugun.
Aurten bi patroiak etorri berriak dira, eskarmentua dutenak. Ez dakit zaila izango ote den hori kudeatzea.
Niretzat ez da zaila izango. Entrenamenduetan egunero txandakatzen ditut; serieak egitea tokatzen denean, batek lehena egiten du, besteak bigarrena, eta horrela. Momentuz oso ondo doa, eta gero ikusiko da denboraldia hasten dugunean. Estropada garrantzitsuenetan onena dena aterako da, eta bestea ere aterako da, ziurrenik pixka bat gutxiago, baina aterako da.
Arraunketari dagokionez, etorri direnak ondo egokitu dira?
Bai, orain nahiko ondo ari dira, baina egia da zertxobait kostatu zaiela. Eta nik beti brometan esaten diedan bezala, orain hasi dira arraunean [barrez]. Azkenean urte asko dira beste klub batzuetan, eskarmentua duten arraunlariak dira, eta arraunketa aldatzea oso-oso zaila da. Hala ere, egia esan oso ondo moldatu dira, eta pixkanaka badoaz aurrera.
Gipuzkoako Txapelketa duzue datorren igandean, eta hurrengoan Euskadikoa. Nola ikusten duzu taldea?
Gogotsu ikusten dut taldea, ondo entrenatzen ari gara. Beti bezala ahalik ondoen egiten saiatuko gara. Txapeldunak Arraun Lagunakekoak dira, eta saiatu behar gara ahalik gertuen egoten. Eta irabazteko aukera badugu, askoz hobeto. Horrez gain, Orion izango denez Gipuzkoako Txapelketa, Orioko trainerua ere dena ematera aterako da, etxean irabazi nahiko baitute. Estropada polita izango da. Uste dut ez gu ez beraiek ez gaudela ehuneko ehunean, baina saiatuko gara dena ematen.
Jaitsieretan, adibidez, dagoeneko behin irabazi diezue donostiarrei, San Pedron izan zen.
Bai, eta niretzat berezia izan zen! Baina ez hori bakarrik, Hondarribian, adibidez, ehunenengatik ez genion Arraun Lagunaki irabazi. San Pedron estropada bikaina egin genuen, segundo dezente atera genizkien aurkariei. Dena ondo atera zen. Gipuzkoako Txapelketan estropada oso diferentea izango da, itsasoan baita. Baina ikusiko da.
Euskotren Ligara begira, aurten Bilbon ekingo diozue.
Bai, ez zait batere gustatzen. Bilbon sekulako aldeak daude, alde batetik edo bestetik joan, gehien asmatzen duena izaten da azkarrena. Estropada bat da… ez da ezin duzula ezer egin, baina niretzat ez da erreala. Alde batetik edo bestetik joan, ez dakigu zein den bide ona.
Iaz bezala hamasei jardunaldi jokatuko dituzue; baina azken urteotan ez bezala, Zarauzko Ikurrinarekin amaitu duzuela, aurten Getariako estropada izango da azkena. Nola ikusten duzu?
Liga iazkoa bezala izango da. Arraun Lagunak, Orio eta gu egongo gara lehian. Donostiarrak, berriz, beherakada izango du, arraunlari askok utzi baitute taldea, eta nabarituko dute. Ohorezko txandan hor egongo gara hirurak, eta gero laugarren ontzirako lehian traineru bat baino gehiago arituko dira: Hibaika, Hondarribia, ea Zumaia ere itsaso asko dagoenean… Ea nola moldatzen garen.
Bai Arraun Lagunakek, baita Oriok ere ez dute taldea askorik aldatu. Beharbada aldaketarik handiena Lugañene ontzian egon da, patroia aldatu baitute.
Bai, eta patroia oso garrantzitsua da. Horrez gain, titularrak ziren beste bi arraunlarik taldea utzi dute, eta uste dut hori nabarituko dela, batez ere itsasoko estropadetan. Nik iaz nabaritzen nuen bezala, nahi izan edo ez izan, edozein tripulaziotan, izan gizonezkoena edo emakumezkoena, patroiak izan dezakeen eragina handia da.
Liga borrokatzeko gai ikusten duzu taldea?
[Pausa bat egin du, irribarrea aurpegian duela]. Saiatuko gara, baina ez. Ez gara horretara joango, argi dut. San Pedroko jaitsieran bai ikusi genuela irabazteko gai ginela, baina hankak lurrean izan behar ditugu beti. Jaitsiera bat zen, nik proba batzuk egin nituen, eta pentsatzen dut beraiek ere berdina egingo zutela. Niri ondo atera zitzaidan, baina beharbada haiei ez hain ondo. Ligako estropadak oso bestelakoak izango dira, denak horretarako prestatzen ari gara. Teorian beraiek dira txapeldunak, iaz estropada guztiak irabazi zituzten bat izan ezik, eta argi dut aurten bandera bat irabazten badugu, eta etxera ekartzeko aukera badugu, asko izango dela gure aldetik. Haiengandik ahalik gertuen egoten saiatuko gara, eta haiekin batera borrokan egoten. Gero estropadaren bat irabazten dugula? Ederki. Iaz bigarren egin genuen, eta gure helburua aurten gutxienez bigarren egitea da, irabaztea oso zaila da. Gure laugarren urtean bigarren egiten badugu, uste dut lorpen handia dela.