elkarrizketa

«Ez nuen pausoa emateko presarik, lasai harrapatu ninduen»

Laboral Kutxa talde amateurretik profesionaletara igo da Zubeldia, eta Euskaltelekin 2024-2025eko denboraldietarako kontratua sinatu du; ibartarrak oraindik ez du barneratu hurrengo denboraldian onenen alboan korrituko duela

«Kuadrillan famatu bat dugu», esaten dute orain Unai Zubeldiaren (Ibarra, 2003) lagunek. Ez alferrik. Orain dela hiru aste iragarri baitzuen Euskaltel Euskadik ibartarrak profesionaletara egingo zuela salto hurrengo denboraldian. Haren hitzetan, txirrindularitzan ohikoena da 23 urtez azpiko mailan lau denboraldi egitea. Ibartarrak bigarrena du Laboral Kutxan, eta hirugarrenean jada onenen alboan korrituko du.

Aurten emaitza ezin hobeak eskuratu ditu: garaipen handia lortu zuen Legazpiko Santikutz klasikoan, Lizarran eta Berriatuan ere gailendu zen, eta Gipuzkoako zein Euskadiko txapelduna izan da. Bereziena? Berriatuakoa. «Lehenengoa izan zelako, eta gainera taldekide batekin eta lagun batekin eskutik joan nintzelako». Irribarrea nabari zaio aurpegian Zubeldiari, eta umiltasunez erantzun du.

Nola harrapatu zintuen albisteak?

Denboraldia ondo zihoan, eta bagenekien aukera bat zela. Baina esaten dizutenean beti dago shock momentu hori. Lasai harrapatu ninduen, ez delako asko kezkatzen nauen zerbait; ez nuen presarik pausoa emateko.

Zer esan dizute lagunek eta familiakoek?

Kuadrillan famatu bat dugula orain [barreak]. Orokorrean asko poztu dira denak. Esan didate merezi dudan zerbait dela. Denek oso ondo hartu dute.

Jendeak gelditzen al zaitu Ibarratik?

Jende askok horren berri izan du, eta kaletik animoak ematen dizkidate. Baina gauza handirik ezta ere.

Espero zenuen hain azkar ematea saltoa? Txirrindularitzan 20 urterekin ez da oso ohikoa.

Bai, ohikoena da 23 urtez azpiko mailan lau denboraldi egitea. Kasu honetan nire bigarrena da. Txirrindularitzaren mundua aldatzen ari da; geroz eta txirrindulari gazteagoak prestatuago datoz, eta zentzu horretan bai azkartu dela prozesua.

Amets bat bete zenuela esan zenuen. Ez dago askoren eskuetan hori.

Jende gutxik du zortea gustatzen zaion horretan lan egiteko. Sekulako ilusioa sentitzen duzu, eta gogobetetzen zaitu; egin duzun lan guztiaren emaitza ikusten duzulako.

Lortu dituzun garaipenenetatik zein izan da bereziena? Agian Berriatuakoa Mintegirekin batera sartu zinena?

Bai, galdetzen didatenean beti aipatzen dut Berriatuakoa. Lehenengoa izan zelako, eta gainera taldekide batekin eta lagun batekin eskutik joan nintzelako. Oso berezia izan zen. Bestalde, Santikutz Klasikoa ere berezia da duen prestigioarengatik.

Aurten koska bat igo duzu lasterketak irabazita. Baina azken urteetan ereindako fruituaren saria da, ezta?

Bai, urtez urte ari naiz saiatzen pausotxo hori hobetzen. Gazte mailako bigarren urtean emaitza onak lortu nituen. Egia da ere iaz ez zela urte erraza izan. Maila berrira moldatzea beti kostatzen baita. Aurten beste pausotxo bat eman dut eta emaitzak iristen ari dira.

Nola definituko zenuke zeure burua txirrindulari moduan?

Esango nuke nahiko konpletoa naizela. Eremu guztietan moldatzen naiz. Haundia naiz, indartsua, baina maldak pasatzeko ere gai naiz.

Mikel Gaztañaga Euskaltel Euskadiko kirol zuzendariak hau esan zuen: «ondo moldatzen zen igotzen eta ordekan min egiten zuen. Indarra du, ausarta da, dena ematen du eta erasokorra da».

Bai, beti saiatzen naiz lasterketetan aurpegia ematen: izan ausaz jokatuta urrutitik eraso eginda edo taldekideen mesedetan. Horrela gustatzen zait korritzea, eta esango nuke hori dela nire estiloa.

Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan hasi zinen pedalei eragiten. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?

Oso oroitzapen onak ditut. Lagun talde oso polita osatu genuen. Kimuen mailatik egon naiz han, urte asko izan dira.

Harrobiak garrantzia du. Aiztondoko Klasika bertan behera geratu zen. Beasaingo kadete mailako eta Eibarko gazte mailako lasterketen ostean ere. Nola hartu zenituzten albiste horiek?

Sekulako pena izan zen. Ez hainbeste kirol alorretik bertan behera geratu zelako, baizik eta ikusteagatik nolabait gure oinarrizko txirrindularitza zaurituta zegoela. Momentuan dezente kezkatu ginen. Ematen du pixkana ari dela konpontzen. Gipuzkoako Federazioa lan oso ona egiten ari da.

Txanponaren beste aldea da Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatuko dela [elkarrizketa Tourra hasi baino lehen egin zitzaion]. Zer hausnarketa egiten duzu?

Egia da askotan horrelako oihartzun handia duten ekitaldietarako dirua badagoela, baina oinarrizko txirrindularitza lantzeko beti kostatzen da sosak ateratzea. Zentzu horretan, uste dut badela posible modu berdintsuan banatzea baliabideak.

Tolosaldeako zenbait herritatik pasako da Tourra. Ikustera joango zara?

Posible bada laguntzen saiatuko naiz, bidegurutze batean egonda edo. Azkenean bai dela berezia txirrindulari horiek hain gertu ikustea, eta ilusioarekin biziko dut.

Hurrengo urtean zure ondoan egongo dira.

Bai, baina nik oraindik hori ez dut asko barneratu, eta oraindik zale moduan ikusten ditut.

Txirrindulari erreferenteak izango zenituen. Euskaltel Euskadikoak izan al dira?

Bai, gogoratzen naiz txikia nintzenean egunkaria irakurri edo telebista ikusten nuenean Euskaltelekoak ikusten nituela: Samu Sanchez, Igor Anton, Mikel Nieve… Niretzako erreferenteak izan dira.

Zer egutegi izango duzu aurrerantzean?

Euskal Herrian Lehendakari txapelketa dugu, eta gero gustatuko litzaidake Espainia mailan itzuliren bat korritzea. Printzipioz uztailaren bukaeran helburutzat dugu Madrilgo Itzulia.

Ikasten ere ari zara. Nola uztartzen dituzu biak?

Ahal den bezala. Kurtsoan zehar eta batez ere neguan nahiko gogorra da. Azkenean ezin zara egun guztian egon entrenamenduetan bete-betean sartuta. Nahiko estresagarria da. Bilbon bizi naiz ikasleen pisu batean, eta ez da hain erraza uztartzea, baina ondo planifikatuta gutxi gorabehera ahal zara bietara ondo iritsi.

'Ataria'-n egindako elkarrizketan esan zenuen aurtengo helburua hazten jarraitzeaz gain, Euskal Herriko lasterketak irabaztea zela. Hori beteta, zein da hurrengo pausoa?

Denboraldi honetan gustatuko litzaidake taldekideei laguntzea, haiek ere garaipena lortzeko. Hori oso polita da eta barrutik asko betetzen zaitu. Maila pertsonalean Euskal Herritik kanpora lasterketaren bat irabaztea ere ondo legoke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!