elkarrizketa

«Mendi lasterketa bat antolatzeak izugarrizko lana ematen du»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko urt. 15a, 07:58

Arraunean, triatloian nahiz mendi lasterketetan aritu da hainbat hamarkadatan, emaitza onak lortuz; egun, Eltxo Trail mendi lasterketako antolaketa lanetan aritzen da altzatarra.

Kirolaren munduan berrogei urte baino gehiago daramatza gaur egun Orendainen bizi den Xabi Lekue (Donostia, 1971) altzatarrak. Arrauna, triatloia eta mendi lasterketak egin ditu azken urte hauetan guztietan, denetan ere emaitza esanguratsuak lortuz. Egun, bere bizitokia den herrian jokatzen den Eltxo Trail mendi lasterketako antolatzaileetako bat ere bada. Bere kirol ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez hitz egitera gerturatu da ATARIA-ra.

Arrauna, triatloia, mendi lasterketak… Hainbeste kiroletatik pasa eta gero, nola definituko zenuke zeure burua?

Ni kirolaria sentitzen naiz. Ia denetik probatu dut, eta ez nuke nire burua kirol bakarrean kokatuko. Umetan futbolean aritu nintzen ikastolan, baina ez nintzen oso ondo moldatzen. Aurrerago, Trintxerpen arraun talde bat sortu nahi zutela irakurri nuen, eta han hastea erabaki nuen.

Nola gogoratzen dituzu Pasai Trintxerpe arraun taldean egindako hastapenak?

16 urterekin hasi nintzen arraunean, lehenik bateletan eta ondoren traineriletan. Hasiera haietan ez genuen batere teknikarik, eta beti azkenak edo azken aurrekoak izaten ginen Hibaikarekin batera. Pasaian beti izan dira oso talde indartsuak arraunean, eta gu ere gutxinaka ikasten hasi ginen. Pasai Donibane eta Pasai San Pedroren ondoan, anaia txiroa ginen [barrezka].

Urte asko eta gero, haien parean jartzea lortu omen zenuten.

Bai, hala izan zen. Urte askotan talde berbera mantentzeko aukera izan genuen, eta 1997ko uztailaren 31n Pasaian Kilometroen alde jokatutako estropadan irabaztea lortu genuen. Inork ez zuen espero guk irabaztea, eta izugarria izan zen. Handik aurrera urte politak egin genituen, eta 2000. urtean Kontxako Banderan bigarren sailkatu ginen Orioren atzetik. Hura eta gero, uztea erabaki nuen. Orain, halere, 2000. urtean arraunean ibiltzen ginen ia gehienak itzuli gara beteranoen mailan aritzeko.

Zergatik utzi zenuen arrauna?

Arrauna oso-oso polita da, eta kateatu egiten zaitu, baina ia egunero entrenatu behar da eta oso sakrifikatua da alde horretatik. Urtean, hilabeteko atsedenaldia bakarrik izaten da, eta, nik, hilabete hori mendiko bizikletan ibiltzeko probesten nuen. Halere, asko kostatu zitzaidan uzteko erabakia hartzea. Arrauna utzi nuenean, mendiko bizikletan hastea erabaki nuen.

Mendiko bizikletan ere maila erakutsi zenuen.

Oso oroitzapen onak ditut garai haietaz. Ahal nuen lasterketa guztietan ematen nuen izena! Hasieran asko sufritu nuen, baina teknika pixka bat hartzen joan nintzen heinean, ondo moldatzen hasi nintzen. Oso proba gogorrak jokatu nituen. Mendiko bizikletarekin ondo moldatzen nintzela ikusita, mendiko duatloiak jokatzen hasi nintzen. Espainia mailako lasterketa askotan izan nintzen. Ondoren, triatloi garaia iritsi zen. Donostiako Fortuna taldearekin hasi nintzen.

Triatloia aipatuta. Zer nolako esperientzia izan zen hura?

Nahiz eta arraunean ibili eta uretako kirol asko egin, ez nintzen batere ondo moldatzen igerian. Lagun batzuk aipatu zidaten bizikletan eta korrika ibilita, igeriketari ere neurria hartuko niola. Oso jende jatorra eta ona genuen Fortunan. Lehen triatloia Mimizanen (Frantzia) jokatu nuen taldeka. Igeriketa amaitzean, denak zain nituen! Aldiz, bizikleta hartu nuenean, ez zidaten erreleborik eman ibilbide guztian. Korrika postua mantentzea lortu genuen. Horrela murgildu nintzen triatloian.

Urte batzuetara, Hawaiko bi ironman ere jokatu zenituen.

Lasterketa batzuk esprint distantzian eta distantzia olinpikoan jokatu ondoren, Zarauzko triatloia prestatzen hasi nintzen lehenik. Euskal triatloilari askoren helburua izaten da Zarauzkoa, eta, nik, zortez, 2004an lehen postuan amaitu nuen euskaldunen artean, Euskal Herriko txapelketa irabaziz. Ordurako igeri egiten ere ikasi nuen! Emaitza hark izugarrizko motibazioa eman zidan, eta Hawaikoa prestatzen hasi nintzen. Hara joateko, beste proba batean sailkatu behar duzu lehenik, eta Lanzarotera joan nintzen. Bertan lortu nuen Hawairako gonbita. Niretzako ibilbide ona zen hura, bizikletako eremua oso gogorra delako. Nahiz eta oso gaizki bukatu nuen, dena ondo atera zitzaidan. Nire lehen maratoia ironman batean jokatu nuen! 2007an berriro itzuli nintzen Hawaira. Asko entrenatu nuen orduan, eta azkenean 36. postuan amaitu nuen. Arraunean gertatu bezala, banekien hura hobetzea ezinezkoa izango zela.

Triatloilari batentzat zer esan nahi du Hawaik?

Ironman distantzia (3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan, eta 42 kilometro korrika) Hawaitik dator, eta mundu mailako triatloirik ezagunena eta onena da. Nik flipatu egin nuen bertan! Denak garaiezin ziruditen, baina behin lasterketan sartuta dena berdindu egiten da. Hawaiko esperientzia oso polita izan zen.

Mendi lasterketak iritsi ziren ondoren. Nolatan?

Mendi lasterketetarako entrenatzen hasi nintzenean, ikaragarri sufritu nuen. Goraka ondo ibiltzen nintzen, baina beheraka hastean beste kontu bat zen. Kilometro bertikalak oso gustukoak nituen, eta haietako askotan lehen postuetan ere ibili nintzen. Zegama-Aizkorri ere egin nuen hiru urtetan, eta Transalpine Salomon Run (Alpeak) lasterketan amaitu nuen gaur egun nire bikotekidea den Leire Elosegirekin batera. Zortzi egun jarraian dira, bikoteka, egunero ia 40 kilometro… Bioi asko gustatzen zaigu mendia, eta hura proba polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Mendiko lasterketetan ibiltzen den edonori gomendatuko nioke hura ezagutzea. Gu hiru aldiz egon gara jada, azkena orain bi urte. Azkeneko honetan, podiuma ere zapaldu genuen geure adin artekoen mailan. Hori bai, bikotekidearekin oso harreman ona izan behar da, bestela oso luzea egin daiteke [barrezka]. Asko ikasi genuen lasterketa horretan.

Egun, Orendainen jokatzen den Eltxo Trail lasterketaren antolatzaileetako bat zara. Gauzak asko aldatzen al dira beste aldean egotean?

Uf, izugarri aldatzen da! Korrikalari bezala, egunean bertan azaldu, dortsala hartu, korrika egin eta hura amaitu egiten da. Baina antolakuntzako lanak ez dira inoiz amaitzen. Jende askorekin hitz egitea tokatzen zaigu urtean zehar, ibilbideak berrikusi behar dira, diru laguntzak lortu, kamisetak egin… Ez dugu bilatzen beste munduko lasterketa bat izatea, baizik eta lasterkariak gustura joatea. Antolakuntzako kide asko lehen ere korrikalariak izandakoak gara, eta badakigu zer bilatzen dugun. Gauzak asko aldatzen dira alde batean edo bestean zaudenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!