Eskualdeko trikitilaririk ezagunenetakoak dira Ander Malbadi (Albiztur, 1989) eta Xabi Malbadi (Albiztur, 1991) anaia albizturtarrak. Trikitilari ezaguna izan zen Iñaki aita laurogeiko hamarkadan, eta harengandik datorkie biei zaletasuna. Bietan zaharrenak, Anderrek, oso umetatik izan zuen bere talde propioa izateko nahia, eta Zesuma taldea sortzeko aukera izan zuen. Xabi ere, talde berean ibili bazen ere, Triklatua izeneko instrumentua sortu zuelako egin zen ezagunago 2022an. Biek ala biek, trikiti doinuen baitan daramate bizitza osoa.
Urte asko daramatzazue trikitiaren munduan, baina zein da gogoan duzuen lehen oroitzapena?
Ander: Lehen oroitzapena eta gogoratzen dudana, lau urte inguru izango nituenekoa da. Etxean, erdi jostailuzkoa zen soinu bat genuen, eta haren inguruan ibiltzen nintzen. Aita, trikiti irakaslea zen gainera. Hiru eta sei urte artean Ibarran bizi ginen, eta bertako egongelan genuen sofa batean aritzen nintzen soinuarekin pieza batzuk ateratzen. Ez nintzen oso serio aritzen, baina jolasean aritzen nintzen. Sei urte bete nituenean hasi nintzen soinua jotzen ikasten.
Xabi: Ziur esaten ez nuke jakingo. Etxean beti izan dugu soinua, eta Ander ni baino zaharragoa denez, Anderren lehen oroitzapena ere jada soinuarekin daukat. Nik halere, lehenik bateria jo nahi omen nuen. Errege batzuetako oparia izan zen hura, baina ez omen zuen asko iraun. Ondoren, Anderrek soinua jotzen zuenez, ni panderoarekin hasi nintzen. Baina harekin ere aspertu, eta ni ere soinua jotzen hasi nintzen.
Aipatu bezala, Iñaki, aita, trikitilari ezaguna izan zen bere garaian. Zuek begiak irekitzerako soinua begien aurrean izan zenuten.
Ander: Aitaren aitzakian aritzen gara musikaz, baina ama ere musikaria da. Flauta jotzen du berak, eta musikaren munduan ezagutu zuten elkar gainera. Sei urte genituenean, aitak halaxe bota zigun: «nahi duzuen instrumentua jo, baina zerbait jo behar duzue!». Aita-zulo nintzenez, eta aitak soinua jotzen zuenez, nik ere soinua aukeratu nuen.
Xabi: Txikiak ginela, ez daukat oroitzapenik erromeriatara eramaten gintuztenik. Gerora, agian, bai, baina etxetik kanpo ez genuen beste erreferentzia handirik. Aukeratzeko garaian ez genuen aukera handirik izan. Gaur egun, agian, aukera gehiago dago musika eskolengatik. Halere, denborarekin, biok ikasi genuen jotzen, bai soinua, eta baita panderoa ere. Azken nagusien txapelketan, ni soinuarekin aritu nintzen, eta Ander aldiz panderoarekin.
Aitaz harago, beste erreferenterik izan duzue trikitiaren munduan?
Ander: Nik, Gozategi entzun nahi izaten nuen une oro! Gure aita nazkatzeraino iristen nintzen [barrezka]. Umetan neukan ametsa hura zen, alegia, Gozategiren abestiak joko zituen talde bat sortzea. Beti pentsatzen egoten nintzen ea non topa nitzakeen baxua eta gitarra jo zitzaketenak… Klasean baten bat gitarra ikasten hasten bazen, harengana jotzen nuen lehenik, nahiz eta gero ez ginen ezer egitera iristen. Aurrerago, txapelketetako grabazioak deskubritu genituen. Etxean disko eta kasete mordo bat daude, baina inoiz ez genien kasu handirik egin.
Xabi: Etxean izanagatik, inoiz entzun gabeak ginen. Gu ordurako jada ordenagailuarekin ibiltzen ginen, eta han deskubritu genituen pieza haiek. Aitari aipatzen genionean, azkar erantzuten zuen disko haiek etxean bazirela ordurako.
Aita zer izan da zeuen bizitzan?
Xabi: Lehenik, irakaslea! Halere, aitaren diskoak ere nahiko berandu deskubritu genituen. Bere piezak ez zizkigun irakasten, agian, Albiztur abestia, baina askoz gehiago ez. Hori bai, exijentea izan da gurekin aita.
Ander: Aitaren bigarren kasete-a kotxean izaten genuen, baina, aitak abestiak erakusten zizkigunean, inoiz ez zuen bere diskoetara jotzen. Esaterako, bere lehen disko hura hamalau urte nituela edo entzungo nuen lehenbizikoz. Gogoan daukat disko hura nola aritu ginen digitalizatzen MP-3 formaturako. Irakasle moduan ere asko eskatzen zigun. Ia egunero jo beharra zegoen etxean!
Erromeriatan hainbat urtetan ibili zen Zesuma taldea ere sortu zenuten. Zure ametsa bete zen Ander, baina nondik etorri zen ideia hura?
Ander: Lehen aipatu bezala, Gozategiren antzeko zerbait sortu nahi nuen. Hain ederra iruditzen zitzaidan hura! Beti buruan neukan ideia zen hura, nahiz eta urte batzuetan etsi ere egin nuen. Kasualitatez, nire ikaskide bat, Alberto Garces, baxua ikasten hasi zen. Hari egin nion lehen gonbita, baina ezezkoa eman zidan lehen unean. Aurrerago, eta, asko saiatu eta gero, batera entsegatzen hasi ginen. Ez genuen asmo argirik, baina Galtzaundik antolatzen zuen proiektu batean izena eman genuen. Talde ezberdinek osatutako disko bat zen proiektua, eta nik aukerari ez nion muzin egin. Orduan, nirekin panderoa jotzen zuen Izaskun Leizak, Albertok, eta hirurok pieza bat grabatu genuen. Xabi ere prozesu guztian geure ondoan izan zen, eta azkenean izena ere jarri behar izan genion. Albizturren asko erabiltzen genuen zesuma hitza erabili genuen taldeari izena jartzeko. Urte batzuk pasa genituen erromeriatan jotzen, eta azkenerako enpresa txiki batean bihurtu zen. Asko ikasi genuen taldeko denek, baina azkenerako bakoitzak bere lana geneukan. Ia hamar urtez aritu ginen, eta 2018an eta modu naturalean uztea erabaki genuen.
Zuk Xabi, Triklatua izeneko instrumentua ere sortu duzu. Baina zer da Triklatua?
Xabi: Ordenagailuko teklatu batekin trikitia jotzeko instrumentua da Triklatua. Unibertsitatean ikasten ari nintzela etorri zitzaidan lehen ideia. Elektronikako Ingeniaritzako ikasketak egin nituen, eta orduan egin behar nuen proiektu bat izan zen hura. Lehen proiektua ez zen berdina, baina konturatu nintzen antzeko zerbait egin nezakeela. Urte askotan ahaztuta izan nuen arren, 2020an ekin nion berriro ere. Forma ematen hasi nintzen, eta, ordurako jada, Sonakai taldean jotzen hasita nengoen. 2022an taldekoei proposatu nien, soinuaren ordez Triklatua sartzea pieza batzuetan. Halaxe egin nuen. Kasualitatez, beste proiektu baterako hiru dimentsiotako inprimagailu bat erosi nuen, eta botoiak jartzeko probestu nuen. Soinuaren botoien antzekoak izatea nahi nuen. Ingurukoei erakutsi nienean, patentatzeko aukera aipatu zidaten. Aitak aurretik Soinu Txiki markarekin egiten zituen soinuak, eta izenari jarraipena emateko aukera ikusi nuen. Jendeari aparailua probatzeko aukera eskaini nion, eta haiek proposatutako aldaketa txiki batzuekin azken prototipoa egin nuen. Gaur egun, jendeari instrumentua probatzeko aukera ematen diot erosi aurretik. Publikoki salgai dago jada (Soinutxiki.eus), sareetan ere hor dago, eta komunitate txiki bat ere sortu da. Aitari eta Anderri bana oparitu nien. Anderrekin askorik ez, baina aitarekin zor batzuk banituen [barrezka].
Gaur egun osasuntsu dago trikitia?
Ander: Baietz esango nuke! Ikusi besterik ez dago Aristerrazun (Aia) aurreko astean zenbat jende bildu zen. Bere txakalaldia izan zuen arren, talde batek lan handia egin du berriro ere giroa berreskuratzeko eta mantentzeko. Exijentzia asko eskatzen du astebururo trikitilari batzuk programatzea hiru orduz jotzen egoteko. Berriro ere indarra hartzen ari da. Trikitixa elkartea ere gauza berriak egiten ari da, eta trikitia bera hainbat eszenatoki ezberdinetan ikusten ari gara.
Xabi: Bizi bizirik ikusten dut gaur egun trikitia. Anderrek aipatu du Aristerrazuk izan zuen txakalaldia, baina aldi berean ikasleek hor jarraitu izan dute. Trikiti tradizionalak berriro ere indarra hartu du, eta, aldi berean, trikiti modernoak ibilbide gorabeheratsuagoa egin du.