Zer da Izaskun/Joxe Anjel zuretzat?
Joxe Anjel: Ez nuke alaba denik bakarrik esango. Aita bat nola egiten den faseka-faseka erakutsi didan alaba bat izan da.
Izaskun: Aita eta etxeko gizona! Aita bat izatea zer den erakutsi didan pertsona bat izan da.
Nola definituko zenuke Izaskun/Joxe Anjel?
Joxe Anjel: Nahiko alaia, horretan ez daukat zalantzarik. Erronketan, bere egoskortasuna erakutsi dit. Hasiera batean asko sinisten ez banuen ere, erakutsi zidan bere buruari gogor egiten dakiela.
Izaskun: Hiztuna, asko gustatzen zaio hitz egitea. Berak ikusten duena besteei transmititzea gustatzen zaio. Saltseroa ere bada! Leku guztietan sartzea gustuko du.
Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?
Joxe Anjel: Pertsona ona dela, eta gauzak garbi adierazi izan dituela beti. Zerbaitekin ezin duenean, esateko gaitasuna dauka, eta ahal duenean poztasuna erakusteko gai da. Asko baloratzen dut konfiantzazko alaba bat izatea.
Izaskun: Dena positiboa da gure erlazioan, eta beti izan dut bere babesa erabaki guztietan, bai alde zegoenean eta baita aurka zegoenean ere.
Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?
Joxe Anjel: Ikasketetan amarekin gatazka batzuk izaten ditu, justu samar ibiltzen delako. Halere nahiago dut gauza positiboekin gelditu.
Izaskun: Egia esan, ez dakit zer gauza txar esan! Ez da zorrotza nirekin, eta nahiko ondo konpontzen gara elkarrekin.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Joxe Anjel: Zaletasun asko ditut, baina, bat badaukat denen gainetik, alegia, motorrean ibiltzekoa. Berarekin gustura egingo nuke hilabete bateko bidaia bat Ipar Lurmuturrera (Norvegia) edo.
Izaskun: Nik ere berdina esango nuke. Txikitatik amestu izan dugun gauza bat da, eta gustura egingo nukeen zerbait izango litzateke.
Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?
Joxe Anjel: Pasadizo asko izan ditugu, baina, esango nuke, 13 urterekin edo igeriketa utzi zuenean. Denbora bat egin zuen kirolik egin gabe, eta, halako batean, arraunean hasi behar zuela esan zidan. Unean bertan, bere amari aipatu nion; hamabost egun iraungo du! Hatzak urratzen hasten denean utzi egingo du! Aurkakoa gertatu zen. Urte asko pasa zituen azkenean, eta bere lana bikain egin zuen.
Izaskun: Beti egin izan ditugun familiako planetan gertatzen zaizkigun gauzekin geldituko nintzateke. Beti izaten dugu zerbait berezia!