Ia berrogei urte daramatza Antxon Iglesiasek (Ibarra, 1966) irakasle eta aisialdiko monitore lanetan. Zuriñe Iglesias (Ibarra, 1999) alaba, aldiz, kazetaritzaren munduan lehen urratsak ematen ari da. Biek ere, kirola izan dute ardatz euren bizitzetan, eta futbol taldea ere partekatu zuten zenbait urtetan. Konplizitate handia haien artean.
Nola gogoratzen dituzue kazetaritzan zein irakaskuntzan emandako lehen urratsak?
Antxon: Nik Eskolapioetan ikasi nuen. Garai hartan Orendainera joaten ginen udan monitore gisa hogei bat egun bertako ikasleekin igarotzera, beraz, betidanik izan dut harremana Eskolapioekin. Ondoren, magisteritza ikasi nuen. Apaiz batzuekin batera Eskolapioetako aisialdi taldea sortu genuen. Magisteritza ikastez amaitzean, soldaduska egin, eta Eskolapioetan hasi nintzen lanean irakasle gisa. Hortik aurrera, Eskolapioetako irakasle zein aisialdi taldeko monitore gisa ibili nintzen.
Zuriñe: Nik ere Herrikiden ikasi nuen. DBH-4n, bagenuen Komunikazioa deituriko ikasgai bat. Niri futbola asko gustatzen zitzaidan, eta, askotan pentsatzen nuen zenbat gustatuko litzaidakeen zelai barruan jokatzen aritzea, edo zelai kanpoan elkarrizketak egiten aritzea, edo partida komentatzen aritzea. Batxilergoa egiteko garaian letrak aukeratu nituen, argi bainuen zer ikasi nahi nuen. Aurrerago, komunikazioa eta zuzenbidea ikasi nituen, beno zuzenbidea pixka bat aparte utzia daukat, komunikazioa gustatzen baitzait. Orain Naiz taldean nago lanean, bai irratian eta baita prentsan ere. ATARIA-n ere idazten dut, eta beste lekuren batean ere aritzen naiz. Egia esan, oso gustura nago nire lanarekin. Orain kirolaren gaiarekin nabil eta oso gustura nago.
Zergatik aukeratu zenituzten bide horiek?
Antxon: Egia esan, betidanik gustatu izan zaidalako gazteekin egotea eta gauzak irakastea. Azkenean, betidanik bakoitzarentzat garrantzitsuak izan diren bizitzako gauzak besteei irakastea garrantzitsua iruditzen zait, eta horrez gain asko gustatzen zait. Beti gustatu izan zaizkit haurrak, eta, nik uste oso lan aberatsa dela, haiek ondo egoteko ematen duzuna ondoren haiek ere ematen dutelako.
Zuriñe: Nire kasuan, txikia nintzenetik gustatu izan zait idaztea eta kirola egitea. Asko gustatzen zitzaidan partida bat ikusi, eta ondoren kronika bat idaztea, futbolariekin hitz egitea... Hemezortzi urte nituenean jada, askotan irakurtzen nituen egunkariak eta elkarrizketak, eta amorru handia sentitzen nuen gizonezkoen kirolaz bakarrik hitz egiten zutela ikusteak. Nire buruari askotan esaten nion, etorkizun batean komunikabideen munduan sartzen amaituko banu, emakumeen kirolaz idatziko nukeela.
Kazetari eta esatari askok diote, umetan jada aritzen zirela kazetari bezala edukiak komentatzen. Antxon, Zuriñe ere hala ibiltzen al zen?
Antxon: Ez ez, nik ez dut horrela gogoratzen. Berak esan duen moduan, batxilergoan hastean, komunikabideak ikasi nahi zituela esaten hasi zen, eta, egia esan, orduan entzun nion ideia hura lehen aldiz.
Gogoan al duzue laneko lehen eguna?
Antxon: Lehenaz ez, baina lehen egunak bai. Pasadizo gisa gogoan dut Mari Kruz izeneko moja baten ordezkapena egin nuela, eta, ematen zuenez, berarekin oso erraza zen dena ikasleentzat, azterketetarako zer ikasi behar zuten eta guzti esaten baitzien. Haiei klasea ematera joaten nintzenean, segituan galdetzen zidaten ea zer sartuko zen azterketan, eta ni harrituta geratzen nintzen.
Zuriñe: Nire lehen lana Berria-n izan zen. Ez dut zehazki lehen eguna gogoratzen, baina idatzi nuen lehen testuaz gogoratzen naiz. Pandemia ondorengo pilotarien itzuleraz hitz egiten zuen erreportaje bat egin nuen. Erreportaje hura irakurtzean, kazetari ezagun batek idatzi zidan zati bat gaizki idatzia zegoela esanez. Ederki gogoratzen dut nire lehen artikulua!
Zein da zuen ogibideetatik zatirik politena?
Antxon: Irakasle izatearen zatirik politena umeekin lan egitea dela esango nuke; umeekin denbora partekatzea, gauzak irakastea, haiengatik gauzak egitea... Oso lan aberatsa da, azkenean egunero gurekin dauden haurrak hezten ditugu. Batzuetan ez ditugu geure lanaren zati garrantzitsuenaren fruituak gertu ikusten, baina, nire kasuan gainera bosgarren eta seigarren mailatan irakasten dut, eta urte horietan irakaslea oso garrantzitsua izaten da ikasleentzat. Ardura handia dugu gainean. Oso garrantzitsua da haien aurrean zintzo jokatzea, esaten dugun guztia ongi pentsatzea, enpatikoak izatea, eta batez ere haientzat eredu izatea. Azkenaldian, asko jorratzen ari gara emozioen mundua. Nire kasuan, kurtso hasieran beti esaten diet ikasleei ordu asko pasa beharko ditugula batera, eta, denon hobe beharrez hobe dela arreman ona izatea, konfiantza edukitzea eta ongi pasatzea.
Zuriñe, kazetaritzak ere ba al du alde onik?
Zuriñe; Bai bai, badu. Adibidez, oraindik profesional mailan ez dauden kirolariek, edota erretiratzear daudenek, asko eskertzen dute haiei ere ahotsa ematea, edo azken elkarrizketak egitea. Asko gustatzen zaidan beste zati bat, gai zehatzekin erreportaje sakonak egitea da.
Zuen ogibideek alde txarrik badute?
Antxon: Beti sentitu izan naiz ongi nire lanean, eta nire kasuan alde txarrik duenik ez nuke esango. Egia da, ikasleak bezalaxe, gurasoak ere ez direla guztiak berdinak eta badaudela hain errazak ez diren guraso batzuk. Halere ez nuke alde txar gisa izendatuko. Esan bezala, gurasoak bezalaxe badaude errazak ez diren ikasleak ere. Hala ere oso gustura nago irakasle gisa, gainera, azken urteetan oso talde politak izan ditut, eta oso gustura egon naiz inongo arazorik gabe.
Zuriñe: Oraindik ez. Ez zait ezer txarrik gertatu, eskerrak! Nire lanaren zati okerrena, talde profesionalean prentsa arduradunen bat egotea izango litzatekeela esango nuke. Azkenean trabak dira, haiekin hitz egin behar izaten dugu zuzenean kirolariekin hitz egin beharrean. Gainera aipatutako hau, geroz eta kirol gehiagorekin gertatzen ari da, esate baterako, futbol taldeak komunikazio taldeak dira jada. Pilotarien kasuan berriz, ez dut gehiegitan topo egiten gizonezko pilotariekin, emakumezkoekin gehiagotan egoten naiz. Emakumeen kasuan behintzat, zuzeneko elkarrizketak egin daitezke oraindik. Mutilen kasuan zailagoa izaten da, EITB baitago tartean. Hala ere niri ez dit ilusio handirik egiten gizonezkoei elkarrizketak egitea, azkenaldian berdina errepikatzen baitute beti. Prentsa aurrean izanda, ezin izaten zaie gauza handirik atera, azkenean ez baita berdina herriko kafetegi batean elkarrizketatzea edo klubaren gela batean elkarrizketatzea. Horregatik dira hain politak kirol gutxituak niretzat!
Kirola ere urte askoren ardatza izan da zuen etxean. Antxon, oker ez banago, gorputz hezkuntzako irakasle izan zinen urte askotan, eta, zu, Zuriñe, futbolari ohia zara. Urteren batean alabaren entrenatzaile izan zinen, Antxon? Nola hasi zen abentura hori?
Antxon: Nik ere betidanik jokatu izan dut Tolosako futbol taldean. Infantiletan hasi nintzen, eta 18 urterekin gora igo ninduten ezkondu nintzen arte. Ezkondu baino urtebete lehenago utzi nuen. Noizbehinka eskatzen zidaten entrenatzaile gisara jartzeko, baina aisialdi taldean zereginak nituenez ez nuen denborarik izaten. Ondoren, urte batzuetara, nire semea futbolean hasi zen, eta berriz ere eskatu zidaten entrenatzaile izateko. Bada, entrenatzaile izan nintzen urte batzuetan Tolosako futbol taldean.
Antxon zuretzat zer da zailagoa, entrenatzaile izatea, hala irakasle izatea?
Biak antzeko esango nituzke, berdintsu, nahiz eta bakoitzak bere egin beharrak dituen. Entrenatzaile izan naizenetan ez dut presio handirik izan. Nire kasuan, gozatzea eta ilusioz entrenatzea pisutsuagoak izan dira. Irakasle gisara ere berdintsua izaten ari da esperientzia. Azkenean, gustuko duzuna egiten baduzu, zaila da zailtasun handiak izatea. Halere, horrek ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik. Lanbidea gustukoa bada, guztia askoz errazagoa da.
Zuriñe, aita entrenatzaile gogorra izan al zen?
Zuriñe: Egia esan, ez naiz asko gogoratzen. Gogoan dudan gauza bakarra, bere alaba nintzen arren, entrenamendu orduetan bat gehiago nintzela da. Niretzat bera entrenatzailea zen bezala.
Antxon: Urte horiek oso urte politak izan ziren. Infantiletan Euskadiko txapeldunak izan ginen, eta, kadeteetan, aldiz, Gipuzkoakoak. Asko irabazten genuen.
Zuriñe: Brometan esaten genuen Golden generation ginela. Urte haietan gainera ez zen Reala izaten tarteko, ez baitzegoen talderik. Egungo Realean dauden hainbat neska taldekide izan nituen bere garaian, eta orain elkarrizketatu egiten ditut. Azkenekoz, ATARIA-n bildu nituen hiru, Zarautzen jokatu zuten koparako prestatzen ari zirenean. Oso gustura egon ginen.
Eta zuk Antxon, irakurtzen al dituzu alabaren kronikak?
Hasieran askoz gehiago, baina azkenaldian ez dut denbora askorik. Jarraitzen ditut idazten dituen artikulu eta kronikak. Euskara aberatsa du, ulerterraza, eta oso gustura irakurtzen ditut.