Euskara mahaiaren lehen bilera: asteazkenean 18:00etan udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2019ko urriaren 28a

Legegintzaldi honetako helburu nagusienetako bat arlo ezberdinetan parte-hartze eremuak eta prozesuak sustatzea da; herritarron iritziak kontuan hartuz eraiki nahi baitugu etorkizuneko Amasa-Villabona.
 

Euskara gaietarako ere, udal gobernu taldearen asmoa herriko euskara lan-mahai zabala eta irekia eratzea da. Euskalgintza eta eragileen inplikazioa bermatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Mahai horren egitekoa izango da Amasa-Villabonan euskararen normalizaziorako dauden arazoak detektatu, hauek konpontzeko planak diseinatu, ekintzak martxan jarri eta emaitzen jarraipena egitea. Zentzu horretan herriko eragileen laguntza ezinbestekoa dela iruditzen zaigu hizkuntza politika eraginkor bat garatzeko eta euskararen erabileran aurrera urratsak emateko.
 
Lan-mahai honek herri mailako izaera izango du, eta udaleko talde politikoetako ordezkariak eta euskara teknikaria bertako kide izango dira, esan beharrik ez dago, herritar norbanakoek ere lekua izango dutela lan-mahai honetan.
 
Bukatzeko, euskara maite duten eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak animatu nahi ditugu lan mahai honetan aktiboki parte hartzera, ea denon artean lortzen dugun Amasa-Villabonak euskara mailan behar duen adostasunera iristea.
 
Horretarako, legegintzaldi honetako Euskara mahaiaren lehen bilera, urriaren 30ean, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan izango da.
 
Animatu eta azaldu bilerara, denon parte-hartzea beharrezkoa da eta!


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!