Maider Eizmendik (Zizurkil, 1982) lehen pertsona plurala erabiltzen du ikertzaileez eta kazetariez mintzatzean. Lehen pausoak kazetaritzan eman zituen zizurkildarrak. 15 urte pasatxo egin zituen Gara egunkarian, sartu-irten bat tarteko. 2019an, baina, norabidez aldatzea erabaki zuen; orain EHUko fakultatean kazetaritzako irakaslea izateaz gain, ikertzailea ere bada. Azken alor horren harira, berriki azterlan honetan parte hartu du: Ikertzaileek komunikabideekin dituzten harremanetan izandako esperientziak. FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak eta EHUk joan den abenduan argitaratutako ikerketa horren arabera, azken bost urteetan galdekatutako zientzialarien erdiei eraso egin diete komunikabideetan zientziari buruzko informazioa zabaldu ostean. Ikerketa horren nondik norakoak aletu ditu Eizmendik.
Ikerketaren arabera, 121 ikertzailek adierazi dute eraso bat edo gehiago jasan dituztela azken bost urteetan. Ikerketan galdekatutakoen erdiak, alegia. Hasi aurretik, errezelo hori bazenuten?
Errezeloa bagenuen bai. FECYT fundazioak erakunde bat du, SMC (Science Medicine Center) izena duena. Azken horrek hainbat ikertzailerekin hitz egiten du, eta zientzia gaiak komunikabideetan atera behar direnean, gaiak gorabeheratsuak direnean, edo ezjakintasuna dagoenean, ebidentzia zientifikoaren ekarpena egiteaz arduratzen da. Beraiek bazekiten zientzialari batzuk arazoak izan zituztela. 2020an eta 2021ean beste bi ikerketa egin ziren, baina pandemiari oso lotuak. Pandemia garaian ikusi zen komunikabideetan agertu ziren ikertzaileek eraso asko jaso zituztela. Orduan, bazegoen susmoa datu esanguratsuak izan zitezkeela, baina ez genekien oso ondo ia pandemiari lotutako kontua zen edo beste gai batzuekin ere gauza bera gertatzen zen.
«Ikerketaren balio handiena da zientzialariek erasoak jasaten dituztela mahaigainean jartzea»
Egin dugun ikerketan ikusi duguna da pandemiari lotutako gaiak, adibidez, txertoa, interes handia sortzen dutela, eta horrekin batera, erasoak jasan dituztela gai horri buruz hitz egin zuten ikertzaileek. Baina konturatu ginen, beste gai batzuez hitz egiten zuten ikertzaileek ere jasan dituztela. Bi gai ziren kuantitatiboki esanguratsuenak, baina, halaber, gai horiek dira gehien lantzen direnak. Batetik, txertoa, pandemia eta abar; bestetik, klima aldaketa. Eta zergatik dira gai horiek ikertzaileek gehien lantzen dituztenak? Bada, erakunde horren helburua delako komunikabideetan aterako diren gaiak lantzea, eta gaur egun, komunikabideetan —telebistan, irratian edo egunkarian—, bi gai horiek aparteko leku bat dute. Egunkari batzuk osasun atal espezifiko bat dute, baita azpi-atal bat ere klima aldaketari buruz. Kontua da generoa lantzen duten ikertzaileek ere jasaten dituztela erasoak, eta hasiera batean polemikarik eragin beharko ez luketen beste gai batzuk jorratzen dituzten ikertzaileek ere jasaten dituzte. Alde horretatik, ikerketaren balio handiena da arazo hori mahaigainean jartzea. Kuantitatiboki esanguratsua dena, baina kualitatiboki ere jende oso desberdinari eragiten diona.
Uste ustelak eta albiste faltsuak ziztu bizian zabaltzen diren garaiotan, nahiko kezkagarria dirudi zientzia dibulgatzaileek irainak jasatea beren jakintza zabaltzeagatik.
Baietz esango nuke, baina, hala eta guztiz ere, zehaztapen batzuk egin behar dira. Esango nuke kezkagarria dela, batetik, zientzialariek asko ikertzen dutelako aurrekontu publikoarekin. Orduan, jaso egin behar dugu bueltan sortzen den ezagutza. Hori bultzatu egin behar da. Bestetik, ikerketa desberdinak daude esaten dutenak zientzia ezagutza batez ere eskolan edo hezkuntza arautuan jasotzen dugula, eta hortik aurrera, zientziari buruz dugun ezagutza komunikabideen bitartez jasotzen dugula. Beraz, komunikabideak baldin badira zientzia ezagutza zabaltzen duten bitarteko nagusiak, eta ikertzaileak bertan parte hartzen dutenak, azken horiek erasoak jasaten badituzte, hor arazo bat daukagu.
Iturri fidagarriak behar ditugu, komunikabideetan parte hartuko dutenak, azalduko digutenak munduan zer gertatzen ari den, baina oso modu soilean, ulertzeko moduan. Azkenean, gizarteari ere badagokio ezagutza zientifikoa izatea, horrek laguntzen baitu ulermenean, eta hain zabalduta dagoen desinformazio horren aurrean ikuspegi kritikoa izatean. Alde horretatik, uste dut kontuan hartu beharko litzatekeela zientzialari askok borondatez egiten dutela dibulgazio lana. Izan ere, haien ustez, hori ere beren lanaren parte da, eta horren aurrean, erasoak jasotzen badituzte, uste dut oro har gizartearen kalterako dela.
2024ko martxotik ekainera bitartean, hainbat ikertzaileri inkesta bat bidali zenieten azken bost urteetako erasoen inguruan galdetuz. Zer nabarmenduko zenuke?
Beraiek gehien nabarmentzen dutena da sare sozialen bitartez jasotzen dituzten erasoak. Batez ere X sare soziala aipatzen dute, hori delako ikertzaileek gehien erabiltzen dutena. Orain ikusi beharko da X sareak hartu duen bidea, eta aukera berriak sortuta, aztertu beharko da, ikerlariek zein bide hartzen duten. Oro har, jaso dituzten erasoak X sarearen bitartez izan dira. Baina zehaztapen bat egingo nuke. 11 eraso mota aztertu ditugu. Aukera bat da norbaitek X-n esatea ez duzula ondo egin, beste aukera bat da esatea ikerketa honen atzean beste interes batzuk daudela, eta beste bat heriotza mehatxuak edo eraso fisiko mehatxuak egitea. Gutxi dira, baina oso esanguratsuak, zientzialari askok dibulgatzeari uzten baitiote. Motaren arabera, jatorria ere desberdina da. Gehienak sare sozialen bitartez gertatzen badira ere, eraso gogorrenak aurrez aurre egiten direnak dira; maila pribatuan zein publikoan. Adibidez, bilera edo jardunaldi batean. Azken hori ikertzaileek asko nabarmentzen dute, eta horretan komunikabideei badagokie beren lekua hartzea. Esaterako, komunikabideetako iritzi ataletan agertzen diren iruzkinetan. Zientzialariek komunikabideei eskatzen diete halakoak zain ditzaten, erasoak saiheste aldera.
«Zientzialariek dibulgatzeari uzten badiote, zailtasun handiagoa dugu ezagutza gizarteratzeko»
Anonimotasuna ezabatzea, adibidez?
Bai, baina kontua da iruzkinak batez ere anonimotasunean oinarritzen direla.
Ez da harritzekoa X sare sozialean eraso gehien jasotzea, joera orokortua baita.
Guk aztertu dugu emakume eta gizon zientzialariek jasotzen dituzten erasoak, baina aztertuko bagenitu politikariak, edo kazetariak... Kazetariek ere erasoak jasotzen dituzte arlo guztietan. Gaur egun sare sozialak erasoak jasotzeko eremu potentzial indartsuak dira. Alde horretatik, X da nagusiena, orain arte gehien erabiltzen dena izan delako eztabaida horretan. Horrez gain, egia da zientzialariek gero eta gehiago erabiltzen dituztela komunikabide tradizionalak ez diren iturri batzuk: Youtube, podcastak... Neurri batean, jende gaztearengana iritsi nahi dutelako. Formatu berriak erabiltzen dira, ikusi delako beste jende batengana iristeko formatu egokiak direla.
«Gaur egun sare sozialak erasoak jasotzeko eremu potentzial indartsua dira. Alde horretatik, X da nagusiena»
Ikerlanaren arabera, zientzialariei egindako erasoen artean, irainak (% 30,38), gaitasun profesionalari buruzko iruzkinak (% 28,69) eta zuzentasun profesionalari buruzko iritziak dira ohikoenak (% 17,72).
Atentzioa eman digu zenbat jartzen den zalantzan gaitasun profesionala. Eta batez ere gaitasun profesionala zalantzan jartzen zaie emakumeei. Azken horrek ez gaitu hainbeste harritu, badaudelako beste ikerketa batzuk horren ingurukoak ere. Gizonen kasuan, berriz, zintzotasun profesionala da zalantzan jartzen dena. Eta zergatik jartzen da zalantzan emakumeen gaitasun profesionala? Zientzian oraindik ere zientzialarien irudikapen soziala gizonezko bat delako. Oraindik ere batzuetan emakumeek zientzian duten subjektutasuna zalantzan jartzen da. Emakumeen kasuan nabarmentzen dute haien gaitasun profesionala zalantzan jartzen dutela, eta horrek eragina du. Emakumeek ikerketa munduan ere, ikerketaren ibilbidean, gizonek baino gehiago sufritzen dute iruzurgilearen sindromea. Gizonen kasuan, gaitasun profesionala ez da zalantzan jartzen
—egozten zaizkien ezaugarriak bat egiten dutelako zientziarekin—, baizik eta zintzotasuna. Interesak dituztela egozten diete. Zalantzan jartzen dena da zergatik egin duen, zein interes dituen, edo interes batzuen alde lerratuta dagoen.
«Oraindik ere batzuetan emakumeek zientzian duten subjektutasuna zalantzan jartzen da»
Zientzia dibulgatzerako garaian, esperientzia negatiboak jasan dituztenen artean, % 15k esan dute utzi egin dutela zeregin hori.
Zientzia dibulgatzerakoan esperientzia negatiboak izan dituztenen artean, ehuneko handi batek ez du ezer esaten lantokian, eta % 15k ez dute jarraitu nahi zientzia dibulgatzen eta, beraz, utzi egiten dute zeregin hori. Zientzialari batzuk dibulgatzeari uzten baldin badiote, iturri bezala ez badute parte hartu nahi, zailtasun handiagoa dugu sortzen duten ezagutza hori gizarteratzeko, eta hori gure kalterako da. Erakundeek ere kontutan hartu beharko lukete. Komeni zaie ikerlariek duten ezagutza ahalik eta gehien gizarteratzea. Gainera, gero eta gehiago sustatzen den eginbeharra da. Askotan esaten da ikertzaileek ezagutza transmititu behar dutela. Kontua da orain arte hori ez dela akademikoki ezagutu. Orain arte izan da borondatez egin duzun kontu bat. Gero eta balio handiagoa eman nahi zaio, eta datu hauek erakusten dutena da: balioa eman nahi diozu dibulgazioari, baina horretaz gain, babestu egin behar duzu dibulgazioa, dibulgatzen duen jendea erasotzen dutelako. Datu hori izan da gehien kezkatu gaituena, %15 portzentaje esanguratsua delako.
Beldurra da oztopoetako bat?
Baliteke beldurra izatea edo esatea «esperientzia negatiboa hau bizitu dut, eta ezagutza badut hori beste modu batean zabaltzeko», edo «ez dut beharrik esposizio horretarako, eta irainen aurrean, utzi egingo dut». Beste kontu bat ere bada, zientzialariek hau pentsatzea: «Ez naiz ausartuko ezer dibulgatzera, nik ere irainak jasan ditzakedalako». Are gehiago, aitortuko dizut ikerketa honen bukaerara iritsi nintzenean, eta publiko egin behar duzun momentuan, niri ere beldurra sartu zait, kritikak jasotzeko beldurra gehienbat. Gainera, beste batzuk erasoak jasateak mezu bat zabaltzen dio datorrenari, bidea egiten ari den jendeari. Aztertu ditugun pertsonen artean, oro har, ibilbide akademiko luzea duten pertsonak dira. Pentsa, ibilbide akademiko laburragoa duen pertsona batek, hori ezagutzeak eduki dezakeen eragina.
Hala eta guztiz ere, eta ikerketa honekin zabaldu nahiko ez nukeen mezua da «kontuz ibili» mezua. Nire mezua da zaindu egin behar dela; baina, datuen artean ikusi dugu, komunikabideetan aritu diren ikertzaileek, oro har, esperientzia positibotzat baloratu dutela komunikabideekiko harremana. Hori ona da, eta deigarria, aldi berean. Orain arte beti pentsatu izan dugu edo ikerketa askok mahaigainean jarri dute, kazetarien eta ikertzaileen artean beti egon den talka bat edo ezin ulertu bat. Zientzialariak ohituta daude denbora luzez ikertzen aritzera, denbora izatera, lasaitasunera… Kazetariek, aldiz, azkartasunean egiten dute lan. Tempo desberdinak direnez, beti pentsatu dugu harremana ez dela ona izan. Eta orain ikusi dugu ikertzaileek baloratzen dutela komunikabideetan egiten duten lana, batez ere aukera ematen dietelako beren ikerketaren berri emateko, inpaktua handitzeko, eta gai batzuen inguruko beren ezagutza transmititzeko. Hori modu positiboan baloratzen dute, eta hori guretzat oso positiboa izan da.
Azkenean, batak bestearen beharra baitu.
Bai, eta kazetariok beti pentsatu dugu ikertzaileen beharra dugula errealitate batzuk azaltzeko, eta ikertzaileek kazetarien beharra izan dute, beren ikerketa zabaltzeko. Nire sentsazioa da behar hau geroz eta handiagoa dela garai honetan, non desinformazioa nagusitzen ari den. Kazetariek behar dituzte gero eta gehiago iturri kualifikatuak, ebidentzia zientifikoetan oinarritutakoak. Pandemian ikusi genuen. Ezinegon handia zegoen, eta kontu asko ezin genituen ulertu. Hor zientzialari asko agertu ziren lehen planoan, gertatzen ari zen hori gizarteak ulertaraz zezan. Ikertzaileek ere badute horretarako beharra. Askotan egiten dira ikerketak arloan lan egiten duten pertsonen artean zabaltzen direnak, baina gero kaxoi batean sartzen dira, eta jendeari ez zaio iristen. Ikertu behar da gizarteak gauzak uler ditzan, eta gizarte zientzietan aritzen garenok, bilatzen dugu gizarteak ulertaraztea gertatzen zaizkion gauzak, edo fenomeno desberdinak.
«Kazetariek ikertzaileen beharra dute, baita ikertzaileek kazetariena ere»
Kazetari eta ikertzaile gisa identifikatzen duzu zeure burua. Ibilbide profesionala, kazetaritzan hasi zenuen, ezta?
Bai, Kazetaritza ikasi nuen, eta ondoren Gizarte eta Kultur Antropologia. Hori amaitu ostean, Emakume eta Gizonen Berdintasun masterra egin nuen. Kazetaritzan denbora luzez trebatu nintzen, eta tartean, 2009an, sartu-irten bat egin nuen unibertsitatean. Murrizketa bat eskatu nuen, probatu nahi nuelako. Zortzi hilabetez Kazetaritzako fakultatean idazketako klase praktikoak ematen egon nintzen, baina bueltatu nintzenean, pentsatu nuen oraindik ez zela nire momentua. Egunkarira bueltatu nintzen, konturatu nintzelako oraindik asko nuela ikasteko. 2018an tesia egiten hasi nintzen, eta 2019an erabaki nuen kazetaritza uztea, unibertsitateko irakasle izateko.
Nola amaitu du Zizurkilgo batek Abadiñon?
Bukatu, bukatu, oraindik ez dakit seguru [barrez]. Bikotekidea hemengoa da, eta hona etorri ginen. Zizurkilen antzera, Abadiño ere herri txikia da. Alde horretatik, urruntasuna bada, baina herriaren tankeragatik aldaketa handirik ez da, erosoa da… Oraindik hemen giputxia naiz, bizkaierara belarria ez zait oso ondo egin, eta askotan klasea ematen ari naizenean ere, edo hemen norbait topatzen dudanean, hitzen bat edo beste ez dudanean ezagutzen, esaten diet «ez dakit, ni gipuzkoarra naiz», eta aurrekoan batek hauxe erantzun zidan: «Bai, bai, nabari zaizu!». Ez dakit hemen bukatuko ote dudan baina... Leioan ematen ditut klaseak eta hemen gertutasun handiagoa dut.
Aurrera begira, baduzu bestelako ikerketarik?
Erasoen ikerketarekin batera, beste ikerketa bat egin dugu. Komunikabideetan zientzia iturriak genero ikuspegitik aztertu ditugu, dauzkaten motibazioak eta zailtasunak. Hori datorren asteartean aurkeztuko dugu, otsailaren 11n ospatzen baita Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. Horren harira, zenbait ekimen antolatzen dira, eta egia da ez dela hainbeste urte izendatu zutela nazioarteko egun hori. Zientzian genero arrakala dago, eta horrek zailtasunak sortzen ditu. Alde horretatik, azken urteetan aurrerapen handia egin da; ez aurrerapena zenbakietan, —hori ere bai, gero eta emakume gehiago daude talde zientifikoen arduradun eta akademian ardura postuetan—, baina, batez ere, uste dut gehiago dela hitz egiten dela honetaz: zein zailtasun dauden, oraindik ere bide asko dagoela egiteko, eta emakume zientzialari askok bidean zailtasunak dituztela, ez bakarrik iristeko, baizik eta mantentzeko.
Askok etsi egiten dute. Ni ez naiz zientzialaria, nire arloa komunikazioarena da, ez da oso maskulinizatua dagoen arloa, baina zailtasunak ditugu, ikertzaileek bezala. Batzuek pentsatzen dute arazoa teknologia arloan dabiltzan emakumeak dituztela, beren arloan gutxi baitira. Baina beste arlo batzuetan emakume asko daude arazoak dituztenak ere. Ibilbidean aurrera egitea, ibilbidean gora joatea, ez da erraza. Nik beti pentsatu dut anbizioan. Anbizio profesionala, akademikoa, nolabait gizonezkoekin hobeto ezkontzen dela emakumezkoekin baino. Gizonak anbizioa baldin badute, zerbait oso positibotzat jotzen da, eta emakumeok, aldiz, anbizio akademiko edo profesionala izaten badugu, zalantzan jartzen da ea beste alorrak ez ote ditugun alde batera uzten, ea zergatik dugun anbizioa. Emakumeen kasuan anbizioa zentzu negatibo batean hartzen da, eta gizonezkoen kasuan ez.
Datorren asteartean kaleratuko duzuen ikerketaren aurrerapentxo bat al da?
[Barrez] Ezin ditut emaitzak aurreratu, hori nire hausnarketa da. Jende askok aipatzen du beirazko sabaia, baina bidean, sabai hori gaindituta ere, bidean geratzen dira emakume asko, ez dielako merezi. Ihesak dituen hodia esaten da.