Ume umetatik gurasoengandik jaso zuen musikarekiko zaletasuna Blas Urkizuk (Orio, 1959) bere jaioterrian, Orion, eta gaur egun ere oraindik hainbat alditan jotzera ateratzen da lagunekin, ahal duenean, Tolosako kaleetan. Etxahun Urkizuk (Tolosa, 1992), hainbat talde ezberdinetan jotzeko aukera izan du bere musika ibilbidean, esaterako, Governorsen edo gaur egun Asgarthen.
Musika da ardatz nagusi zuen bizitzan, baina nondik datorkizue musikarako zaletasuna?
Blas: Etxetik! Betidanik gogoratzen dut etxean gurasoek asko abesten zutela. Biek ere oso ondo abesten zuten, eta koroan ibiltzen ziren. Amak, gainera, koroan solista egiten zuen eta bikain abesten zuen. Aitak bere garaian ere gitarra bat erosi zuen. Oso gitarra txarra zen, baina nik harekin ikasi nuen. Nire kasa ikasi nuen jotzen. Askotan zaborretara ere botako nukeen gustura, akordeak ezin atera ibiltzen nintzelako! Ondoren, akolito moduan ere ibili nintzen bost urtez Orion, eta Tolosako apaiz izendatu berria zen Jose Etxeberriak, izugarrizko mugimendua sortu zuen herrian. Bi gazte hartu zituen txistua jotzen zutenak, eta haiei irakasten hasi zen. Zortzi neska eta hiru mutil joan ginen, eta haietatik ni bakarrik geratu nintzen. Igandero ateratzen ginen jotzera, eta azkenerako taldea ere osatu nuen. Astean hirutan entseatzen genuen.
Etxahun: Nire kasuan, nahiko berandu hasi nintzen. Etxean bai, baina jotzen beranduago hasi nintzen. Etxean beti entzun izan dugu musika, eta, familian, aitaren aldetik asko dira musikaren munduan murgilduta ibili direnak; aitona-amonak, osaba, izeba… Gehienak musikariak dira.
Zuk Blas, gurasoez gain, beste erreferenterik izan al zenuen Orion?
Blas: Orduan, nire osaba den Benito Lertxundi ere bazebilen jada. Gabonetan, herriko jendea elkartzen zen, eta, koroan entseatzen genuen, ondoren errege egunean jaialdia egiteko. Zinema areto bat bazen orduan, eta bertan egiten zen. Txistua jotzeaz gain, abestu ere egiten genuen koroarekin, eta ia-ia jaitsi ere ez ginen egiten oholtzatik! Gogoan daukat, beste talde bat ere bazegoela nahiko ondo jotzen zuena garai haietarako. Urte askotan ez zen talderik egon herrian.
Zu Etxahun, noiz konturatu zinen musikaren mundutik bideratu nahi zenuela zeure bizitza?
Etxahun: Egia esan, orain dela oso denbora gutxi! Beti gustatu izan zait musika, eta, batxilergoa amaituta soinua ikasteko gogoa neukan, baina azkenean ez nuen ikasi. Musikatik bizitzeko gogoa ez dakit inoiz izan dudan kontzienteki. Orain horretan nabil, baina, esango nuke nahigabe izan dela. Behin hasita, geroz eta lan gehiago bilatzen duzu. Kasualitatez hasi nintzen langintza honetan, eta, lehenbizikoz, Ibarran hasi nintzen Enrike Rubi-ñosekin klaseak ematen. Aurretik neukan lana utzi nuen, kontzertuetan ere ibiltzen nintzen aspalditik… Nire lehenengo musikari lana, bateria jotzea izan zen. Kobratu nuen lehenengo lana izan zen! Orain bai, kontzienteki ari naiz lanean etengabe.
Asko animatzen zenuen Etxahun musika mundura sartzeko?
Blas: Oso umetatik zuen danborrarekiko zaletasuna. Nik, halere, bai alabari eta baita berari ere txistua erosi nien, baina ez dute inoiz ukitu ere egin! Egun guztia danborrarekin pasatzen zuen.
Etxahun: Oraindik etxean daukagu oparitu zidaten lehenengo kaxa. Inauterietan gogoan daukat txarangaren atzetik harekin ibili izana.
Bateria jotzaile izan nahi zenuela betidanik izan duzu argi?
Etxahun: Bai. Hala ere, egia da, ahalko banu munduko instrumentu guztiak joko nituela. Instrumentu guztiek dute bere xarma, baina, egia da txikitatik gustuko izan dudan zerbait dela, eta, horretan saiatu naiz gehiago, eta horretan egin dut hobekuntza handiena. Instrumentu honen gauza politak ikusi ditut, eta horregatik aukeratu nuen bateria. Aitaren txistuarekin ez nintzen hainbeste saiatu. Lau edo bost aldiz besterik ez nuen hartuko!
Eta zuk Blas, nola aukeratu zenuen zer jo nahi zenuen?
Blas: Txistuarekin baino lehenago hasi nintzen gitarrarekin, baina, lehen aipatutako apaiz hau azaldu zenean, jendea behar zuen, eta, gu askotan berarekin egoten ginenez, txistua jotzen hasi ginen. Oso gustuko dut. Orain, Tolosan ere jotzen dut jubilatuekin. Lehen, urtean behin edo bitan jotzen genuen, eta, orain, aldiz, kontaezinak dira jotzera ateratzen garen egunak. Musu truk jotzen dugu gainera! Merkeak ateratzen gara! Beti izan dut gustukoa txistua jotzea, eta, orain, lehen baino gusturago jotzen dut.
Etxahun: Gauza bat aitortuko dut, oso txistulari ona da aita!
Bakoitzak bestearen arrastoa jarraitu izan duzue?
Etxahun: Bai. Egia da, etxean, lehen ez zuela asko jotzen, agian, instrumentu zaratatsuegia delako edo. Gitarra jotzen gehiago ikusi izan dut. Bere garaian baxua ere jotzen zuen ezkontzetan ibiltzen zelako. Beti zerbait jotzen ikusi izan dudanaren oroitzapena daukat. Ospakizunetan, beti, gitarra eramaten du.
Blas: Eramateko esaten didatelako eramaten dut [barrezka].
Eta zuk Blas, Etxahunena jarraitu duzu?
Blas: Bai bai, asko. Gogoan daukat lehenbizikoz lehiaketa batera joan zirenekoa. Bere lehen kontzertua izan zela uste dut gainera. Oso pozik nago semeak nire arrastoa jarraitu izan duelako. Alaba ere pianoarekin hasi zen, baina unibertsitatera iristean utzi egin zuen.
Etxahun: Aitortu beharra daukat, areto-futbolean hainbat urtetan ibili arren, inoiz ez zirela ni ikustera joaten. Musikarekin, aldiz, lehen egunetik hor izan ditut alboan, bai aita eta baita ama ere.
Imajinatzen al duzue zuen etxea musikarik gabe?
Blas: Ez! Elkarrizketa honetara gentozela, buruan kantari nentorren. Fandango bat atera dut aste honetan, eta hari bueltaka nenbilen. Osatu dut, baina nola hobetu dezakedan pentsatzen nabil une oro. Askotan entzun dut egun hauetan, baina beti ateratzen diot zer hobetu.
Etxean elkartzen zaretenean, denak batera zerbait jotzeko baliatzen duzue?
Etxahun: Isidro Larrañagaren akademiaren harira jo nuen lehenbizikoz aitarekin batera. Orain dela lau edo bost urte izango zen. Gabonetan bai, izaten dugu kantatzeko joera.
Hainbat taldetan jotzen ibilitakoa zara zu Etxahun, esaterako, Ilhotz, Governors edo Asgarth taldeetan. Hori zerbait bada.
Etxahun: Talde gehiagotan ere jo dut! Switch izan zen nire lehen taldea. Haiekin grabatu nuen lehen diskoa, besteak beste, Dolce Tanganarekin eta Glaukomarekin batera. Talde gehienak Otxabiko lokalean grabatzen genuen, eta denon artean Sputnik 11 izeneko zerbait grabatu genuen. Ondoren, Zesuma taldean ere jo nuen Malbadi anaiekin erromeriatan. Aldi berean, Ander Zubillagarekin ere jarraitu nuen Governorsen jotzen, eta gaur egun berarekin egiten dut lan. Gehienetan ondoan izan dut Zubillaga.
Gaur egun zer da musika zuentzat?
Blas: Edozein lekutan eta edozein momentutan musikarekin pentsatzen egoten naiz. Txikitatik egon gara musikan murgilduta, eta guretzat bizitzeko modu bat bihurtu da.
Etxahun: Ia ia nire bizi osoa. Lana musikan egiten dut, zaletasun nagusiena ere musika da, eta ia egun guztia musikarekin pasatzen dut. Kontzertuetatik nekatuta iristen naizenean, egun batzuetan ez dut musikarik entzun nahi izaten. Bestela, egunero entzuten dut zerbait.