Erreportajea

«Irabazteak ez dakar zertan gozamena»

Euskotren liga irabazteko borrokan izango dira Ohiane Iraola Orioko arraunlaria, Ane Sanchez Arraun Lagunakekoa eta Nerea Perez Donostiarrako patroia.

«Irabazteak ez dakar zertan gozamena», horretan bat egin dute zalantzarik gabe Ohiane Iraola (Tolosa, 1992) Orioko arraunlariak, Ane Sanchez (Anoeta, 1998) Arraun Lagunakekoak eta Nerea Perez (Tolosa, 1997) Donostiarrako patroiak. Hirurek dakite zer den Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabaztea: Iraolak Oriorekin hiru aldiz irabazi zituen biak urte berean —2019, 2020, 2022—; Sanchezek Arraun Lagunakekin 2021ean; eta Perezek bost aldiz jarraian irabazi zituen San Juanen egon zenean, 2014tik 2018ra.

Anoetarrak orain dela bi urte liga eta Kontxa irabazi zituen arren, denboraldi ‹‹gazi-gozoa›› izan zela nabarmendu du: «Pertsonalki momentu garratza pasatzen ari nintzen, eta beste urte batzuetan nahiz eta ezer ez irabazi, askoz gehiago disfrutatu dut. Helburua Kontxa eta Liga irabaztea zen, baina gero askoz faktore gehiago daude kanpotik eragin handia dutenak disfrutatzean: taldea nola dagoen, zu nola zauden… urteak pasatu ahala, denak aldatzen goaz».

Bide beretik, Iraolak adierazi du 2019an dena irabazi zutela Oriorekin, eta ez daki zer zen, baina ez zion utzi «disfrutatzen»: «Lehen denboraldia izan zen dena irabazi genuela, berria zen sentsazio hori, eta ez dakit kontzentrazioa ote zen, baina ez nuen gozatu. Denboraldia bukatu genuenean jabetu nintzen egindakoaz, baina momentuan ez nekien nola disfrutatu».

Perezek ere, San Juanekin egondako azken urtean, 2018an, nahiz eta liga eta Kontxa irabazi, ez zuen «disfrutatu», klubeko zuzendaritzarekin izan zituzten «arazoengatik». Gero, Hondarribiara joan zen, «ilusio berriekin»: «Hor bai gozatu nuela, ezer ez irabazi arren».

Hiruren ibilbidea arraunean

Iraolak hamahirugarren denboraldia egingo du Euskotren ligan, eta guztietan Orion aritu da. Nagore Urdapilleta Bidania-Goiazko arraunlariak ere han egiten du arraun. Tolosarra «errespetu osoz» iritsi zen Oriora, «oso desberdina» delako nola bizi duten arrauna Tolosan ala Orion: «Hasieran pentsatzen nuen: 'Nora etorri naiz? Nik ia ez dakidala arraunean eta hemen denek dakite dena…'». Orain, ordea, «bertako bat bezala» sentitzen da.

«Gutxi ibiltzen naiz Orioko kaleetatik, baina handik nabilenean ia denek ezagutzen zaituzte. Nesken traineruan ere eboluzio bat egon da. Taldea hobetzen joan den heinean, herria ere gehiago gerturatu da guregana eta uste dut Orion mutilen pare gaudela zentzu horretan», azpimarratu du Orioko arraunlariak.

Hainbeste denboraldi arraunean egitean, Iraolari galdetuta ea ilusio berdinarekin heltzen dion bakoitzari, esan du orain «zaila» egiten zaiola uztea, ikusten duenean noraino iritsi diren: «Hasieran ahal genuena egiten genuen, eta urteekin pausoak ematen joan gara. Ikusita zenbat lan egin dugun, pena pixka bat ere ematen du uzteak. Urtez urte ilusio handiagoa dut, ikusten duzulako hobetzen zoazela».

Iraola ez bezala, Sanchez eta Perez zenbait herritako traineruetan egon dira. Anoetarra, Tolosaldean, Hernanin eta Arraun Lagunaken egon da. Donostiako traineruan egin ditu azken hiru urteak, eta oraingoa laugarrena du. Xubane Arantza Uribarrena Lizartzan bizi den arraunlaria ere Arraun Lagunaken dago.

Perez, berriz, Zarautzen, San Juanen, Hondarribian eta Donostiarran egon da. Donostiako traineruan hirugarren urtea osatuko du aurten, eta Maider Zumeta ibartarrarekin eta Olatz Lopez tolosarrarekin batera dago taldean.

Txanda batetik besterako aldea

Aurten Euskotren ligak berritasun bat izango du: lau traineru beharrean zortzi lehiatuko direla. Horrek zer eragin izango duen galdetuta, bereziki haiengan, gorengo postuetan egongo diren ontziak direla jakitun, hirurek bat egin dute esanez bi txanda egoteak, asko aldatu ditzakeela txanda batetik besterako aldeak eta horrek, eragina izan dezakeela ligako sailkapen orokorrean.

«Lau traineru geundenean, azken hiru estropadetan azkenengo postuan geratu arren, liga gutxi gorabehera irabazita zenuen, aurretik gauzak ondo egiten bazenituen. Orain, uste dut diferentzia asko egongo dela txanda batetik bestera. Alegia, lehen ontzitik bosgarrenera alde handia egongo dela», azaldu du Donostiarrako patroiak.

Baldintza meteorologikoak

Aldi berean, Arraun Lagunakeko arraunlariak gehitu du txanda batetik besterako baldintza meteorologikoak «asko aldatu» daitezkeela: «Baldintza meteorologikoen eraginez bigarren txandako norbait gorengo postuetan sartzen bada, kalte handia egin diezaioke goiko talde bati, eta agian, sailkapeneko postuak ez dira benetan horrela». Hala eta guztiz ere, Sanchezek adierazi du emakumezkoen arraunarentzako «positiboa» izango dela aldaketa, «gehiago ikusiko delako, eta aukera zabaltzen duelako emakume gehiagok lehen mailan arraun egin dezaten».

Lau ontzitik, zortzira

Sanchez eta Perezek aipatu dutenarekin ados dagoela esan du Orioko arraunlariak, eta beste ertz batetik heldu dio gaiari. «Arraun ikuspuntutik aparte, aurrerapauso bat da zortzi ontzi egotea, baina horri ere kontrako aldea ikusten diot. Ziurrenik baten bat haserretu egingo da esango dudanarekin, baina pentsatzen dut jasotzen ari garen honekin, lau ontzitik zortzi izatera pasatzearenarekin, ez garela konformatu behar eta gure aldetik ere zerbait eman behar dugula. Guk ere jarraitu behar dugu nesken arrauna lantzen, geroz eta hobea izaten jarraitzeko», hausnartu du Iraolak.

Bestalde, Sanchez eta Iraola arraunlariek, kritikatu egin dute Galiziatik bai ala bai bi traineru egon behar izatea Euskotren ligan, Euskal Herriko gainerako ontziak ez bezala, ez dutelako kanporaketarik jokatu gorengo ligara igotzeko. «Onenek egon beharko lukete Euskotren ligan. Niretzako da lanak ondo ez egitearen ondorio bat. Garai batean beraiek [galiziarrek] egiten zutena zen hango onenak elkartu eta selekzio moduko bat hona ekarri. Han ez zegoen harrobiko lana traineruen ikuspegitik eta orain atzeratuta geratu dira hemengoekin konparatuta. Orain hemengo talde batzuk maila hobeago batean daude eta aukera gabe geratu dira», aztertu du zorroztasunez Orioko arraunlariak.

Hirurak eskualdekoak badira ere, Sanchezek bakarrik egin du arraun Tolosaldeko traineruan. «14 urterekin hasi nintzen kadeteetan Tolosako bateletan. Gero, gazte mailan Hernanik trainerua atera nahi zuen eta ez zituenez nahikoa neska ontzi bat ateratzeko, Tolosarekin hitz egin zuten eta batzuk hara joan ginen hiru urtez». Izan ere, Tolosan 2013tik 2017ra ez zen trainerurik izan.

Anoetarrak adierazi du orduan beti hitz egiten zutela noiz aterako ote zuten Tolosaldeko trainerua, eta azkenean, Jose Luis Perez Coteli-rekin osatu zuten, Perezen aitarekin: «2 urtez [2018-2019] egon nintzen Tolosan. Ilusio handiarekin osatu genuen ontzia, denak bateletan elkarrekin ibiltzen ginelako, eta lagunekin traineru bat ateratzea izan zelako. Oso gazteak ginen, askorentzako traineruan aritzen ziren lehen urtea zen, eta nik lehen mailan egon nahi nuen, Euskotren ligan, alegia. Orduan, Arrraun Lagunak taldera joateko aukera sortu zitzaidan eta hara joan nintzen».

Iraola eta Perez, adinez helduagoak izanagatik ere, ez dute arraun egin Tolosaldeko traineruan. 2013an Zarautzen zegoen Donostiarrako patroia, eta 15 urterekin, ez zuen «ezta imajinatzen ere» trainerua egitea. Hortik, San Juanera joan zen, eta 2018an Tolosaldeak ontzia atera zuenean, deitu bazioten ere, ez zen joan: «Talde batean zaudela eta multzoa egiten duzunean, gero oso zaila da hori utzi eta berriz ere Tolosara itzultzea» Hala ere, 2017. urtean batelak egin zituen Tolosan, Sanchezekin batera.

Iraola 13-14 urterekin hasi zen arraunean, bere lagun batengatik. Txapelketa garaiak iristen zirenean arraun egiten zuen bateletan. «17-18 urte nituela, Oriotik deitu zuten neska bat behar zutela batela ateratzeko. Orduan, niri galdetu zidaten ea hara joan nahi nuen, eta ez dakidanez ezetz esaten, han bukatu nuen. Eta han geratu naiz».

Tolosaldearen igoera

Eskualdekoak izanagatik, hirurei galdetuta nola bizi izan zuten orain dela bi urte Tolosaldea traineruaren igoera Euskotren ligara, azpimarratu dute «ilusioa» egin ziela. Batez ere, igo baino aurreko denboraldian, kanporaketetan haiek «merezi izan» zutelako igotzea. «Kanporaketetan ez zuten lortu igotzea momentuko tentsioagatik, eta normalean baino ilusio gehiago egin zidan, ikusita zer pasatu behar izan zuten sasoi horretan», esan du Iraolak.

Bide beretik, Sanchezek gaineratu du «berez, urtebete lehenago egon beharko luketela Euskotren ligan». «Gaztetasun eta esperientzia falta horrek egin zien ETEn beste urte bat pasatzea. Azkenean nirekin arraunean ibilitako jende pila zegoen, lagunak nituen hor, beraz, haiengandik pozik nengoen». Perezi, berriz, «ilusioa» egin zion, baina bera Hondarribian egon zenez bi urtez, eta haiek izan zirenez Tolosaren ordez jaitsi zirenak mailaz, «bihotza erdibituta» izan zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!