Eta zer ez da (ez)berdin

«Esfortzu handia eskatzen duten kirolak dira arrauna eta herri-kirolak»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko mai. 9a, 11:41

Izaskun eta Joxe Anjel Sarasola

Asteasun kirolera lotuta dagoen familiarik ezagunenetako bat izango da Joxe Anjel eta Izaskun Sarasola aita-alabena; biek ere, urte asko pasa zituzten kirolari lotuta; orain, jarraitzaile izaten segitzen dute.

Harri jasotzen hainbat urtetan ibili eta gero, herri-kiroletan aritzen da esatari moduan gaur egun Joxe Anjel Sarasola (Asteasu, 1963) aita. Izaskun Sarasola (Asteasu, 2001) alabak, aldiz, arraunean eman zituen bere kirol ibilbideko urterik oparoenak, eta Kontxan parte hartzea zer den ere ezagutu zuen.

Zu, Joxe Anjel, nahiz eta orain esatari moduan aritu, harri jasotzen ibilitakoa zara urte askoan. Zu, aldiz, Izaskun, arraunean aritu zinen hainbat urtetan. Nola gogoratzen dituzue hastapenak?

Joxe Anjel: 1990etik 2000. urtera bitarte aritu nintzen harriak jasotzen. Aurretik nire kasara aritzen nintzen kirol pixka bat egiten. Festetan hasi nintzen harriak jasotzen, eta ondo ibiltzen nintzela-eta, 175 kiloko bat jasotzeko konbentzitu ninduten. Hura jasotzea lortu nuen, eta handik aurrera bide bat egin nuen. Garai haietan, Adunan entrenatzen nuen Gorostidiren etxean. Taldetxo bat egitea ere lortu genuen, eta haien babesean aritu nintzen. Kateatuta gelditu nintzen mundu horrekin. Zortez, nire idoloak zirenekin hasi nintzen hainbat erakustaldietan, esaterako, Zelairekin, Perurenarekin edo Goenatxorekin. Niretzako izugarrizko gorakada izaten zen hura! Pizgarria zen hura harriak jasotzen segitzeko. Harriaren aitzakian, bidaia batzuk egiteko aukera ere izan nuen Australiara, Parisera, Marsellara, edo Espainiako hainbat txokoetara. Ibilbide aberasgarria izan zen.

Izaskun: Igeriketan ibilitakoa naiz, baina, DBHra iritsi nintzenean beste zerbait probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Lehiaketetan bakarrik ibiltzea ez nuen gustuko, eta, uda batean, Asteasuko lagun batzuekin Tolosara etorri ginen arrauna probatzera. Gustatu egin zitzaidan. Aldi berean, arraunean eta igeriketan aritu nintzen, baina, ikasketak ere tartean zirela, igeriketa utzi nuen. Lehenik, bateletan pasatu nituen urte asko, eta trainera atera zutenean bertan murgildu nintzen. Urte asko pasa nituen azkenean. Unibertsitateko bigarren urtean uztea erabaki nuen. Azkenerako, arraunak ematen zidana eta kentzen zidana batera ez zetorrela ikusita, utzi egin nuen. Oraindik ez dut baztertu etorkizunean itzultzea.

Gogoan daukazu Joxe Anjel, Izaskunek arraunean hasi behar zuela esan zizuneko egun hura?

Joxe Anjel: Bai, gogoan daukat. Edozein kirol espero nuen, baina arrauna izango zenik ez nuen pentsatzen. Kirol gogorra eta lotua da, eta pentsatzen nuen segituan utziko zuela. Asteasutik bost joan ziren probatzera, eta urte batzuetara bera bakarrik gelditu zen.

Zergatik utzi zenuen kirola Izaskun?

Izaskun: Taldekako kirola izanik, asko bultzatzen du gehiago saiatzeko. Uretan eta fisikoa lantzen oso ondo pasatzen genuen, baina ondoren dena nahasten da. Jai egun bat bakarrik izaten genuen astean, pisua kontrolatu beharra dago, gehiago saiatzea tokatzen da… Exijentzia handiko kirola da, eta inork ez du ikusten egiten genuen lana. Unibertsitatean ere Bilbon hasi nintzen, eta lehen urtean joan-etorrian ibili nintzen. Azkenerako, frustrazio moduko bat sentitzen nuen neure buruarekin.

Asko jarraitu zenuen Izaskunen ibilbidea?

Joxe Anjel: Bai bai, asko. Hasieran ez nuen ezer ulertzen arraunaz, baina azkenerako dena nekien [barrezka]. Atzetik ibiltzen nintzen aldiro. Santoñan (Kantabria, Espainia) irabazitako lehen bandera ere oso gogoan daukat, eta ondoren irabazitakoak ere bai. Poz handiak hartzen nituen bere helburuak lortzen zituztenean. Beti laguntzeko egon izan naiz. Nik ere azkenerako izugarrizko ilusioa neukan. Baina oso kirol gogorra da. Izugarria da arraunetik bizi ez den arraunlari bati eskatzen zaiona. Nik harri jasotzen ez nuen horrelakorik bizi izan. Sakrifizio asko egitea eskatzen duen kirola da arrauna.

Lehen aipatu bezala, harria jasotzetik utzi, eta esatari lanetan hasi zinen herri-kirolen munduan. Nondik sortu zitzaizun langintza horretan aritzeko aukera?

Joxe Anjel: Lehenik, harri jasotzaile batzuei laguntzen hasi nintzen harria jartzen, eta orduan nabaritzen nuen jada inork ez zuela ezer aipatzen harri jasotzaileen lanaz. Esaterako, Goenatxo, Izeta edo Zelai plazan zeuden, eta jendea haiei begira gelditzen zen mutil kozkorrei begira egongo balira bezala. Gutxira, laguntzen eta hitz egiten hasi nintzen aldi berean. Estimu handia izan zuen herri-kirolarien partetik, eta handik aurrera plaza gehiago egiten hasi nintzen. Ataria Irratian ere aipamen batzuk egiten nituen. Ez nuen inoiz pentsatuko honetan bukatu behar nuenik! Gaur egun 60 plaza inguru egiteko askoren beharrik ez.

Etxean asko botatzen duzue faltan aita asteburuetan?

Izaskun: Askotan, ostiralean Bilbotik itzultzen naizen momentuan bakarrik ikusten dut aita asteburuetan!

Etxean asko hitz egiten duzue kirolaz?

Izaskun: Uste dut garaiak ditugula. Esaterako, pentatloien edo duatloien garaia iristean, Asteasun Herri-Harri egin zenean… Askotan aipatzen dizkit horrelako gauzak, eta nik ere galdetzen diot hainbat gauzei buruz. Asko animatzen digu ikustera joateko, nahiz eta ia ez garen azaltzen [barrezka].

Joxe Anjel: Beste alaba ere kazetaritzako ikasketak egiten ari da, eta hura ere aritzen zait azterketa batzuk egiten.

Kirolaren aitzakian asko sufritu izan duzue?

Joxe Anjel: Nik askorik ez. Ni ere ibilitakoa nintzenez, Kontxara sartu zireneko hura gogoratzen dut. Espero ez zutenean sartu ziren, eta, ondoren, espero zutenean ez ziren sartu. Sufritzen ikusi nituen! Kirola hori da. Espero ez diren gauzei buelta ematea, ikastea da.

Izaskun: Hainbeste lan egin eta gauzak gaizki ateratzen direnean… Ez dut ondo eramaten, baina horretatik ere ikasi egiten da. Arrauna utzi nuenean ere oso gaizki pasa nuen. Halere, egia da, irailean eta urrian txapelketak amaitzean hutsunea nabaritzen nuela.

Asko kostatu zitzaizun uzteko erabakia hartzea?

Izaskun: Bai, dezente. Ez nuen denboraldia hasi nahi, banekielako hasiz gero ezingo nuela utzi. Ikasketengatik aipatu nien uzteko erabakia hartua nuela. Taldekideei banaka kontatu nien erabakia. Saiatzeko esan zidaten, eta hasi ere egin nintzen berriro Aste Santura arte. Baina gutxira estropadak hastera zihoazen, eta burua jada lanean hasita zegoen. Erreta amaitzea baino nahiago izan nuen bere garaian uztea.

Joxe Anjel: Telefonoz deika hasi zitzaizkien ez uzteko esanez! Une gogorrak izan ziren, eta telefonoa eskegi eta negar malkotan ikustea…

Zertan dute antza herri-kirolek eta arraunak?

Joxe Anjel: Antza gutxi dute biek ere! Nik askotan aipatu izan dudan gauza da, herri-kirolek badutela berea, baina, baten batekin parekatzekotan, sokatirarekin izango litzateke. Harri jasotzen edo aizkoran bakarrik zaude, eta beste askotan ere bai. Biak ezagututa, ez ditut uztartzen.

Izaskun: Egin beharreko esfortzuan bakarrik dute antzekotasuna. Ez dira denbora luzeko lanak, eta denbora horretan ahal den guztia eman behar izaten da. Esaterako, ez da futbola bezala uneren batean atseden hartzeko denbora hartzen dutela.

Bakoitzari, egun ahaztezin bat aipatzea eskatuko dizuet; zuri, Joxe Anjel, esaterako, esatari gisara inoiz ahaztuko ez duzun apustu bat?

Joxe Anjel: Zorigaiztoko ezbehar bat gertatu zen bat datorkit burura, 2010ean Joxe Mari Mendizabal hil zenekoa. Joxe Mari Olasagastiren aurka izan zen, eta ni ere apustuaren erdian ibili nintzen, bai antolatzen eta baita laguntzen ere. Hura eta gero, bolada txarra izan nuen. Oroitzeko beste bat, osabarekin joan nintzenekoa. 18 urte izango nituen, eta inoiz jokatutako apusturik luzeena izan zen, Joxe Mari Mendizabalek eta Mikel Mindegiak jokatutakoa. Lau ordu eta gehiagoko apustua izan zen. Oso apustu gutxi ikusita nintzen ordura arte, eta ikaratzeko moduko lan bat iruditu zitzaidan. Gizakiak ez zirela iruditzen zitzaidan! Asko markatu ninduen apustu hark. Handik aurrerakoak ez zitzaizkidan hain handiak iruditzen.

Eta zuk, Izaskun, arraunean bizitako unerik ahaztezinena?

Lehenengo bandera edo lehenengo Kontxa esango nituzke. Lehenengo banderan traineruaren barruan nengoen. Hori ez da beti pasatzen, eta aldea izaten da barruan joatea edo ez joatea. Santoñan (Kantabria, Espainia) izan zen, eta gurasoak ere bertan zeuden. Hura amaitzean egun pasa egiteko asmoa geneukan, baina, irabazi eta gero etxera itzuli nahi nuen Tolosan ahalik eta ondoen ospatzera. Kontxara sartu ginenekoa ere izugarria izan zen. Ez genuen espero sartzea, baina zorte pixka batekin sartu egin ginen. Kontxako eguna ere handia izan zen. Behin barruan izanda, berdin zitzaidan azkena izanda ere. Halere, argi geneukan onena eman nahi genuela, eta urte guztian egindako esfortzua erakutsi nahi genuela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!