Lehengo lepotik burua hasiko da Euskotren Liga, Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak Arraun Lagunakek irabazi baititu, iaz Euskotren Liga eta Kontxako Bandera astindu zituen taldeak, alegia. Gainerako traineruekin aurrez aurre indarrak neurtzeko azken estropadan, Euskadiko Txapelketan, joan den urtean Euskotren Liga amaitu zuten hurrenkeran geratu ziren: Lugañene lehena, Orio bigarren, Donostiarra hirugarren eta Tolosaldea bosgarren –Zumaia izan zen laugarrena–. Asteburu honetan ekingo diote ligari Galiziako uretan, eta dena berdin ote dagoen galdetuta, Orion, Donostiarran eta Arraun Lagunaken aritzen diren eskualdeko arraunlariak erantzun dute ezetz. Ohorezko txandan aulki dantza gehiago egotea aurreikusten dute.
Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Lizartzan bizi den Arraun Lagunakeko arraunlariak esan du oso-oso hasieran daudela, eta gauzak ez daudela batere berdin: «Gipuzkoakoa eta Euskadikoa ustekabekoa izan da. Badakigu lan ona eginda besteekin aurrean ibiliko garela. Aurreko lau ontzien maila goi-goian dago oraintxe bertan». Aldi berean, Maider Zumeta (Ibarra, 1998) Donostiarrako arraunlariak nabarmendu du ez duela uste «horrenbesteko diferentziarik» egongo denik. «Baldintzak, kale ona edo txarra, eguna ona duzun edo ez, larunbatetik igandera ondo deskantsatu duzun edo ez, bete-betean zauden edo ez... horrek asko baldintzatzen du. Edozer gerta daiteke, estropadan ehuneko ehuna eman behar duzu. Hanka-sartze batekin laugarren egin dezakezu».
Uribarrenaren eta Zumetaren antzera, Nagore Urdapilleta (Bidania-Goiatz, 2000) Orioko arraunlariak azpimarratu du elkarri ez dizkiotela gauzak erraz jarriko, ez bakarrik azken urteetan mailak gora egin duelako, baita urtero errekorren bat hausten dutelako ere. «Maila horretan egotea urte bat bai, eta bestea ere bai... horregatik gaude hemen».
Liga irabazteko faboritoa Arraun Lagunak ote den galdetuta, Uribarrenak segituan hartu du hitza, nolabait hautagai nagusiaren zama kendu nahian. «Iaz irabazi egin genuen, baina garrantzitsua da azpimarratzea guk bost bandera irabazi genituela, Oriok lau eta Donostiarrak hiru. Maila oso parekoa izan zen. Donostiarrak ezbeharra izan zuen pisuarekin [Orioko estropadatik kanpo geratu zen arauzko pisua traineruan ez eramateagatik], eta gu erregularrenak izan ginen. Zortea ere izan genuen, beste traineru batzuk tartean sartu zirelako. Denok sekulako lana egin genuen».
Uribarrenaren ustetan, faboritotzat jotzen dituzte bai iazko emaitzengatik, baita aurten ondo hasi direlako ere. «Lasai» daudela nabarmendu du, «oso kontziente» baitira lau traineruak oso maila altuan daudela. «Ehuneko ehunean baino pixka bat gehiago joan behar dugu, despistatzen dena laugarren postuan geratuko da, eta hor puntuak azkar eta erraz galtzen dira».
Tolosaldea, zer?
Ibartarrak ere uste du iaz Arraun Lagunakek irabazi zuela erregularrena izan zelako: «Bai Oriok, bai Tolosaldeak, bai guk, salto handiagoak egin genituen, eta hor huts egin genuen, erregularrak izaten». Bidaniarrak, berriz, esan du barrez espero duela aurten «kartak aldatzea». Oriok irabazi nahi duela nabarmendu du, beste guztiek bezala. «Gure aldetik dena eta gehiago jarriko dugu. Negua luzea da, ez ditugu alferrik entrenatzen sei egun, eta askotan atseden eguna atseden aktibo bihurtzen da. Errekorrak ontzen gabiltza azken urteetan, maila oso altua dago. Hiru taldeen helburua irabaztea da».
Tolosaldea banderen lehian ikusten ote duten galdetuta zalantza egin dute. Uribarrenak uste du banderen lehian egon nahi badute, oraingo momentua aprobetxatu behar dutela. «Ikusten da intentsitate puntu bat gehiago sartu diotela prestakuntzari. Ligaren hasieran gauza politak egin ditzakete. Gero nork jakin. Hasieran gauzak ondo ateratzen badira, konfiantza hartzen duzu, baina irailera arte indar horri eustea beste kontu bat da. Uste dut orain dela beraien momentua. Talde gaztea dute eta sendotzen ari dira gorengo mailan».
Iritzi bera du Urdapilletak ere. Talde bakoitzak bere momentua izango duela, eta hori baliatzen eta kudeatzen jakin behar dela, «bai ondo doanean, bai ez doanean hain ondo edo nahi bezala»: «Pixkana-pixkana gora doaz, azken urteetan salto handia egin dute, eta aurten neguan ondo aritu dira. Sinesten badute eta azken urteetan demostratu dutena demostratzen badute, hor egongo dira».
«Ping-pong» partida
Traineruen lehen lehia ofiziala Gipuzkoako Txapelketa izan zen, bertan neurtu zituzten indarrak aurrenekoz. Arraun Lagunak gailendu zen, Tolosaldea bigarren, Donostiarra hirugarren eta Orio laugarren. Emaitzaz harago, estropadan tentsio momentu bat egon zen. Izan ere, bigarren luzean Tolosaldea Arraun Lagunaken atzean jarri zen, Lugañene ontziko patroiaren arraun luzearekin ia talka egiteraino, bai eta alboan zuen Donostiarraren arraunekin ere. «Uste dut ez dudala ikusi traineru bat horren gertu nire aurpegitik bizitzan» hasi da esaten Arraun Lagunakeko arraunlaria. «Taldeko lemazainak esaten zigun lasai egoteko, aurretik gindoazela, eta disfrutatzeko. Baina nik esaten nion ez genuela lasaitasunik, begiratzeko atzera, gertu ikusten genuen Tolosaldea».
Irabazi arren, Uribarrenak adierazi du «sentsazio txarrarekin» geratu zirela, bueltako luzea «ping-pong» partida moduko bat izan zelako. «Akaso hor errespetu handiagoa izan nion itsasoari Euskadikoan baino. Ikusten duzu 200 kiloko traineru bat ia gainean duzula, abiadura bizian doala... Eskerrak olatua hartu genuen, bestela, ez dakit zer kontatuko nukeen».
Arraun Lagunak ez ezik, Donostiarra ere «ping-pong» partida horretan zegoen. «Haserre» amaitu zuten estropada Donostiarrako arraunlariek. Zumetak azaldu du Tolosaldearekin talka egin zutela, argi ikusten dela irudietan, baina epaileak ez zuela ezer ikusi. «Brankan marka bat genuen jo egin zigutelako. Ez da justua. Guri iaz bandera bi aldiz pentsatu gabe atera ziguten... Gipuzkoakoan droneak, eta bideoak zeuden, momentuan ikusi ez bazuten, ondoren ikusteko elkar jo ginen edo ez. Gure esku ez dagoen gauza bat da, eta amorrua ematen du».
Arrauna hautsita
Denboraldi honetan jokatu dituzten bi estropadek izan dute zer ikusia, Euskadikoa ere ez baitzen gutxiagorako izan. Etxetik ikusteko estropada ikusgarria izan zen, baldintza meteorologikoek eraginda. Kontxako badian, haizeak zakar jotzen zuen ipar mendebaldetik 30 kilometro orduko abiaduran, eta bi metro inguruko olatuak zeuden. Baldintza horietan, Uribarrenari arrauna hautsi zitzaion bigarren luzean. «Ziabogaren ondoren, patroiari lagundu nion lehen momentuan krak txiki bat entzun nuen, eta pentsatzen nuen libratuko nuela. Halako estropadetan hankeko arraunlariei arraun gutxi egitea, eta asko laguntzea tokatzen zaigu. Hurrengoan berriz patroiari laguntzen saiatu nintzenean arrauna guztiz puskatu zen».
Arraunik ezean, hankeko arraunlaria denez Uribarrena, arraunketaren keinua egiten jarraitu zuen, taldekideei lagundu nahian. «Frustazio handia da. Saiatu nintzen ahalik eta modu onenean arraun keinua egiten, taldeari laguntzen animoekin, beste askorik ezin bainuen egin. Gorputza mugitu. Taldekide batzuk ez ziren konturatu arrauna hautsi zenik ere».
Erlojupekoa izan zenez, behin helmugako baliza pasatuta, Arraun Lagunakeko arraunlariek ez zekiten irabazi zuten ala ez, patroiak Oriorekiko erreferentziak bakarrik eman baitzizkien. Donostiarrarenak eta Tolosaldearenak falta ziren. «Arrauna hautsita pentsatu nuen galdu egingo genuela, eta lemazainak esan zigunean irabazi genuela poza bikoitza izan zen».
Uribarrena, Urdapilleta eta Zumeta hankeko arraunlariak dira, eta horrelako estropada batean, arraun egitea baino gehiago, lemazainari laguntzea da zereginik garrantzitsuena. «Bueltako luzean 40 palada eman bagenituen nahikoak izan ziren», esan du barrez bidaniarrak. Estropada amaitu ondoren, inork minik hartu ez zuela jakinda, sentsazio onekin amaitu zuten jarduna. Bigarren geratu arren, Urdapilletaren ustez «oso txukun» ibili ziren: «Gauzak ondo eginez gero, badakigu oraindik urruti gaudela, baina gauzak ondo eginda gerturatzeko aukerak ditugu».
Arraun Lagunaken eta Orioren atzetik geratu zen Donostiarra. Aho zapore gazi-gozoarekin amaitu zuten. Zumetaren esanetan, ez zuten asmatu arraunketa hartzen, batez ere kanporaka: «Sentsazioa zen denbora guztian trainerua zerotik martxan jartzen ari ginela. Ez ginen oso gustura geratu. Lan pila dugu egiteko. Orain uda datorrela, uste dut hortxe ibiliko garela. Horrelako itsasoarekin, dauzkagun akatsak gehiago nabarmentzen dira, eta horiek zuzendu behar ditugu».
Orion aldaketa gehien
Iaztik multzoa gehien aldatu duen taldea Orio da. Arraun Lagunakek eta Donostiarrak, berriz, ia arraunlari multzo berbera dute. Urdapilletak azaldu du iaz 22 zeudela, eta bederatzi arraunlari joan direla. Talde «ona» dutela nabarmendu du bidaniarrak, eta neguan pieza guztiak batzen joan direla: «Neguko jaitsieretara eta bi txapelketetara batere aurreikuspenik gabe joan gara, eta gauzak nahiko ondo atera zaizkigu. Kontziente gara ez ditugula gauzak guztiz ondo egin, eta hobetzeko gauza asko daudela. Horri heldu behar diogu». Aldi berean, Orioko arraunlariak hausnartu du ez dutela hasi nahi ea «kale ona edo txarra» tokatu zaien, «gauzak ondo» egiten dituzten bitartean, eta «akatsak perfekzionatzen» dituzten heinean, iritsiko direla «iristen diren lekuraino».
Irabazteaz harago, denboraldiaz zer espero duten galdetuta, Urdapilletak segituan erantzun du «disfrutatzea», batez ere iaz urte gogorra izan zutelako: «Aurten hasieratik denon buruan dago disfrutatzea, emaitzaz harago. Eguneroko lanarekin lasai geratu nahi dugu. Horrek ez du esan nahi iaz ez geundenik lasai, baina beste sentsazio batzuk izan genituen. Beraz, aurten irabaztearekin batera, disfrutatu eta lasai egon nahi dugu».
Oriok ez ezik, Donostiarrak ere uda «gogorra» izan zuen. Zumetaren hitzetan, txapelketak «ondo» joan ziren, baina gero «luze» egin zitzaien uda, eta ez zuten askorik gozatu.
Uribarrena Arraun Lagunakeko arraunlariak adierazi du iaz Oriorekin gogoratu zirela: «2021ean dena irabaztetik gentozen, eta 2022an asko sufritu genuen. Entrenamenduetan onenak sentitzen ginen, baina estropadetan gauzak ez ziren ateratzen. Mamu pila bat etortzen zitzaizkigun burura. Taldea asko indartu zen urte gogor horren ondoren. Askotan esaten digute: «Aurten ez da berdina gertatuko 2021a eta gero, ezta?». Hori lantzen ari gara, gauzak lasai hartzen, eta disfrutatzen saiatzen.