«Azken palada, Tolosan» lerroburua polita zatekeen erreportajerako, baina horrekin ez daude ados Olatz Lopez (Tolosa, 1995), Nerea Perez (Tolosa, 1997) eta Irati Larrañaga (Tolosa, 1991), Tolosaldea traineruak datorren denboraldirako fitxatu dituen arraunlarietako hiru, alegia. «Hori esanez gero, txikituko gaituzte» adierazi du barre artean Lopezek, eta gaineratu «hain zaharrak» ez direla. Larrañagak, berriz, kazetariari esan dio izenburu hori «baztertzen» joateko.
Txantxak alde batera utzita, Lopezek nabarmendu du «beti» esan izan duela Tolosan amaitu nahi zuela: «Hala ere, ez dakit datorren urtean edo hurrengoan izango den, edo beste aukeraren bat edukiko dudan eta momentuan aldatzea erabakiko dudan. Oraintxe bertan ez zait iruditzen taldez aldatuko dudanik. Eta aurten utziko al dudan? Ba, auskalo, ez dakit». Perezek ere, Lopezen antzera pentsatzen duela esan du.
Larrañagak, aldiz, ez daki zer gertatuko den. «Arrauneko nire etapa ixtera etorri naiz Tolosaldeara. Hasierako asmoa da azken urte bat egitea Tolosan eta zikloa ixtea. Badezpada momentuz, entrenamendu eta estropada bakoitza azkena balitz bezala disfrutatuko dut. Gero zer gertatuko den oraintxe ezin dizut esan».
Hirurei urtero deitzen diete Tolosaldea klubetik taldera batzeko, eta aurten etxera itzultzeko erabakia hartu dute -klubak Nagore Osoro patroia (Ondarroa), eta Ane Mendizabal (Hondarribia) arraunlaria ere fitxatu ditu-. Lopez arraunlariak adierazi du «gustura» zaudenean talde batean, «zailagoa» dela hori uztea. Aurten, baina, bestelako egoera bat bizitu dute Donostiarran: «Taldean belaunaldi aldaketa bat egon da, eta beti eduki dut buruan Tolosara bueltatzea. Iruditzen zitzaidan aurten zela momentua taldez aldatzeko, eta deitu zidatenean ez nuen gehiegi pentsatu, argi bainuen Donostiarran ez nuela jarraituko».
Perez patroia Lopezekin batera aritu da Donostiarran, eta arrazoi horrez gain, beste aldagai bat ere bazuen kontuan hartzekoa, Arraun Lagunak taldeak ere deitu ziola: «Arraun Lagunak-etik deitu zidatenean, pentsatu nuen: 'Ea Olatzek zer egiten duen'. Eta entzun nuenean Irati berotuta zegoela etortzeko, esan nuen: 'Olatz eta Irati Tolosaldeara joaten badira, bi aldiz pentsatu gabe, ni ere bai».
Perezek azaldu du Ramon Erostarbe Tolosaldeko entrenatzailearekin geratu zela kafe bat hartzeko, eta berak jakinarazi ziola Arraun Lagunak taldetik deitu egingo ziotela. «Hori jakinda, bera konbentzitzen saiatu zen. Zalantza asko nituen, baina azkenean Iratik eta Olatzek eragin handia izan dute nire erabakian. Ramonek kontatu zidan zein zen bere asmoa, nola egiten duten lan... eta horrekin konbentzitu ninduen».
ARRAUNETIK, TRIATLOIRA
Larrañagaren kasua, aldiz, oso bestelakoa da, hiru urtez arraunean egin gabe egon baita. Azken hiru urteetan triatloiak egin ditu gehienbat. «Arrauna utzi eta lehenengo urtean pixka bat denetarik egin nuen: Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, Orioko mendi lasterketa, Donostiako emakumeen triatloia... Denetarik eta ezer ez. Saiatu nintzen arraunak uzten dizun hutsune handia nolabait betetzen. Nire bikotekideak triatloia egiten du, eta horrela hasi nintzen errepideko bizikletan. Azken bi urte hauetan triatloian aritu naiz. Getariako triatloi motza egin nahi nuen, eta hori egiteko azkenean Hondarribikoa, Mutrikukoa eta Lekeitiokoa egin nituen, ia denak [barrez]. Esprintak egiteko asmoa nuen, eta olinpikoak egiten amaitu dut. Aurten Zarauzko Triatloia egin dut. Zarautzen bizi naiz, eta triatloian hasten zarenean, arraunean Kontxa den bezala, triatloian Zarauzkoa da».
Lopezi eta Perezi bezala, Larrañagari urtero deitzen diote Tolosaldeara joateko. Aurten lehen aldiz, ordea, ez diote deitu: «Ramonek urtero deitzen dit. Baina justu aurten Nerearekin hitz egiten hasi nintzen, eta Nereak esan zion Ramoni itzultzeko asmoa nuela. Orduan deitu zidan, eta esan zidan: 'Irati urtero deitzen dizut eta beti ezetz esaten didazunez, aurten ez dizut deitu'. Horrelaxe izan zen [barrez]».
Larrañagari galdetuta ea zergatik erabaki duen hiru urteren ostean arraunaren olatura igotzea berriro ere, adierazi du, batetik, arrauneko etapa «itxi gabe» zuelako, eta bestetik, berriz, inoiz ez duelako arraun egin Tolosaldeko traineruan. «Nire arraun ibilbidea ez dut inoiz bukatutzat eman edo ez dut bukatu nahi nuen bezala. Arantzatxo hori nuen. Hiru urte pasa dira eta sentsazio berdinarekin jarraitzen dut. Ez nioke nire buruari barkatuko horrela utziko banu. Horrela bukatu arraunean hamahiru urte egin ondoren...». Larrañagak Tolosa, Getaria-Tolosa, Zumaia, San Juan eta Donostiarra taldeetan arraun egin du.
Arrauneko aroa itxi gabe duelako itzuliko da tostara, baina, baita ere, etxeko traineruan egin nahi duelako arraun; Larrañagak ez baitzuen aukera hori izan. Arraunean hasi zenean Tolosak ez zuen talderik. Eta ondoren, trainerua atera zutenean, Kontxarako bakarrik izan zen. Aurrerago, liga eratu zenenean, Getaria-Tolosa ontzia uretaratu zuten, baina Larrañagak esan du ez dela «berdina»: «2018an Tolosaldea trainerua atera zutenean, Nerea eta biok San Juanen geunden, gure ibilbidea eginda, eta banderak irabazten. Orduan pentsatu nuen zein polita izango zen neska horiek duten aukera guk gure garaian izango bagenu. Baina jada zure ibilbidea egin duzunean, eta hamar urteren ondoren fruituak jasotzen ari zarenean, uste nuen ez zela momentua berriz hasieratik hasteko».
«IRABAZTEKO ILUSIOA»
Astebete eskas besterik ez daramate gainerako taldekideekin entrenatzen. «Ez ditugu gehiegi ezagutzen», aitortu du Larrañagak: «Gehien motibatzen nauena da talde gaztea dela, ilusioz betetako talde bat, eta gosea duena. Irabazteko ilusio edo inozentzia horrek uste dut xarma bat baduela, eta urte polita izango dela. Taldeak inoiz ez du gorengo mailan banderarik irabazi. Eta gu hor egotea, prozesu honetan, bilakaera bat izaten ari direla, inork ez diela ezer oparitu eta egindako lanaren ondorioz urtez urtez pauso txikiak ematen ari direla... Oso gogotsu nago».
Aldi berean, Lopez arraunlariak adierazi du «pixkana goraka» joan den talde bat dela, eta «oso lan ona» egin dutela: «Beraiekin hitz eginda, iruditzen zait batzuetan ez dutela, ez dut esango beraien buruan konfiantza, baina uste dut besteok ikusten dugula gai direla zerbait gehiago emateko, eta bultzada bat behar dutela. Ez nuke esango eskarmentua denik, baina bai jendea esateko 'zuek gai zarate, eta ez zarete inor baino gutxiago'. Esaten zidaten haien burua gutxiesten zutela batzuetan, eta iruditzen zitzaiela beste taldeak ginela...», eta Larrañagak bukatu du esaldia: «Gu ez ginen ezer. Besteei begiratzean, txikiagotu egiten dira». Horrez gain, Larrañagak nabarmendu du «polita» dela taldeko denak etxekoak izatea: «Denak molde berdinetik datoz, baita gu ere. Etxe, arraunketa eta estilo berdinetik. Talde homogeneo bat da».
Denboraldi honetan Tolosaldeak salto bat egin du gora. Bigarren amaitu du Euskotren Ligan, Arraun Lagunak-en atzetik. Perez lemazainak azpimarratu du denboraldi honetan Tolosaldea izan dela traineru bakarra Arraun Lagunak-etik gertu ibili dena. Lopezek gehitu du Tolosaldeak «sekulako» lana egin duela azken urte hauetan, eta aurten «merezitako» postuan geratu direla: «Banderaren bat irabazteko segundo gutxian egon dira».
DATORRENEAN, BANDERA
Datorren denboraldiko aurreikuspenak egiteko oraindik oso goiz den arren, datorrenaz zer espero duten galdetuta, Larrañagak uste du Lugañene trainerua «antzeko» ibiliko dela, «bat-batean ez badira erlaxatzen, behintzat»: «Hobeto ez dakit, uste dut antzeko ariko direla. Tolosaldearen bilakaera ikusita, orain dela bi urte laugarren egin zutela, denboraldi honetan bigarren, eta Arraun Lagunak-ek irabazi ez duen estropada bakarra beraiek irabazi dutela, uste dut datorren denboraldian badela Tolosaldeak Euskotren Ligan lehen bandera irabazteko garaia ».
Larrañagak eta Perezek bandera eta garaipen garrantzitsu asko pilatu dituzte arraunean. San Juango urrezko aroan egon ziren patroia eta aurrekalaria. Larrañagak Zumaia eta San Juanekin bost liga eta lau Kontxako Bandera ditu irabazita. Perezek, berriz, Batelerak ontziaren txopan lau urtez jarraian Kontxako Bandera eta Euskotren Liga astindu zituen. «Hauek bai! Baina nik ez dut ez ligarik ez Kontxarik», esan du barre artean Lopezek. «Tolosaldearekin irabaziko banu, nire lehen Kontxa izango litzateke. Beraz, bai ala bai irabazi behar dugu!», esan die irmoki Lopezek beste bi taldekideei.
Horren harira, Larrañagak adierazi du bera ez dela etorri Tolosaldeara bere palmaresa hobetzera. «Badakit estropada hasten denean irabaztera joango naizela, inoiz ezer irabaziko ez banu bezala. Pertsonalki helburua da beraiei esku bat botatzea, Olatzek esan duen bezala, gure esperientziatik beraie bultzadatxo bat ematea, esanez, 'aizue, gure ondokoek irabazten duten bezala, guk ere irabaz dezakegu'». San Juanen aritutako arraunlariak nabarmendu du datorren denboraldian banderaren bat irabaziz gero, bere bizitzako lehen bandera balitz bezala ospatuko duela: «Berezia da hainbeste urteren ondoren etxera itzultzea, dena hasi zen lekura itzultzea».
URETARA JOATEKO IRRIKAZ
Urte luzez arraunean aritu dira, eta konfiantza handia dute elkarren artean. Perezek Larrañagaz nabarmendu du begiradarekin bakarrik ulertzen dutela elkar. «Irati brankan doanean helarazten didan konfiantza ez dit inork ematen. Begiratzearekin bakarrik badakit zer esan nahi diodan». Aldi berean, arraunlariak esan du Perezekin konfiantza eta konplizitate handia duela: «Aurrera begiratzen dudan momentuan zuzenean bera ikusten dut, eta bera niri begira dago. Konfiantza, segurtasuna eta konplizitate handia dago alde horretatik».
San Juanen ez ezik, Donostiarran ere taldekide izan ziren, Lopezekin batera. Perez eta Lopez batera hasi ziren arraunean bateletan. Patroiak arraunlariaz nabarmendu du azken urte hauetan Donostiarran pisua hartzen joan dela: «Olatz traineru barruan dagoenean, olaturen bat badago eta nik ezin badut hitz egin, badakit Olatzek hitza hartuko duela. Segurtasun handia ematen dit, eta hanketik doanean are gehiago». Lopezek patroiaz esan du ematen duela ez duela ezer egiten, baina dena egiten duela. «Ez dakit hori nola hartu», erantzun dio barre artean Perezek. «Beste patroi batzuk ikusten dituzu traineruan alde batera eta bestera mugitzen, eta Nerea airean doa», esan du Lopezek.
Arraunlariek denboraldia irailean amaitzen dute, eta azaroan jada martxa hartua dute. Deskantsatzeko asti askorik ez dute izaten, baina Lopezek adierazi du aurten «hasteko gogotsu» zegoela. «Ez dizut esango luze joan zaidanik, baina talde berri batean hasten garenez, gogotsu nengoen. Ea uretara noiz goazen». Itxaronaldia ere luze egin zaio Larrañagari. «Itzultzeko erabakia hartu nuenetik hasi nahi nuen. Ulertzen dut beraiek alferkeria izatea, oraintxe bukatu dute-eta. Irailetik azarora motz geratzen zaizu atsedenaldia. Oso motibatuta hasi naiz entrenatzen». Perez patroiak adierazi du hasieran gimnasioarekin eta «alferkeria handiagoa» izaten duela, baina jakinda jada uretara joango direla, «beste motibazio batekin» entrenatzen da.