Arraunak batzen ditu Amaia Vaquero (Tolosa, 1975) eta Ibai Vaquero (Tolosa, 2005), ama-seme tolosarrak, baina bakoitzak bere bidea egin du uretan. Ibai gaztetxotan hasi zen ikastolako eskola kirolaren bidez, eta, hainbat klubetatik igaro ondoren, Zarauzko traineruan aritu da azken denboraldian, KAE 1 ligan maila bikaina emanez. Amaia, berriz, helduaroan murgildu zen kirol horretan, beteranoen ligan; egun, Zumaiako ontzian dabil arraunean. Etxeko otorduetan arraunaz gutxi hitz egiten badute ere, pasioz eta lehiakortasunez bizi dute biek kirola, norberaren erritmoan eta talde giroak harrapatuta.
Noiz eta nola hasi zineten arraunean?
Ibai: Ni Laskoraingo ikasle izandakoa naiz. Gogoan dut LH5 inguruan geundenean hainbat kirol probatzeko aukera eskaini zigutela ikastolan, horien artean arrauna, eta joatea erabaki nuen. Hortik aurrera, eskola kirola utzi eta arraunean hasi nintzen, gaur arte.
Amaia: Nire etxean ez da inoiz arrauna gehiegi jarraitu. Bera alebinetan hasi zen, baina oraindik arraunik egin ez zezakeenez, patroi modura. Esaterako, jada ez dago hori egiterik, baina garai hartan egin zitekeen. Geroago, alaba ere sartu zen, eta haiek koskortzean, ni hasi nintzen [barrezka].
Nola hasten da bat arraunean beterano mailan?
Amaia: Tolosan elkarteen arteko estropada egiten dute, eta tartean zebilen lagun batek bertara gonbidatu ninduen; asko gustatu zitzaidan. Bera estropada antolatzen hasi zenean, bi urte lehenago, beteranoetan arraunean aritzen ziren batzuek parte hartzen zuten estropadan. Haiekin joatera gonbidatu ninduten, eta horrela hasi nintzen.
Etxean arraunean hastera zindoazela esan zenuenean, zer aurpegi jarri zuen Ibaik?
Amaia: Apur bat erotzat hartzen naute; beraz, amaren beste erokeria bat izango zela pentsatuko zuen. Eta hori seme-alabek; nire amak ere esan baitzidan: «Ene, ene, nora zoaz!». Baina nik probatu nahi nuen. Pasai Donibanera joaten ginen astean hirutan… Haiek Batxilergoan zeuden jada, gainera, baina, bai, erotzat hartu ninduten apur bat.
Udan, otorduetan, zenbat denbora igarotzen duzue arraunaz hitz egiten?
Amaia: Gutxi; nahikoa aritzen gara etxetik kanpo. Nik asko jarraitzen dut bere ibilbidea, baina, bestela, ez dugu asko komentatzen.
Ibai: Egia esan, nik ere, parte hartzen dudanaz gain, ez dut arraunaz asko hitz egiten; lagunen batekin agian. Kuadrillan ere gutxi hitz egiten dugu arraunaz; beste arraunlari batzuekin agian, baina bestela ez.
Pentsatzen dut Ibai ikustera ere joango zaretela etxekoak.
Amaia: Bai, posible denean bai. Batzuetan dataren batekin bat egiten dugu. Gure liga apirilean hasi eta uztail bukaeran amaitzen da; beraz, ekainetik uztailera bitarteko estropada batzuetan egun berean aritzen gara, eta ezin izaten dut joan, baina bestela bai.
Eta alderantziz, semea joan al da ama ikustera inoiz?
Ibai: Ez, egia esan, ez. Asteburu gehienetan entrenamenduak izaten ditut ordu berean. Egia da ez naizela joan, baina ez dut joateko erraztasunik ere.
Ontzi berean entrenatzea egokitu zaizue noizbait?
Amaia: Behin atera ginen, oraindik arraunean hasi gabe nengoenean. Batel estropada jokatu ondoren, igande batean Kontxara joan ginen trainerua probatzera, eta haiek ere ez ziren oraindik inoiz traineruan ibili. Hauek gaztetxoak ziren, eta gurekin aritzen ziren bateletan patroi modura; han ibili ginen guztiok batera egun hartan. Nik uste dut elkarrekin aritu garen aldi bakarra izan zela. Egia da San Pedroko jaitsiera batean, zuek Batxilergoan zinetenean eta ni ere arraunean hasita nengoenean, estropada berean hiru ontzi desberdinetan aritu ginela: zu San Pedrorekin, Libe Tolosaldearekin eta ni Fortunarekin.
Ibai, imajinatzen al duzu zeure burua horrela amaren adinarekin?
Ibai: Ez, ez; nik uste dut ordurako nahikoa egina izango dudala. Amaren adinarekin ez dut neure burua bertan ikusten. Nik uste dut, behin arrauna nik aukeratutako arrazoi batengatik utziko banu, ez nintzatekeela berriz ere itzuliko. Imajinatu datorren urtean kanpora joaten naizela ikastera eta ezin dudala arraunean segi; agian, ikasketak amaitzean itzuliko nintzateke, urte gutxi izango bailirateke. Baina erreta amaitu izanagatik utziko banu, ez dut uste itzuliko nintzatekeenik.
Zuen azken denboraldia biribila izan da, Ibai.
Ibai: Bai, bai; neguan, nik uste dut, edonori galdetuz gero, sinatuko lukeela. Gero egia da, udan sartzean eta estropadak aurrera doazen heinean, beti duzula sentsazioa: «Hau egingo banu, edo beste hura egingo banu…». Baina atzera begiratzean, nik uste dut egin dugun denboraldia edonork sinatuko lukeela.
Espero zenuen?
Ibai: Ni aurten hasi naiz Zarautzen, eta egia da hasieran alde horretatik apur bat galduta nengoela, postuekin eta… Ligan ere ez nekien oso ongi aurkaritzat zein genituen, baina neguko estropadetan eta jaitsieretan lortutako emaitzak ikusita, apur bat espero genuen. Halere, hasiera-hasieran, entrenamenduen lehen egunetan, igotzea aukeren artean zegoen, baina zaila zen, nahiz eta gero denborarekin argiago ikusten joan den.
Nola ikusten duzu zuk, Amaia?
Amaia: Nik oso ondo; ni pozik. Azkenean, Ibaikan aritzetik zetorren, KAE 2tik, eta KAE 1era igoera eskuratu zuten. Suposatzen da behetik gora pasatu behar duzula, eta goiko postuetan dabilen talde batera pasatu zara, Zarautzera. Oso zaila da hor zure tokia egitea arraun egiteko. Nik jaitsieretan ikusten nuen askotan postuz aldatzen zutela, eta pentsatzen nuen agian aukeraren bat bazegoela. Egia esan, estropada asko egin ditu, banderak ere eskuratu ditu, eta, azkenean, bere ahaleginagatik izan da. Berak borrokatu du; horrelaxe lortzen ditu gauzak.
Orain artean, biak ere talde batzuetan ibili zarete. Zu, Ibai, Tolosaldean hasi zinen; gero, San Pedrora joan zinen; handik, Errenteriara; eta, orain, Zarautzen zaude. Ama, aldiz, Fortunan, Hernanin, Sestaon eta, orain, Zumaian. Zer du arraunak horrela ibiltzeko?
Ibai: Aldatzen ibiltzeko, nire kasuan behintzat, Tolosak San Pedrorekin hitz egina zuen gazteak bertara joateko beste modalitate bat egitera, batelen liga amaitzean, eta ordutik San Pedron hasia nintzenez, jarraitzea erabaki nuen. Gero, San Pedro igo zen urtean igo ginen geu ere, eta, lehen urteko seniorrak ginenez, ez ginen taldean sartu, eta baztertuak, horrela esatearren, Ibaikara joan ginen. Ibaikan entrenatzen hasi ginen, eta hurrengo bi urteetan ere han aritu ginen. Ondoren, gure Tolosako entrenatzaile batek, betidanik Zarautzen ibili denak, esan zigun aurten jendea behar zutela, eta hitz egiten aritu ondoren, Zarautzera joatea erabaki genuen. Aldatzearena bakoitzaren egoeraren araberakoa da; badago bizitza guztia klub berean pasatzen duen jendea, eta beste batzuk mugitzen joaten dira. Nik uste dut hori egoeraren araberakoa dela: azken finean, klub batean gustura dagoenak, nahiz eta emaitza onenak ez lortu, ez du mugitzeko beharrik; erraza du bertan geratzea. Azkenean, arraunean oso zaila da patxadazko zerbait ateratzea diru kontuei dagokienez; ez da futbolean bezala eskaintzen arabera mugitzen, arrauna norbanakoaren araberakoa dela iruditzen zait. Horregatik, bakoitzaren egoera dela eta, bizitza guztia klub batean egon zaitezke, edo klubez klub ibili.
Amaia, zuen liga nolakoa da?
Amaia: Beteranoen liga bakarra dago, eta bertan A ontziak eta B ontziak daude; hamabi eta hamabi, 24 talde beraz. Falta direnen arabera ere mugitzen gara: gaur Bilborekin joka dezakezu eta bihar zure klubarekin; arraunlariak partekatzen ditugu. Halere, bakoitzak bere estrategiak ditu; lehiakortasun handia dago, eta ez da batere barkatzen. Egia da gizonezkoen mundu bat dela: begiratzen den lehen gauza indarra da, pisuaz badaezpada ez da inor gogoratzen, baina horixe dugu [barrezka].
Zer irakatsi dizue arraunak?
Amaia: Nik uste nuen ez nintzela lehiakorra, baina deskubritu dut baietz. Nik beti esan izan dut berdin zitzaidala irabazi ala galdu, baina, agian, orain jada ez zait berdin [barrezka]. Ez dakit zer duen arraunak, zeren ni ez bainaiz sekula kirolaria izan, baina arraunak badu harrapatzen zaituen zerbait; ez dakit zer den, sentsazioak dira. Egia da, azkenean, umeak izatean, umeekin igarotzen duzula egun guztia gora eta behera, eta haiek handitzean berriz ere zu geratzen zara, eta orduan berriz ere birmoldatu behar gara. Niretzat bizimodu berri bat izan da; eman didan guztia izugarria izan da. Jende asko ezagutu dut, eta talde giroa ere izugarria izan da.
Ibai: Nahi dudanaren alde borrokatzen. Erresiliente izaten irakatsi dit.
Emakumeen arrauna nola dago?
Amaia: Gaizki; gizonezkoen kirol bat da. Barruan sartzen zarenean, egia da agian kanpotik ikusten ez diren gauza batzuez ohartzen zarela. Tarte gutxi dute erabakitzeko, aukera gutxi ematen dizkiete; amorru handia ematen dit arraunlari gazterik ez dagoela esaten dutenean, ez baitute ematen zaizkien aukera urrietan pentsatzen. Gaztetan arraunean hasten bazara, eta ontzi batean ez dakit zenbat urtetako jendea badago, eta zuri arraun egiteko aukerarik ere ematen ez badizute, urtebete edo bi emango dituzu ahalegin hori egiten, baina hirugarrenean aukera gehiagoko kirol batera joango zara. Beraz, jenderik ez dagoela esan aurretik, alde guztiei begiratu behar zaiela uste dut; gazterik ez dagoela esatea errazena da.
Eta gizonezkoen artean nola dago gauza, Ibai?
Ibai: Nik uste dut orokorrean arrauna dela gaizki dagoena; jende asko falta da. Gaur egungo gazteriak ez du arraunera jotzen edo ez dakit, baina nik uste dut jende falta dela arazoa, eta ez du hobera joango den itxurarik oraingoz.
Amaia, zertan laguntzen dizu fisikoki eta mentalki arraunak?
Amaia: Nik ez dut neure bizitzan kirolik egin, eta nik garbi nuen nire seme-alabek kirola egingo zutela, berdin zitzaidan zer. Igeriketan hasi ziren; gero, Ibai eskubaloira joan zen; ondoren, saskibaloira; zestan ere ibili zen, eta, azkenik, arraunean. Alaba, berriz, igeriketan hasi zen, eta utzi behar zuela esan zidan; beste kirol bat aukeratzeko esan ostean, arraunera joatea erabaki zuen. Gogoan dut Ibaik esaten ziola arrauna ezin zela hala-hola utzi, astebetera nazkatuko zela eta ezin zela utzi. Nik uste dut mentalki izugarri laguntzen duela, eta, orduan, mentalki ondo bazaude, beste gauzak ongi egingo dituzula.
Datorren denboraldia suposatzen da urte polita izango dela, ezta? Gero, emaitzak beste kontu bat dira.
Ibai: Bai, bai, baina ez dut emaitzekin obsesionatu nahi. Nik badakit taldean gustura egongo naizela, entrenamendu onak egingo ditugula; badakit, oro har, urtea ongi joango dela. Emaitzak agian ez dira nahi bezala aterako, edo agian bai, baina gustura egotearekin nahikoa da niretzat.