Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko da jaien testuinguruan eraso sexistaren bat gertatuko balitz

Jaien testuinguruan eraso matxistaren bat gertatuz gero aplikatu beharreko protokoloa osatzeko koordinatu dira Akain talde feminista eta  Udala.

2022. urtean Villabonako Mugimendu Feministak eta Udalak, herriko jaiei begira, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bateratua egitearen beharra ikusi zuten. Gaur egun, herriko Mugimendu Feministaren baitan Akain Talde Feminista eta Lurgatz Talde Feminista daude. Aurtengo jaien testuinguruan aplikatu beharreko protokoloa osatzeko Akain talde feminista Udalarekin koordinatu da, eta  Santiotan eta Garagardo Azokan suertatu daitezkeen eraso edo indarkeria matxista kasuetan aktibatuko da protokolo hori.

Zer hartuko da Indarkeria Matxistatzat? 
Emakumeen*, nesken* eta hetero-arautik kanpoko genero-identitatea edota sexualitatea duten pertsonen duintasunari, estimuari eta osotasun fisiko edota mentalari kaltea eragiten dieten portaerak, jokabideak edo ekintzak indarkeria matxistatzat hartuko dira.
Jai eta festen testuinguruan indarkeria edo eraso matxista mota desberdinak gerta daitezke, esaterako fisikoak, eraso sexualak, psikikoak, kontrola, jarrera eta mikromatxismoak. 
Eraso bat identifikatzen denean egoera desberdinen aurrean aurki gaitezke: eraso bat jasatea, eraso bat ikustea edota eraso baten berri ematea. Beraz, egoera horiek kudeatzeko da, hain zuzen ere, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa.

Garagardo azoka eta Santioek irauten duten bitartean martxan egongo diren baliabideak

Puntu Morea, "Indarkeria sexistarik gabeko gunea" 
Bi pertsona formatzaile adituk adin guztientzako materiala eta zerbitzua eskainiko dute Garagardo Azokan eta Santiotan. Jarraian zehazten diren egunetan eta orduetan eskainiko da:

•    Uztailak 20, 19:00 - 22:00. Garagardo Azoka sarreran
•    Uztailak 24, 22:00 - 01:00. Kale Berria 43
•    Uztailak 27, 18:30 - 21:30. Kale Berria 43
•    Uztailak 28, 19:00 - 22:00. Kale Berria 43
•    Uztailak 30, asteartea 22:00 - 01:00. Kale Berria 43

697 11 66 11 telefono zerbitzua
Edozein indarkeria edo eraso matxista pairatu edo ikusi duten pertsonek 697 11 66 11 telefonora deitu ahal izango dute eguneko 24 ordutan. WhatsApp bidezko mezu edo audioak ere bidaltzeko aukera egongo da. Telefono zerbitzu berezi honen funtzionamendua Akain Talde Feministako kideen artean bermatuko dute.

Besoko morea eramango duten boluntarioak
Mugimendu feministako kide diren hainbat emakumek* besoko morea eramango dute eta beraiengana jotzeko aukera egongo da laguntza eske. Honekin batera hainbat tabernari eta txosnetan txanda egiten ari diren zerbitzariek ere laguntzeko prestutasun osoa izango dute.

Indarkeria matxistaren kontrako gida 
Indarkeria edo eraso matxista baten aurrean nola jokatu azaltzen duten eskuorriak, kartelak eta pegatinak kaleratuko dira. Kartel eta pegatina horietan jarraibide zehatzak agertuko dira. Hauek festa gunean, tabernetan, txosnetan etab. itsatsiko dira. Gainera, kartel hori Santio Jaietako programaren kontrazalean ere egongo da ikusgai. Eskuorriei dagokionean, herriko etxe guztietara buzoneatuko da.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren kartela

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!