Xabier Zeberiok (Tolosa, 1978) eta Iñar Sastrek (Irura, 1986) prestakuntza klasiko akademikoa jaso dute, baina beti jakin dute etiketak apurtzen. Zeberiok 30 urteko bidea darama oholtzan, eta Sastrek Parisko kontserbatorioan zizelkatu zuen inprobisaziorako sena. Azken bi urte eta erdian Pause proiektuak uztartu ditu biak. Lan horri amaiera borobila emanda eta hurrengo diskoa labean dutela, oholtzako tentsioaz, sormenaz, irakaskuntzaz eta deskonektatzeko beharraz mintzatu dira Tolosaldeko bi musikariak.
Atzera egingo dugu denboran. Musikarekin lotutako zer soinu oroitzen duzue etxean?
Zeberio: Eromena. Nire anai-arreba guztiek pianoa jotzen zuten, bi txikienok izan ezik. Gure etxean ez zegoen telebistarik; musika soilik entzuten zen une oro, goiz, eguerdi eta gau. Horixe bizi izan dut betidanik.
Sastre: Aitaren aldetik, aitona idazlea nuen eta bazeuden artistak; amonak argitaletxe bat zuen eta politikan ere sartuta ibili ziren, baina musikarekiko erreferentzia gutxi zegoen. Alderdiko kontuengatik, Xostakovitxen biniloren bat ikusia nuen etxean, baina gutxi. Umetan, Takolo, Pirritx eta Porrotxen kantuak entzuten nituen, Iñaki Salvadorrek sortutako konposizio eder haiek. Gero, trikitixaren booma harrapatu nuen gaztetan: Maixa eta Ixiar eta garaiko euskal musika. Gogoan dut Lizarra inguruko udaleku batzuetan norbaitek walkman bat zuela; PLT taldearen Hil da jainkoa abestia entzun eta harrituta geratu nintzen. Soinu hark klik egin zidan.
Eta instrumentua aukeratzeko garaian, Xabi?
Zeberio: Nola aukeratu? Jarri egin zidaten. Une hartan Suzuki metodoa jarri zuten Donostian, eta nire gurasoak oso zaleak zirenez, bertan sartu ninduten. Gero, pasio, afizio eta lanbide bihurtu zen guztia, baina ezin dut esan nik aukeratu nuenik biolinista izatea.
Iñar, zuk trantsizio bat bizi izan zenuen. Nola egiten da pausoa rock gogorra entzutetik pianoa jotzera?
Sastre: Umetan hasi nintzen Anoetako musika eskolan, eta pianoa egokitu zitzaidan. Miren Mujika izan nuen irakasle. Pixkana hasi nintzen: hurrengo klaserako ikasteko esan eta nik ikasi gabe, hurrengoan pilotan aritzeagatik eskuak handituta nola joan... Ondoren, bigarren instrumentu bat ikasteko aukera eman ziguten eta orduan engantxatu nintzen: Tolosako Isidro Larrinaga akademian kaxa ikasten hasi nintzen, gero bateriari ekin nion Gerardo izeneko batekin, eta, azkenik, Anoetan klaseak jarri zituztenean, Carlos Aranzegi tolosarrarekin aritu nintzen. Aurrerago, ikasketa formalak hautatzerakoan, Donostiako kontserbatorioan sartu nintzen. Bertan, Maruxa Llorente eibartar piano-irakasleak asko engantxatu ninduen; beragatik izan ez balitz, agian ez nukeen bide hau hartuko. Oso pianista ona zen, Parisen ikasitakoa, eta egiten zuena oso polita zela iruditzen zitzaidan.
Musika ikasketak egindakoak zarete biak. Argi izan zenuten hasieratik musikatik bizi nahi zenutela?
Zeberio: Nik oso gazte hasi nuen ibilbidea. Kontserbatorioaren ostean Bordelera joan nintzen ikastera. Selektibitatea egin eta gero, urtebete hartzea erabaki nuen biolina ikasi eta karrera amaitzeko, nahiko aurreratuta nindoan eta. Orduan suertatu zitzaidan guztia: Euskadiko Ikasleen Orkestran sartu nintzen, hurrengo urtean Oskorrin, eta segituan eraman ninduen bideak. Oraindik ere hitz egiten dut Oskorriko lagunekin eta jotzeko deitzen didate, beraz, oso gustura. Urte asko igaro diren arren, oso gazte sentitzen naiz; agian besteek helduago ikusiko naute [barrez]. Gazteekin ere asko gozatzen dut: uda honetan Janus Lesterrekin eta Duplarekin aritu naiz proiektu oso politetan, eta sekulako motibazioa ematen dit ni baino 20 urte gazteagoekin lan egiteak.
Iñar, zuk ere Musikenen ikasi zenuen. Argi al zenuen bide hori hartu nahi zenuela?
Iñar Sastre: Bai, banekien musikan bazegoela beste eremu batzuetan topatzen ez nuen zerbait. Proba asko pasatu behar izan nituen Musikenen sartzeko; urte konplikatua izan zen, jende asko aurkeztu ginelako, baina azkenean justu-justu sartu nintzen. Gero, oro har, gauzak nahiko ondo eraman ditut eta Parisen ere urte ederrak igaro nituen.
Gauza bat da Musikenen ikastea, baina Parisera joateko txip hori nondik etorri zitzaizun?
Sastre: Musika klasikoa errepertorioari eta partiturak interpretatzeari oso lotuta dagoela nabari nuen. Aldiz, nik ahozkotasunarekiko lotura nuen, partituratik haragokoa. Musika klasikoko ikasketak egin arren, banekien sorkuntzaren aldetik nire zerbait egiteko aukera nuela; sortzeari eta interpretatzeari lotutako mundu bat nahi nuen. Banekien hori agian jazzetik gertuago zegoela, baina nik musika klasikoan jarraitu nahi nuen, hemen oraindik garatu gabe zegoen leiho erakargarri bati tiraka. Parisen ere ez zen erraza izan. Nire kabuz hasi nintzen irakasle egokiak bilatzen, eta hasieran okerreko batzuekin eman nuen. Azkenean, Parisko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionaleko armonia-irakasle interesgarri bat aurkitu nuen, teklatuaren aurrean edozer egiteko gai zena. Hura ikustean ohartu nintzen zer egin nahi nuen. Inprobisazio-espezialitate batean sartzea proposatu zidan eta hiru urte egin nituen bertan. Kontserbatorio hura beste mundu bat zen. Musikenen ere maila altuko jendea zegoen eta asko ikasi nuen, baina Pariskoa beste koska bat zen.
Xabier Zeberio: Bide oso ezberdinak eraman ditugun arren, horixe da Iñar eta biok elkartzen gaituena. Biok egin ditugu ikasketa klasikoak, baina beste ingurune batzuetan mugitzeko nahiarekin. Musika klasikoan jendea oso mugatuta dago; musikariak klasiko edo jazzeko sentitzen dira. Niretzat musika bat bakarra da, eta oso jende gutxi dago sailkapen horietatik kanpo geratzen dena. Duela gutxi Izarorekin hitz egiten ari nintzen bere disko berriaz, eta komentatzen genuen oso jende gutxik jotzen duela biolina ingurune hain ezberdinetan.
Zuri, Xabier, nola etorri zitzaizun Oskorrirekin jotzeko aukera?
Zeberio: Oso kuriosoa izan zen. Garai hartan Euskadiko Gazte Orkestra sortu berria zen, lehen promozioa zen. Tartean ziren German Ormazabal tolosarra, guztia bultzatu zuena, eta Juanjo Mena zuzendaria. Musikari asko aurkeztu ginen eta sartzea lortu nuen. 1997ko udan lehen kontzertuak eman genituen, eta irailean Oskorriko biolinistak taldea utzi behar zuela iragarri zuen. Natxo de Felipe oso ipurterrea denez, Juanjo Menari deitu zion biolinista baten bila. Juanjok nire zenbakia eman zion, beste batzuenarekin batera, eta kasting bat antolatu ziguten. Oskorriko bost abesti prestatu behar izan genituen zinta batean. Nik lehendik ere jotzen nuen musika modernoa ikaskideekin sortutako Achtung taldean. Lehen probatik bi geratu ginen, eta ondoren estudiora eraman gintuzten kantuan jarriz. Nik koroan abesten nuenez, abilezia handiagoa nuen; horrek salbatu ninduen. Gero, urteetan zehar, hirugarren ahotsak egiten ere aritu nintzen Oskorrin.
Noiz plazaratu zinen zu lehenbizikoz, Iñar?
Sastre: Egia esan ez dut gogoan, hainbeste gauza egiten genituen... Iruran eta Anoetan antzerkietan eta abarretan aritzen ginen. Gainera, berbena talde bat nuen bateria jotzen nuen garaian, eta diskoetan ere parte hartzen genuen. Gero pianoarekin hasi nintzenean ere ez dut lehen aldia gogoratzen; ezkontzak eta ekitaldiak eginez joan nintzen hasieran, pixkanaka.
'Pause' proiektuan elkartu zineten biok, ezta?
Zeberio: Arineketan proiektuan ere elkartu ginen lehenago.
Sastre: Bai, 2020 inguruan bolada ona harrapatu genuen, pandemia ostean antzokiak berriz irekitzen hasi zirenean. Publiko gutxi izaten genuen, baina Arineketan proiektuarekin biratxo bat egin genuen. Halere, lehenago ere bat egin genuen; gogoan dut Iñigo Asensiorekin Richard Oriveren dokumentala grabatzen aritu ginela. Nik musika batzuk egin nituen eta Xabi ere bertan aritu zen. Beraz, Arineketan lehenik eta Pause ondoren.
Nola uztartu zineten?
Zeberio: Pause gutxi meditatutako lana izan da; konfinamendu garaian jaio zen, maketa askoren bidez. Badira hamar urte Aitor Etxeberriarekin lankidetza estuan nabilela. Etxera etorri zen batean maketak jarri nizkion, eta bera izan zen diskoa egitera eta ekoiztera animatu ninduena. Diskoa atera genuen, baina ez genuen espero ibilbide honek jarraituko zuenik, are gutxiago bira bat egingo genuenik; ez zen helburua. Gero kontzertuak eskaintzeko aukera suertatu zen eta taldea martxan sortuz joan zen.
Ondo pasatu duzu zuk 'Pause' proiektuarekin, Iñar?
Iñar Sastre: Bai, bira ederra izan da. Zuzenekoak hori du: lekuak eta jende desberdina ezagutzen dituzu, eta eszenatokian egoteko aukera ematen dizu. Horrekin guztiarekin beti zoaz ikasten eta hobera egiten. Opari ederra izan da. Gasteizen edo Baionan 15-16 urteko gazteak biolina serioki jotzen ikustea oso hunkigarria izan da.
Zuzenekoak aipatu dituzuela, baduzue oholtzara igo aurretik egiteko maniarik?
Sastre: Nik ez bereziki. Ohitu egin behar da urduritasunetara; horregatik gomendatzen diet nire ikasleei ahalik eta gehien irteteko oholtzara.
Zeberio: Ez dakit azkenean ohitzera iristen zaren, baina asko gozatzen da. Gure zortea oholtzara igo, geure musika jo eta jendearen txaloak entzutea da. Zein langile joaten da lanera eta txaloak jasotzen ditu lana ondo egiteagatik? Gurea lanik ederrenetarikoa da eta ez nuke inondik inora aldatuko.
Eta kontzertu egunetan esnatzean, desberdinak izaten al dira?
Zeberio: Nire kasuan bai, bezperatik urduri egoten naiz; oholtzara igotzea sekulako tentsioa da. Talde bateko partaide izan zaitezke, baina nire kasuan Pauseren ardura guztia nirea da. Badira emazteari kasurik ez egiteko esaten diodan egunak ere, batzuetan neure burua ere jasaten ez dudalako! Halere, niretzat okerrena hurrengo eguna izaten da: adrenalina jaitsiera handia izaten dut, gogobetetzearen eta nekearen nahasketa bat. Gogoan dut Alos Quartetekin Dulce Pontes abeslariarekin egindako bira; berak jartzen zuen baldintzetako bat kontzertuaren hurrengo eguna libre izatea zen. Orduan ez nuen ulertzen eta asko izorratzen zidan, baina gaur egun erabat ulertzen dut. Gastu energetiko eta emozional handia da, eta adin batetik aurrera, are gehiago.
Sastre: Ni ez naiz asko konplikatzen eta ez dut gehiegikeriarik egiten; kontzertu eguna bada ez dut asko jaten, eta ez ditut bost ordu pasatzen errepasatzen. Lasai egoten saiatzen naiz, maniarik gabe. Entrega emozional bat dago eta nekea nabaritzen da, baina erlatibizatzen saiatzen naiz gozatu ahal izateko.
Zeberio: Niretzat sekretu handiena ondo inguratuta egotea da. Horrek konfiantza eta segurtasuna ematen dizu. Juan Carlos Perezek esaten zuen bezala: garrantzitsuena zu baino hobeak direnekin inguratzea da [barrez].
Musikari ez direnek deskonektatzeko musika erabiltzen dute. Musikariek zer egiten duzue deskonektatzeko?
Zeberio: Kirola asko gustatzen zait; azken bi urteetan tenisa nire pasio bihurtu da, erabat engantxatuta nago. Eta ez dut musika asko entzuten; hainbeste denbora pasatzen dugu musikarekin kontaktuan, deskonektatzea ere gustatzen zaidala: mendira joatea, natura... Nire lagun Iñigo Royo argazkilariak esaten du pasioa eta lana uztartzen dituzunean dikotomia bat sortzen dela: argazkilari amateurrak oporretara kamerarekin doaz, eta profesional gehienek etxean uzten dute. Oporretan musikarik gabe egon naiteke, beharrezkoa dela uste dut; mendira joan eta txoriak entzun.
Sastre: Niri ere gustatzen zait lana eta pasioen arteko muga hori bereiztea. Iruran bizi nintzenean, agian, mendirantz jotzen nuen gehiago, baina orain plan sozialak egiten ditut gehienbat. Musika entzuteari dagokionez, egia da faltan botatzen dudala gaur egungo moden haria izatea, baina gehien entzuten dudan musika lanari lotutakoa da.