Elkarrizketa

«Gaur-gaurkoz ez dut imajinatzen nire bizitza sokatirarik gabe»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko ekainaren 4a

Bere unerik onenetako batean dagoela dio, eta munduko txapelketa batean oraindik lortu ez duen urrea irabaztea gustatuko litzaioke.

Sokatiraren sokak munduaren beste aldera eraman du Oihane Sarasola (Ibarra, 1986). Ibarrako taldeko kideak Taipei (Taiwan, Asia) izan du azken geltoki nagusia, bertan jokatutako Munduko Sokatira Txapelketan. Euskal Selekzioarekin zein Ibarrako taldearekin lehian, dominen borrokan aritu da berriro ere, kirol honek eskatzen duen diziplina eta sakrifizioaren erakusgarri. Taiwango hezetasunean eta hango gomaren gainean, Ibarrako emakumezkoen taldeak brontzezko domina lortu zuen 540 kiloko mailan, eta Sarasola izan da arrakasta horren zutabeetako bat. Euskal selekzioarekin ere zilarrezko beste bi domina lortu ditu txapelketa berean. Sokatira herri kirol hutsa baino gehiago, mundu mailako erronka dela erakutsi du beste behin.

Mundu mailako txapelketara joan aurreko azken astea nolakoa izan zen?

Aurreko astea oso estresagarria, kaotikoa eta urduritasun handikoa izan zen. Irango gerra ere hasi berria zen, eta gure hegaldiak Abu Dhabin egin behar zuen geldialdia. Hegaldiak kolokan izan genituen, eta azken unean emakumeak bakarrik joateko hautua egin zen klubean. Denak joatekotan, diru asko jarri beharra zegoen. Halamoduz iritsi ginen! Zortez, denok iritsi ginen.

Pertsonalki ez omen zenuen ondo hasi.

Behin Bartzelonara iritsi eta gosaldu ondoren, nire motxila falta zela konturatu nintzen. Pasaportea ere bertan neraman, eta lapurtu egin zigutela ohartu nintzen. Eskerrak Bartzelonako aireportua nazioartekoa den! Poliziaren bulegoan salaketa jarri ondoren, haien laguntzarekin berri bat egin zidaten. Konturatzerako, arazoa konponduta zegoen.

Kluben artekoan hasi zineten lehiatzen. Zer moduz?

Bai. Lau eguneko txapelketak izaten dira, eta hasi aurretik, pisaketa egiten da asteazkenean. Orduko pisuak txapelketa guztirako balio du. Taldeak egunero osatzen dira. Lehen bi egunetan kluben arteko txapelketa izaten da, alegia, ostegunean eta ostiralean. Bi egunetan pisu desberdineko txapelketak jokatzen dira, eta egunaren amaieran izaten da sari banaketa. Azken bi egunetan, selekzioka jokatzen da. Ibarrako talde gisa, ahal genuen maila guztietan lehiatu ginen, bai pisu txikian eta baita pisu handian ere. Taldeko batzuk hogeita hiru urtez azpiko mailan ere lehiatu ziren. Pena izan zen maila mistoan lehiatu ez izana.

Nolako sentsazioak izan zenituzten?

Hasteko, egoerara ondo moldatu ginela esango nuke. Asian maila izugarria dagoela konturatu ginen. Txapelketak Europan jokatzen direnean, Asiatik ez dira hainbeste talde etortzen, baina, han izanda, Taipeiko eta Taiwango talde asko zeuden. Guretzat, haiek izugarriak dira! Gutxika-gutxika maila igotzen joan ginen, eta finalerdietara iristea lortu genuen pisu txikian. Hala ere, ezin izan genuen finalera sailkatu. Laugarren amaitu genuen.

Bigarren eguna beste kontu bat izan zen?

Bai. Aldaketa batzuk egin genituen pisu handirako. Gustura aritu ginen lehen unetik, eta pixkana aurrera gindoazen. Finalerdietara iritsi ginen hemen ere, baina finalik jokatu gabe geratu ginen berriro. Hirugarren amaitu genuen. Emozioz gainezka amaitu genuen! Han bizitakoagatik, joateak merezi zuela ikusi genuen.

Azken bi egunetan, euskal selekzio gisa lehiatu zineten. Nolatan?

Oso zaila da, sokatira dagoen moduan, euskal selekzio bat izatea hainbat taldetako jendearekin. Ez dago ia denborarik horrelako formatu batean lehiatzeko. Arazo horiek medio, federazioak erabaki zuen Euskal Herriko Txapelketa irabazten zuen taldeak ordezkatuko zuela euskal selekzioa maila bakoitzean. Halere, talde irabazleak beti izaten du aukera aldaketa txiki batzuk egiteko. Gure kasuan, ez ginen txapeldun izan Euskal Herriko Txapelketan. Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldea izan zen txapeldun, baina Munduko Txapelketara joateari uko egin zion. Haien ordez, eta gu bigarren izanda, guk hartu genuen haien lekua bi mailatan.

Nolako sentsazioa da euskal selekzioarekin lehiatzea?

Izugarria da! Ikurrina hara eramatea bakarrik... Beste maila bateko jendearen aurka lehiatzen gara. Talde bakoitzak bere tiralaririk onenak plazaratzen ditu. Uste baino maila handiagoan aritu ginen lehiatzen, eta konturatzerako finalera iritsi ginen. Taipei genuen zain finalean. Baina hemen ere ezin izan genuen urrea lortu. Arantza txiki batekin gelditu ginen pisu txikian. Hurrengo egunera begira jarri ginen lehen eguna amaitu bezain laster.

Aldaketa asko egin zenituzten?

Estrategia aldatzea erabaki genuen, baina postu berarekin amaitu genuen. Oso sentsazio onak izan genituen, baina ez zen posible izan. Hiru dominekin eta aipamen batekin etxeratu ginen azkenean.

Lau eguneko txapelketa izan zela kontuan hartuta, gogorra egin zitzaizun?

Aurten ez dakit zergatik, baina inoiz baino indartsuago iritsi nintzen azken egunera. Sentsazio bikainak izan nituen txapelketa guztian. Eskuak zauriz beteta nituen arren, ez nuen neke berezirik sentitzen. Ezta minik ere! Orokorrean, jendeak ondo amaitu zuen. Pertsonalki, bikaina izan da Taiwango egonaldia.

Munduko zenbait txapelketa jokatu dituzu jada zure kirol ibilbidean. Zein izan da gehien asebete zaituena?

Munduko txapelketa guztiek dute bere xarma. Leku askotan lehiatu gara: Suedian, Irlandan, Eskozian, Herbehereetan, Txinan... Denak izan dira bereziak. Txinara urtebeteko alabarekin joan nintzen, eta oso berezia izan zen arren, oso gogorra izan zen aldi berean. Halere, oso oroitzapen ona daukat. Azken honetara, aldiz, bakarrik joan naiz. Hamabost egun igaro ditugu, eta giro bikaina izan dugu. Aurtengoa ere berezia izan da. Jada urte batzuk badaramatzat, bi alaba ditut, asko entrenatu dut txapelketa hauetarako... Botatzen nauten arte eta etxekoek uzten didaten arte, sokari tiraka jarraitzeko asmoa daukat [barrez].

Erronka baten aitzakian hasi zinenetik urte batzuk igaro dira. Zuretzat, zer da sokatira?

Nire bizitzako zati bat. Gaur-gaurkoz ez dut imajinatzen nire bizitza sokatirarik gabe. Iritsiko da egun bat utzi egin beharko dudana, baina oraindik ez zait burutik pasatzen. Nire bizitzako momenturik onenetako batean nagoela esateko moduan naiz, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Kirolari gisa nire oreka aurkitu dut. Ama izan eta gero, gogorra izaten da itzulera. Fisikoki kostatu egiten da; asko saiatu nintzen nire sasoirik onenean itzultzen, baina askotan kosta egiten da berriro sasoia hartzea.

Oraindik erronka asko gelditzen zaizkizu betetzeko?

Oraindik ez dut urrerik lortu, eta hori lortu nahiko nuke. Horrela jarraitzearekin pozik nintzateke, ez dut bete ezinezko helbururik bilatzen. Sokatiran jarraitze hutsarekin, taldearekin lehiatzearekin eta munduko txapelketak jokatzearekin, ni jada zoriontsua naiz. Dagoeneko, datorren urtean Italian jokatuko den txapelketan pentsatzen nago [barrez].

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!