Polita dago zerua San Pedroko badian (Pasaia), egun euritsua aurreikusita zegoen, baina eguzkia atera da. Tolosaldea Arraun Klubeko arraunlariak pixkana iristen ari dira San Pedroko arraun klubera; batzuk furgonetaz eta beste batzuk beren kotxeetan, talde giro ona sumatzen da. Ramon Erostarbe (San Pedro, Pasaia, 1966) entrenatzailea jada hor dago, arraunlariei esan die aldatzeko eta uretara sartu baino lehen korrikaldi bat egiteko, gorputza berotze aldera. «Beti egiten dugu uretara sartu baino lehen», esan du Uxue Zuriarrainek (Amezketa, 2001). Oraingo honetan, ordea, libratu egin da korri egitetik, baina ez elkarrizketatik: «Azkenean nik hitz egingo dut», dio barrez.
Bederatzigarren denboraldia du Zuriarrainek Tolosaldeko gorengo ontzian, eta badaki zer den «sufritzea» behetik goraino iristeko: «Hasi ginen urtean Tolosan ez zegoen trainerurik. Gu izan ginen Tolosaldea ontzian lehenengoak eta ez genekien zer zen traineru bat, ezta ere zenbat sufritu behar den goi mailan egoteko».
Amezketarra klubaren hastapenetatik sartu zen arraunera, Maialen Amondarain patroia, ordea, (Tolosa, 2005) geroxeago batu zen. Tolosarrak hasieran arraunlaria izan nahi zuen, baina «txikia» zenez, patroi jarri zuten eta halaxe jarraitu du orain arte. Alde onak eta txarrak ditu lemazain izateak, Amondarainen ustetan: «Irabazten duzunean lehenengo ikusten dena patroia da, eta bera da bandera astintzen duena, baina galtzen duzunean ere patroia da begiradapean dagoena. Psikologikoki ere ez da erraza: presio handiagoa duzu, eta arraunlariei lasaitasuna transmititu behar diezu».
Pasa den denboraldia izan zen harentzat lehena Tolosaldea ontziko popan. Gainera, Amondarainen debutak bat egin zuen eskualdeko traineruaren estreinako aldiarekin Euskotren ligan. Hasieran «urduri» egoten zela aitortu du, «maila altua zelako baino gehiago, trainerua gidatze hutsagatik».
Sasoia nola joan zen galdetuta, Zuriarrainek nabarmendu du «alde handia» dagoela ETE ligatik Euskotrenera: «Ez du zerikusirik. Euskotrenen taldeek beste maila bat dute, gogorragoa da bai psikologikoki bai entrenamendu aldetik. Maila bat eman behar izateko sufritu egin behar da, eta sufritu gabe goi mailan ez dago zereginik».
Laugarren postuan amaitu zutenez denboraldia —azkenengoan, lau traineru baitzeuden—, kanporaketak jokatu behar izan zituzten ETEko hirugarrenaren aurka, eta mailari eustea lortu zuten. Erostarberen hitzetan «urte polita» izan zen —bere lehen denboraldia izan zen taldeko lehen entrenatzaile moduan, Oriora joan zen Patxi Francesen lekua hartuta—; lehen estropadetan «esperientzia falta garesti ordaindu» zuten arren, talde gaztea zelako eta Euskotren ligan estreinakoa zelako: «Hirugarren eta laugarren postuan geratzeko borrokan egon ginen. Pixkana mailari tamaina hartu genion eta gure maila ematea lortu genuen, hori asko nabaritu zen Kontxan».
HARROBIA HELDULEKU
Horrez gain, entrenatzaileak azpimarratu du gainerako taldeekin alderatuta, beraiek traineruan «aldaketa guztiak» egiten zituztela, eta horren inguruan hausnarketa hau egin du: «Bi ahoko ezpata da: Tolosaldea harrobiko kluba da eta etorkizunerako lan egiten dugu. Taldean dauden neska guztiei aukera ematen diezu lehiatzeko, baina gero egun batetik bestera zazpik uzten dute. Aurten ere harrobitik tira behar izan dugu eta hori dilema bat da. Baina gero ez badituzu harrobikoak traineruan sartzen, egunero entrenatzen dutenean, datorren urtean berdina gertatuko da. Orduan, zerk balio du gehiago, estropadak irabazteak edo Euskotren ligan talde bat izateak, giro ona izanda?».
Erostarbe patroi izandakoa da San Pedron, Ilunben, Arraunen eta Zumaian, eta bere azalean bizitu du zer den egunero entrenatzea eta gero estropadetan ez aritzea edo entrenamenduetan ergometroa egitea. Psikologikoki arraunlarientzat «oso gogorra» dela dio.
Tolosaldeko Arraun Klubak harrobia du helduleku eta Zuriarrainek uste du «oso garrantzitsua» dela bertakoak «zaintzea»: «Traineruak jarraipen bat izateko garrantzitsua da gazteak egiten ari diren lana, pixkana-pixkana denak taldera egiteko. Azkenean kanpotik jendea ekartzea oso erraza da, baina harrobiko arraunlarien kopuruan gutxieneko bat behar da».
Iaz zazpi arraunlarik utzi zutenez taldea, harrobitik igotakoez gain, beste hiru arraunlari eta patroi bat etorri dira, «eskarmentu handikoak», Erostarberen iritziz. Horiek dira Irati Salazar San Juanen egondakoa, Nerea Agirrezabal Ondarroan aritutakoa, Eider Zubeldia, Patxi Frances Tolosaldeko entrenatzailea zenean taldean egon zena, eta Izaro Lestayo patroia Getarian gizonezkoekin eta San Juanen emakumezkoekin aritutakoa —azken talde horrekin bi liga eta bi Kontxa irabazi zituen (2017 eta 2018)—.
Hain justu, Erostarbek dio Lestayok patroi moduan pilatu duen eskarmentua ezin hobe etorriko zaiola Amondarain lemazain gazteari, «asko ikasiko» duelako harekin. Iritzi berekoa da patroi tolosarra: «Izarok [Lestayo] askoz eskarmentu handiagoa du, eta denetan nabaritzen zaio: jarreran, itsasoaz duen ezagutzan… Ramonekin [Erostarbe] txalupan joaten naizenean begia botatzen diot jartzen dituen jarreretan eta esaten dituen gauzetan. Azkenean beti ikasten da zerbait».
Tolosarrarentzat denboraldi honetarako helburua «ikasten segitzea» eta «gehiago disfrutatzea» da: «Ea postu hobeak lortzen ditugun». Aldi berean, Zuriarranei galdetuta zein postutan egon nahi duten, «nahi nahi beti ahal den gorena, gero non egongo garen…», dio barrez. Amezketarrak azaldu du aurreneko estropadatan erritmoa hartzen dutenean, hor ikusiko dutela «non dauden» eta «zer mailan borrokatu ahal» duten. Erostarbek zehatzago jo du, eta adierazi «koska bat gorago» joan nahi dutela, «gorengo txandan» egonda. Lehen lau traineruen artean, alegia.
«Zerk balio du gehiago, estropadak irabazteak edo Euskotren ligan talde bat izateak, giro ona izanda?»
LAU ONTZITIK ZORTZIRA
Izan ere, aurten Euskotren ligak berritasun bat izango du, lau ontzi beharrean zortzi ariko direla bandera nork astinduko. Aldaketak ekarriko duenaz galdetuta, Zuriarrainek eta Erostarbek kezka bera izan dute: ea liga «lehiakorra» izango ote den. «Uste dut lehen gutxi egiten zuela lau traineru ikusteak, baina ikusita ETE ligako maila ere, ez dakit kolpetik zortzi sartzea onerako izango den. Niri beldurra ematen dit liga oso bitan banatuta ikusteak, baita beheko mailan zer gertatuko den ere», hausnartu du Tolosaldeko arraunlariak.
Bide beretik, Erostarbek dio aldaketa «onerako edo txarrerako» izango dela, bi txanden artean egongo den «tartearen» arabera: «Oxala liga lehiakorra izatea, baina zalantzak ditut hala izango den». Horrez gain, Tolosaldeko prestatzaileak kezka du ETE liga «nola geratuko den», jaitsieratan ez direlako ari lehiatzen eta soilik zazpi-zortzi traineru daudelako.
Taldean giro ona egotea ezinbestekoa da denboraldia ondo joan dadin, eta horrek, ezinbestean, emaitzetan izan ohi du eragina. Hala uste du Zuriarrainek eta gehitu du multzoan giro ona egoteak «eramangarriagoak» egiten dituela entrenamenduak: «Oso gustura nago taldean, bai gure artean bai eta etorri direnen artean giro ona dugulako. Azkenean egunero entrenatu behar duzu, egunero jende berdinarekin zaude, eta gure artean giro txarra badago uste dut uretan asko islatuko litzatekeela».
«Lehen gutxi egiten zuen lau traineru ikusteak, baina ETE ligako maila ikusita, ez dakit kolpetik zortzi sartzea onerako den»
Amezketarra arraunean aritzeaz gain, ikasten eta lanean ere badabil, eta uste du arraunean egitea, «beste bizitzeko modu bat» dela: «Balantza bat jarri behar duzu zerk merezi duen eta zerk ez. Arraunean hasten zaren momentutik badakizu beste gauza asko baztertu behar dituzula: ezin duzu kuadrillakoekin asteburu bat pasatzera joan, ezin duzu udara osoan parrandara atera, eta denboraldiaurrean ere mugatuta zaude. Afaltzera ateratzen zara, baina beti pisuaren barruan egon behar duzu, dena kontrolatuta izan».
Bide beretik, «diziplina» izatearen garrantzia nabarmendu du Amondarainek. Berak aurten egingo du selektibitatea, eta urte «oso zaila» izaten ari dela dio: «Askotan arrauna lehenesten dut, eta ikastolan larri ibiltzen naiz. Gogorra da. Azterketak bukatu, jende guztia parrandara atera, eta nik entrenamendura joan behar dut. Beste bizimodu bat da».
Amezketarrak gaineratu du neskek «ezin» dutela arraunaz bizi, «ezta onena izanda ere», eta, aldi berean, adierazi du bizitzak ere arraunean egiteko «aukera» eman behar dizula, «bizitzeko ekonomia bat» ere behar duzulako eta arraunak ez dizulako hori ematen.
«Irabazten duzunean lehenengo ikusten dena patroia da, baina galtzean ere patroia da begiradapean dagoena»
BERDINTASUNERA BIDEAN
2018an lehen aldiz Kontxako Banderan erabaki zen gizonezkoek eta emakumezkoek diru sari bera jasotzea, —Zarauzko Ikurriñan ere horrela egiten dute—. Berdintasunera iristeko bidean pauso bat izan zen. Zuriarraini «zaila» egiten zaio esatea «zer dagoen ondo eta zer gaizki»: «Ez du zerikusirik mutil batek sasoi batean irabazten duenak neska batekin alderatuta, eta askotan jartzen den justifikazioa da mutilek lau luze egiten dituztela eta guk bi. Baina guri nork esaten digu lau ez egiteko? Uste dut gai garela hori egiteko, 10 minutuko estropadak egiteko entrenatzen dugun moduan, 20 minutu egiteko ere prestatu ahal gara, edo 24 minutu, gehiago behar badugu».
Amondarain iritzi berekoa da, eta nabarmendu du «erraz» esaten dela mutilek ibilbide «bikoitza» egiten dutela, eta gure «bikoitza» sufritzen dutela, baina beraiek ere sufritzen dutela gaineratu du: «Neguko entrenamenduak berdin-berdin egiten ditugu, eta ergometro orduak ere egin behar ditugu. Sufrimendu psikologikoa oso antzekoa da, mutiletan gertatzen dena da askoz liga gehiago dituztela, eta gorenera iristeko gehiago sufritu behar dutela. Baina alde horretatik laguntza gehiago ematen zaizkie. Galizian neskek mutilen luze kopuru berdina egiten badute, zergatik ez euskaldunek? Guk ez ditugu legeak jartzen, orduan zerbait egin behar da».