Zer da Iban/Jose Luis zuretzat?
Jose Luis: Nabarmen, semea, baina laguna ere bai.
Iban: Niretzat ere horixe, aita, eta bizitza honetan asko lagundu nauen pertsona bat.
Nola definituko zenuke Iban/Jose Luis?
Jose Luis: Bigarren semea da, eta horrek ere zeresana badu arlo askotan. Bihotz onekoa da, eta nahiko errez azaleratzen ditu bere pentsamenduak eta sentimenduak.
Iban: Beti hor egongo den pertsona bat, eta beti ondoan izango dudana gomendioak emateko.
Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?
Jose Luis: Lehen aipatu dudan bezala, egoskorra izatea zentzu onean. Erabaki bat hartzean hari heltzen dio, eta esfortzu hori egiten du berea defendatzeko.
Iban: Nik ere lehen aipatu dut ezaugarri asko dituela. Bere izaera eta bere jarrera ere goraipatu nahi nituzke, bai etxean eta baita kanpoan ere.
Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?
Jose Luis: Egoskorrak izateak ere alde negatiboa badauka, eta hori umetan gehiago nabarmentzen zitzaion. Lepotik heldu behar izaten nion askotan gauzak eginarazteko [barrezka].
Iban: Ez hain positiboa denok izaten dugu zerbait! Zerbait esatearren, eta nahiz eta gutxitan izaten zen, haserretzen zenean, argi! Belarriak ondo jaitsi eta esandakoa egin behar izaten genuen.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Jose Luis: Askotan joaten gara mendira. Esaterako, orain dela gutxi Dolomitetara (Alpeak, Italia) joan ginen eta oso ondo pasa genuen astea.
Iban: Berak esan duen bezala, munduko edozein lekutara, baina ahal bada mendira. Alpeetan egon garen antzera, munduko edozein lekutan.
Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?
Jose Luis: Ez daukat bat bereziki gogoan.
Iban: Asko dira pasatako uneak, baina pare bat baditut oso gustukoak. Txikitan, eta Urteberri Egunean, Izabara (Nafarroa) joaten ginen eskiatzera. Gaur egun jende asko aritzen da eskiatzen Urteberri Egunean, baina orduan ia inor ez zen izaten. Paraje haietan eskiatzen ibiltzeak ez du preziorik! Eta bigarrena, hilean bitan edo joaten ginen Berastegitik Gaztelura oinez. Amona genuen Gaztelukoa, eta aitona Larteko tontorretik gertu zain egoten zen bertara joateko. Bertan bazkaldu ondoren, berriro ere oinez itzultzen ginen Berastegira.
Jose Luis: Ni ere orain gogoratu naiz hartaz! Askotan joaten ginen, bai, eta aitonak irrintzi bikainak botatzen zituen.