Eta zer ez da (ez)berdin

Malbadi anaiak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko eka. 27a, 07:58

Xabi eta Ander Malbadi trikitilari albizturtarrak.

Zer da Xabi/Ander zuretzat?

Ander: Bizitzan izan dudan eta izatea nahiko nukeen bidelagun beteranoena, bizitzaren zentzu zabalenean. Etxean jaio nintzen garaietatik, baina esparru diferenteetan ere bai gainera, bai musikan, bai kuadrillan, bai eskolan…

Xabi: Niretzako are gehiago, alegia, ni jaiotzerako bera mundu honetan zelako! Nik laguna esango nuke, lagunik onena. Berak esan duen moduan, aurrerantzean ere hala izaten jarraiztea espero dut.

Nola definituko zenuke Xabi/Ander?

Ander: Oso pertsona detailista da. Buruan zerbait sartzen zaionean, hizkirik txikieneraino sartzea gustatzen zaio, eta puntu batearaino obsesiboa ere bai. Ezaugarri hori biok ere partekatzen dugu

Xabi: Ez dago erraza Ander definitzen! Beti izan da plazagizona, eta beti dauka zerbait esateko, eta umore ona ateratzen du egoera okerrenetan ere.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Ander: Detaileetara joateko horretan bere buruarengan daukan sinesmena. Askotan kanpo begiradek zalantzak sortzen dizkiote edo dizkigute, edo balio dezakeen edo ez. Xabi zerbaitekin konbentzituta baldin badago, kanpo begiradek ez diote ezer aldatuarazten. Beti aurrera egiten du!

Xabi: Lehen aipatu bezala, beti daukala zerbait esateko! Aholku bila juoaten naizenean egoera oker batean, beti kontatu dezaket berarekin.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Ander: Niregatik ere agian esan nezakeen, baina, Xabi, oso oso burugogorra da. “Arrazoi” hitza oso kotizatua den ongi bat da oro har Euskal Herrian, baita Albizturren ere, eta gure etxean zer esanik ez, eta eskerrak zirkuitu honetan gehientsuenetan ados izaten garen. Deskuidoan ez bagaude ados, ederki kostatzen zait pareko honi arrazoia kentzen.

Xabi: Zerbait negatiboa aipatzekotan, positiboa den gauza bera, alegia, beti daukala zerbait esateko! Esatekotan, Tolosaldean berarekin joaten bazara eta ezagunen bat topatzen badu, beti izaten du zeresana. Inoiz etzaio zeresana amaitzen!

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Ander: Albizturrera joaten naiz gustura. Asteburuero familia elkartzeko ohiturarekin jarraitzen dugu, nahiz, eta, nik, tarteka pipar egiten dudan. Geure eremu naturalena Albiztur da. Orain gutxiago, baina parrandara ere oso gustura joaten naiz Xabirekin.

Xabi: Edozein lekutara joango nintzateke Anderrekin, baina ezagun gutxi baleude, hobe! Batez ere, biok bakarrik egongo ginatekeen kontestu batean hobe. Azkenaldian, Ander anaia baino, Ander osaba bihurtu da, eta gehienetan umeak izaten dira erdian. Mendira edo tabernara ere bai, baina ahalko bagenu biok bakarrik.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Ander: Oholtzan pasatako une asko, noski, baina, Monacora Formula 1ª ikustera joan ginenekoa etorri zait burura. Ni Tolosan (Frantzia) nengoen ikasten, Xabi, aldiz, Arrasaten zegoen, eta asteburu batean bizipen asko pasatzeko aukera izan genuen. Oso oroitzapen polita daukat asteburu hartaz.

Xabi: Nik ere buruan neukan Monacokoa, baina, bakarra aukeratzekotan Markinako (Bizkaia) txapelketako hura aukeratuko nuke. Eta ez egunagatik bakarrik, hura prestatzeko izan genuenn ilusioarengatik. Urte asko ziren adinoken txapelketa jokatzen etzela, ez genuen edozer gauza jo nahi, Ander panderoarekin…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!