M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2026

Vivian Maier, emakume argazkilari askoren erreferentea

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2026ko martxoaren 15a

Martxoaren 8a hain gertu izanik, iritzi artikulu hau erabili nahiko nuke niretzat eta beste hainbat emakume argazkilarirentzat erreferentea izan den Vivian Maier argazkilaria omentzeko. Aurten bere jaiotzaren mendeurrena da, eta Tolosan ere ospatu genuen orain dela ez asko. Urteurren honek, beraz, aukera paregabea ematen dit bere lana berriro aztertzeko eta, bereziki, bere autorretratuen bidez eraiki zuen begirada pertsonal eta ausarta balioesteko.

Maierrek bizitza xume eta ia anonimoa izan zuen bitartean, kale-argazkilaritzan egindako lan paregabeak gaur egun miresmena pizten du. Hala ere, nire ustez, bere obran bada bereziki ona den bilduma bat: self portrait edo autorretratuen bidez egindako identitatearen esplorazioa. Ez dira ohiko autorretratuak, gaur egun sare sozialetan ikusten ditugun selfie modukoak; ez du bere burua modu zuzenean eta agerian erakusten. Askotan, ispiluetan, erakusleihoetako kristaletan edo itzaletan agertzen da, errealitatearen eta irudimenaren arteko joko batean.

«Vivian Maierrek bizitza xume eta ia anonimoa izan zuen bitartean, kale-argazkilaritzan egindako lan paregabeak gaur egun miresmena pizten du»

Autorretratu horietan, Maierrek bere presentzia aldarrikatzen du, baina aldi berean ezkutatu ere egiten da. Konposizioetan sarri ikusten dugu bere silueta ilun eta zehaztugabea, hiriaren kaosean txertatuta. Horrela, subjektu eta objektu bihurtzen da aldi berean: begiratzen duena eta begiratua dena. Kamera ez da soilik tresna bat; bitartekari bat da, munduarekin eta bere buruarekin harremanetan jartzeko modua. Ematen ditudan argazkigintza ikastaro guztietan saiatzen gara bere estiloa imitatzen, ez baita batere erraza.

Honetaz gain, bere autorretratuetan ageri den distantzia horrek badu ere indar politiko bat. Emakume sortzaile askok historian izan duten ikusezintasunarekin lotu dezakegu. Maierrek ez zuen ospea bilatu, baina bere irudietan badago «hemen nago» aldarri bat. 

Horregatik, mendeurren honetan, bere autorretratuak berrikustea ez da soilik ariketa estetiko bat; memoria eta aitortza ariketa bat ere bada. Era berean, eta amaitzeko, emakume interesgarri honen bizitzari eta lanari buruz gehiago jakiteko Finding Vivian Maier dokumentala ikustera gonbidatzen zaituztet.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!