Zuretzat zer da parekoa?
Antxon: Nire alaba, eta nire alaba denez asko maite dudan pertsona bat. Egia esan oso erlazio ona daukagu, oso ondo konpontzen gara. Esaten dute nire antza duela fisikoki, baina psikikoki ez da hala.
Zuriñe: Nire aita. Esan bezala oso ondo konpontzen gara, erlazio oso ona daukagu. Egunerokoan asko hitz egiten dugu.
Nola definituko zenuke?
Antxon: Pertsona langilea da. Gauzak lortzeko garaian asko saiatzen da, eta normalean gauzak aurrera eramaten ditu. Oso pertsona saiatua da.
Zuriñe: Beti laguntzeko prest dagoen pertsona gisa definituko nuke. Edozer gauza eskatuta ere beti baiezkoa ematen du.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Antxon: Definizioarekin batera doazenak, pertsona oso saiatua, langilea, konstantea, burugogorra, pertsona argia, eta jantzia.
Zuriñe: Laguntzeko prestutasun horrekin batera, enpatia, beti besteengan pentsatzen du. Besteen lekuan jartzen da, eta oso bihotz onekoa da. Pertsona ona.
Zein ez hain positibo?
Antxon: Berak esan duenarekin lotuta, ez dela hain irekia, lotsatiagoa dela, eta nahiz eta ez duen jendearekin erlazionatzeko inongo arazorik, gehiago kostatzen zaio lehen pausoa ematea.
Zuriñe: Bere kasuan oso burugogorra dela, baina, beno, ni ere horrelakoa naiz, beraz, ezin kexatu. Hala ere, egia da burugogorkeria horretan batzuetan kosta egiten zaiola buelta ematea.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Antxon: Biak kirolariak garenez, korrika egitera, bizikletan ibiltzera, eta txikitan egiten genituen kirolak praktikatzera, esaterako, tenisean jokatzera. Eta beno, edozein bidaia ere gustura egingo nuke berarekin.
Zuriñe: Futbol partidu bat ikustera joatea ere esango nuke nik. Askotan joan izan gara, eta egia esan oso gustura beti.
Berarekin pasatako une bereziren bat?
Antxon: Entrenatzaile gisa eduki nindueneko garaiak, eta txikitako momentuak. Egia esan une asko ditut gogoan.
Zuriñe: Nik ere oroitzapen asko ditut, esaterako, partidak ikustera joaten ginenekoak, txikitakoak, anaia eta biok bera begirale zenean eskolako aisialdi taldearekin joaten ginenekoak, eta beste makina bat gehiago.