AURREZ AURRE
Zer da Etxahun/Blas zuretzat?
Blas: Semea. Estimu handia diot, eta gainera nire zaletasun berdinak dauzka. Horrek asko esan nahi du. Gauza asko ulertzeko ere balio du. Asko estimatzen dut musika ogibide hartu izana.
Etxahun: Aita eta gurasoa. Beti dago laguntzeko prest, eta amarekin batera beti hor daude.
Nola definituko zenuke Etxahun/Blas?
Blas: Oso langilea da eta bihotz onekoa. Konturatuta gaude bai ama eta bai ni, ordu asko sartzen dituela bateriarekin. Txikitatik oso mugitua izan da, eta amak askotan esan izan dio lehena izan balitz besterik ez zuela izango!
Etxahun: Pertsona zintzoa eta alaia. Erreferente bat ere bada.
Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?
Blas: Lanerako duen gaitasuna. Nire antzera, oso perfekzionista da, eta horrek askotan bere gauza txarrak baditu. Dohai handiak ditu musikarako, eta baita kirolerako ere.
Etxahun: Oso gertukoa da etxekoekin, eta maitasun handia erakusten du.
Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?
Blas: Beti orduarekin borrokan ibiltzen da! Ni, aldiz, alderantzizkoa naiz. Eta bizikletarekin ere arazo bat dauka. Beti kanpoan uzten du, eta nik sartu behar izaten dut barrura.
Etxahun: Hotza dela familiako gehienak garen bezala. Urduri ere askotan jartzen da. Gutxitan haserretzen da, baina haserretzen denean denak konturatzen gara.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Blas: Kontzertuetara. Gustura joan izan gara batzuetara, eta oraindik ere hortxe daukagu hemendik gutxira Errobiren kontzertua. Gehiagotan joango nintzateke kontzertuak arratsaldetan izango balira!
Etxahun: Ni ere berdin. Biok partekatzen dugun zaletasuna da kontzertuetara joatea, eta oso gustura egoten gara batera.
Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?
Blas: Surfean ikasi nahi zuen, eta uda batean bi astez joan zen hura ikastera. Asteburuetan ematen genion diruarekin, laugarren edo bosgarren taula erosi zuen. Orion ordu asko pasatzen zituen uretan hondartzan, eta ni ur hertzean egoten nintzen zain bera noiz aterako. Orduak eta orduak pasatakoa naiz bera uretatik noiz aterako zain!
Etxahun: Hala da bai! Askotan, DYA-koak zerbitzua amaitu arren, denbora gehiago pasatzen nuen uretan. Beste oroitzapen bat ere badaukat txikitakoa: klasetik atera, eta bizikletan ibiltzera joan ginen, Larraiztik Orendainera. Oso oroitzapen polita daukat hartaz.