Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna da, eta Amasa-Villabonako Udaleko Berdintasun sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu emakumeek eta neskek zientzian, teknologian, ingeniaritzan edota matematikan duten garrantzia ikusarazteko eta egindako lana aitortzeko.
Udalak zientzian ere genero-berdintasuna sustatu nahi du, eta emakume eta neska gehiago bultzatu nahi ditu sektore horretan parte hartzera. Horrela, 2 ekimen antolatu ditu datozen egunetarako:
- Ostegunean, otsailaren 9an, Bomshell, la historia de Hedy Lamarr dokumentalaren proiekzioa izango dugu Gurea antzokian, 19:30ean, 3 euroren truke. Hedy Lamarr aktorea munduko emakumerik ederrenetarikoa izan zen 1.940ko hamarkadan. Hollywood klasikoko aktore mitikoa, ordea, asmatzaile handia ere izan zen; laborategian ematen zituen gauak armadarentzako patenteak garatzen. Nazien aurkako borrokan armadari lagungarri izan zitzaion isilpeko komunikazio proiektu bat asmatzeraino iritsi zen Lamarr.
- Ostiralean, hilaren 10ean, Lorena Fernandez Alvarez Informatikako ingeniariaren Pioneras. De la ciencia poética de Ada Lovelace a la vida de película de Hedy Lamarr hitzaldia izango dugu Subijana etxean, 19:00etan. Fernandez, gainera, Pablo Garaizar eta Iñigo Maestrorekin batera, Nobel Run jokoaren sortzailea da; Mahai joko ludiko eta berritzaile honek zientzia arloko genero estereotipoak eta berdintasun ezak eraldatu nahi ditu. Hitzaldira bertaratzen direnen artean Nobel Run mahai jokoak zozketatuko dira.