Iazko Kontxako lehen jardunaldian kolpe bat eman zuen Tolosaldeak, handia gainera: denboraldi osoan lehen aldiz estropada bat irabazi zuen. «Uste dut ez genuela inork espero», esan du barrez Maialen Amondarain (Tolosa, 2005) Tolosaldeako patroiak. «Oraindik kontatzen digutenean, amets bat ematen du, egia esan. Gu kanpoan geunden, eta ikusten genuen oso aurrean zeudela… Gogoratzen naiz ia salto egin genuela Aquariumetik. 'Baina zer gertatu da?'. Lehenengo egin genuenean hasieran barreak eta emozioak ziren, eta gero bat-batean negarrez hasi nintzen». Pena, ordea, banderaren saririk ez zutelako izan. Patroiak kontatu du Ane Egues taldeko arraunlari batek beti txiste hau egiten zuela: «Estropadaren bat irabazten badugu, banderarik ez duena izango da». Garazi Sorozabal (Orexa, 2005) Tolosaldeako arraunlariak adierazi du banderarik ez egonda ere, ondo ospatu zutela.
Kontxako lehen igandeko aurreneko postuak hauspoa emango die datorren denboraldirako. Amondarainek uste du Kontxako aste horretan «gauza berri bat ikusi» zutela, eta horrek aurtengorako «esperantza handiagoa» ematen diela. Iaz ohorezko txandan aingura botata, laugarren egin zuten Euskotren Ligan, eta aurten multzoan ia ez dute aldaketarik izan. Izaro Lestayo patroiak, eta Uxue Zuriarrain, Eider Zubeldia eta Irati Salazar arraunlariek utzi dute taldea; eta haien ordez, Laiene Izagirre patroia eta Jone Pastor, Uxune Urkia eta Amal Birawi arraunlariak batu dira. Tolosarrak azaldu du arraunean nork bere arraunketa duela, eta denbora behar izaten dela «multzoa egiteko, ontzia ohitzeko, eta txukun joateko»: «Jende berria sartzea ondo dago, aldaketak izatea ondo baitago, baina bizkarrezurra mantentzea ondo dago, eta hori aurten lortu dugu».
«Txukun» entrenatzen ari direla nabarmendu du Amondarainek, «gustura»: «Azkenaldian nahiko entrenamendu onak egiten ari gara, eta uste dut horrek moralki asko eragiten duela. Uda datorrela-eta igartzen da». «Gogotsu» dago udararako Sorozabal, eta patroiaren bide beretik, adierazi du aurten «nahiko negu txukuna» egin dutela. «Inoiz baino konfiantza handiagoarekin gaude. Urte gehiago dira, esperientzia handiagoa... Iaz ikusi genuen gauzak ondo eginda, emaitzak lor genitzakeela, eta horrek konfiantza handia ematen digu aurtengorako».
Orain arte bi jaitsiera egin dituzte, bata Orion eta bestea San Pedron. «Nahiko estropada txukunak» egin dituztela esan du tolosarrak, eta nabarmendu Orion ontzi gaztea atera zutela, jubenil askorekin, eta «oso estropada txukuna» egin zutela. Aldi berean, San Pedron ere traineruak «oso estropada ona» egin zuen, hirugarren geratu ziren, aurkariengandik segundo gutxira. Beraz, ondo bidean doaz denboraldiari begira.
BANDERAREN BAT
Helburuez galdetuta, patroiak esan du lehenengoa ohorezko txandan egotea dela, «eta lehengo urtekoa hobetzea» gehitu du Sorozabalek. Ondoren, «banderaren bat» lortzen badute sekulakoa litzatekeela azpimarratu du patroiak: «Saiatuko gara banderaren bat ekartzen». «Lortu ez dakit, baina saiatu, saiatuko gara» gehitu du arraunlariak. Ramon Erostarbe prestatzaileak arraunlariei esaten die «sinetsi» egin behar dutela irabazteko gai direla ; bai uretan, bai eta fisikoan entrenamenduak gogotsu eginez gero, «fruituak etorriko direla». Aldi berean, Amondarainek nabarmendu du taldea «nahiko exijentea» dela bere buruarekiko.
Haien taldeaz ez ezik, aurkariez ere mintzatu dira. Orexako arraunlariak uste du iaz goian ibili ziren taldeak aurten ere «berdintsu» ibiliko direla. Arraun Lagunak «ondo» ibiliko dela esan du patroiak, «iazko multzoa mantendu baitu», eta Orio «inork ez dakiela nola ariko den», arraunlari askok utzi baitute taldea, baina «Orio Orio dela» nabarmendu du tolosarrak, eta «beti hor» dagoela. Orioren antzera, Galiziako bi traineruez ere Amondarainek aipatu du ikusi beharko dela nola dabiltzan. Lugañene Donostiako trainerua jotzen dute faborito.
Igande honetan jokatuko dute Gipuzkoako Txapelketa Hondarribian, lehen lehiaketa ofiziala izango da, eta datorren astean Euskadikoa, sailkatzea lortzen badute. «Gogotsu» daude hasteko, dio arraunlariak, negua «gogorra» egiten baita. Aurkariekin indarrak neurtzeko «gogoz» daude. Momentu honetan traineru gehientsuenak «nahiko paretsu» daudela adierazi dute bai Amondarainek bai Sorozabalek. «Oraintxe ez nuke jakingo esaten nork irabaziko duen Gipuzkoakoa. Egun horretan hobetoen asmatzen duenak irabaziko du, baina momentu honetan zaila da esatea». Helburua sailkatzea dela nabarmendu dute, baita irabaztea edo lehen hiruren artean geratzea ere.
«ERREFERENTEA, NESKENA»
Arraunak badu agian beste kirolek ez duten alde garratzago bat; taldeko kirol gehientsuenetan ez bezala, hasierako hamalaukoan ateratzen ez bazara, ez duzu aukerarik parte hartzeko. Amondarainek eta Sorozabalek iazko denboraldian ez zuten aukera askorik izan arraun egiteko. Jakitun dira oraindik oso gazteak direla, eta oso barneratuta dute hori. Orexako arraunlariak adierazi du «beste guztiek pasatu dutela beraiek orain pasatzen ari direna», eta ailegatuko dela ere haien unea.
Tolosarrak esan du kanpotik «askoz okerrago» pasatzen dela barrutik baino: «Barruan zu lana egiten ari zara, kontzentratuta zoaz; kanpoan, aldiz, laguntzeko gogoa duzu, baina ezin duzu ezer egin. Oso gaizki pasatzen da. Aurretik doazenean motibatu egiten zara; atzetik doazenean, berriz, lagundu nahi duzu baina ezin duzu». Sorozabalek gaineratu du ez dela jakiten taldekideek zein sentsazio izaten dituzten ontzian: «Agian oso atzean geratu dira, baina estropada txukuna egin dute, eta ez daude hain gaizki. Baina ikusten baduzu beraiek ez direla oso ondo aritu, uretara etortzen direnean zuk ez dakizu zer aurpegirekin ikusiko dituzun, eta zuk ez dituzu zure taldekideak gaizki ikusi nahi. Ez dakizu nola animatu ere».
Tolosaldeko harrobian behetik gorainoko bidea egin dute Sorozabalek eta Amondarainek, beste hainbat taldekideren antzera. Harrobia garrantzitsua da Tolosaldean, eta neska asko daude Tolosako Oria ibaian entrenatzen aritzen direnak. Hori neurri handi batean, Tolosaldeko gorengo traineruak izan duen arrakastagatik eta ikusgarritasunagatik da. «Traineru erreferentea neskena da, eta normala da, gu ikusten baikaituzte hor goian», adierazi du tolosarrak.
Kadeteetan trainerilla lehen aldiz aurten atera dutela azaldu du Amondarainek, eta «oso ondo» ibili direla. Haren ustetan, «agian mutil gutxiegi» daude. Horri erantzunez, Sorozabalek adierazi du barrez mutil bakarren batek izena ematen badu, kalterik ez dietela egingo. Amondarainen antzera, Orexako arraunlariak ere uste du bateletan lehiatzen jende asko izatea garrantzitsua dela, «indar handia ematen baitio harrobiari».