Jada zazpi urte baino gehiago pasa dira Jose Luis Agirrezabalak (Tolosa, 1951) erretiroa hartu zuenetik. Geroztik, Iban Agirrezabala (Berastegi, 1986) semeak jokatzen dituen ultra distantziako hainbat lasterketatan ikusle gisara ikustea ohikoa da. Biak dira kirolaren maitale. Aitaren betiko ofizioaz, eta semearen gaur egungo zaletasunaz hitz egiteko elkartu nahi izan ditugu.
Nolatan hasi zinen medikuntzako ikasketekin?
Jose Luis Agirrezabala: Nork daki! Oraindik ere ez dakit zergatik erabaki nuen. Berez, Batxilergoan, zientzietarako joera handiagoa neukan, alegia, matematiketarako edo fisikarako. Erraztasun handiagoa nuen zenbakiekin, memoria baino, baina horrela aukeratu nuen. Valladoliden (Gaztela eta Leon, Espainia) medikuntza ikasten hasi nintzenean ez ginen berrogeita hamar baino ikasle gehiago izango eskualdekoak unibertsitate hartan, baina, ikasketak amaitzerako berrogeita hamar inguru izango ginen jada medikuntza ikasten bakarrik.
Zuek Iban, nola oroitzen duzue aita txikitan?
Iban Agirrezabala: Gu jaiotzerako jada medikua zen aita, eta Berastegin zeukan bere plaza. Guk ez genuen mediku gisara hartzen aita. Bera ere kirol asko egindakoa da, eta guretzat beti izan da oso gertukoa. Gauzak behar genituenean bai, orduan beti esaten genuen; aita medikua dugu, e! [barrezka]. Badakizue umeak nolakoak diren sei edo zazpi urterekin.
Urte askotan, Jose Luis, apaizarekin batera herriko gizonik ezagunena izango zinen.
Jose Luis: Ez dakit nik! Ez dakit ondo esana dagoen, baina ez ginen oso ondo konpontzen [barrezka]. Orain ez dakit nola izango den, baina garai haietan berezi samar bezala ninduten herrian. Ez nuen batere gustuko halere! Gogoan daukat behin, etxe batera joan nintzela bertako amonari bisita egitera, eta haren alabek zuka egin zidatela. Amonak errieta egin zien, alegia, niri berorika egin behar nindutela esanez!
Herrian, 'medikuaren seme-alabak' bezala ezagutzen omen zintuzteten Iban.
Iban: Bai, hala da! Halere, normaltasun puntu bat ematen genion. Etxean jasotako heziketarengatik beti garbi izan dugu, nahiz eta aita herriko medikua izan ez zela ezer berezia. Beste pertsona normal bat bezala sentiarazten zuen jendea, eta gu ere bai. Kalean bai, gu beti izan ginen medikuaren seme-alabak.
Erraza al da Berastegi bezalako herri txiki bateko medikua izatea?
Jose Luis: Esperientzi ona daukat. Beste herrietan ez dakit nolakoa izango den, baina, Berastegin hogeita hamahiru urte igaro ondoren, ezin naiz kexatu. Lehen hamar urtetan edo, hogeita lau orduz ginen mediku, baita jaiegunetan ere. Txandaka ibiltzen ginen Ibarrakoarekin. Ondoren, larrialdietako zerbitzua jarri zuten Tolosan. Berastegin bilera bat antolatu nuen egoeraren berri emateko. Arrakasta izan zuen bilerak. Ehuneko ehunean oso zaila da, baina ia denek errespetatu zuten. Jendeak bazekien orduz kanpo nora joan behar zuen.
Zu Iban, kirolaria izan zara beti.
Iban: Txikitatik ibili gara kirolean, eta gurasoek ere gonbidatzen gintuzten horretara. Eskiatzera ere askotan joaten ginen, esaterako, bi edo hiru urterekin jada eskien gainean jarri gintuzten haiek lagunduta. Denetik egin dut, pilota, krosa, futbola… Azkenean erabaki bat hartu beharra zegoen, bestela denak erotuko genituelako! Ni futbolarekin gelditu nintzen. Tolosa Futbol taldean urte asko egin nituen, eta hirugarren mailara ere iritsi ginen. Ondoren Azpeitian ere lau urtez jokatu nuen hirugarren mailan. Futbola utzi nuenean ekin nion korrikari, eta bereziki mendiko lasterketei.
Etxean kirola egitea ezinbestekoa izan al da?
Jose Luis: Ni gazte garaietan ere ibili nintzen kirolean. Ez nuen denbora gehiegi izaten, baina ni ere korrika eta pilotan ibili nintzen. Umeak izandakoan, mendirako joera hartu genuen. Seme-alabek beti izan dute kirolerako zaletasuna, eta, nik, ahal izan nuen neurrian laguntzen nien, esaterako, norabaitera eraman behar banituen, edo aholkuren bat emanez.
Iban, zure gazte garaietan, aita zer zen, jarraitzaile sutsua edo aholkularia gehiago?
Iban: Bietatik pixka bat! Jarraitzaile sutsua ere bazen, eta orain ere bilobekin horrela jarraitzen du izaten [barrezka], baina aholkulari ere izan zen. Niri, esaterako, hamaika edo hamabi urterekin Elgoibarko Krosean, edo Donostiako Nazioartekoan parte hartutakoan, beti gauza bera esaten zidan; zuk arnasa ondo kontrolatu! Hori ez zait inoiz ahaztuko.
Kirolean daramatzazun urteetan askotan tokatu izan zaizu aitarengana joatea aholkuak eskatzera?
Iban: Bai. Lehen esan bezala, nerabe nintzela eta korrika hasi nintzenean, beti izaten nuen lehiarako grina, eta aitarengana jotzen nuen. Ondoren, futbolean aritu nintzenean ere askotan galdetzen nion ea zer moduz jokatu genuen. Orain, aldiz, batzuetan aipatu edo galdetzen dizkiot elikadurako kontuak bera mediku izan den aldetik, edo lesio kontuak.
Aitak inoiz imajinatzen al zuen etxekoren bat mediku ikasketak egiten?
Jose Luis: Umetan galdetzen nien noizean behin, eta erantzuna beti berdina zen, ezetz! Beti erantzuten nien, baina hain gaizki ikusten al nauzue edo?
Zer dio semeak?
Iban: Mediku izateko asko ikasi beharra dago, eta gaztetan, eta herri txikiagotan gehiago, beti pentsatzen da, nik zertarako ikasi behar dut? Denborarekin konturatzen zara ikasteak zein onura dituen lan onak lortzeko. Baina hori lortzeko hamar urtez ikasi behar da, gainera kanpoan… Guk orduan sakrifizio handia ikusten genuen. Gaztetan gainera badakizu, dirua nahi izaten dugu, kotxea nahi dugu, parranda egin nahi dugu, eta gainera gauzak azkar lortu nahi ditugu. Gauza errazagoen bila joan izan gara orokorrean.
Gaur egun erretiroa hartuta zaude zu Jose Luis. Semearen nondik norakoak jarraitzen dituzu?
Jose Luis: Bai, dezente. Ez naiz bere lasterketa guztietara joaten, askotan, berak ere ez duelako esaten norabaitera badoala. Ahal dudan gehienetan edo garrantzitsuenetan han izaten naiz.
Osasuntsuak iruditzen zaizkizu gaur egun semeak egiten dituen lasterketa luze horiek?
Jose Luis: Nire zalantzak ditut. Urte gutxi pasa dira mendiko lasterketak hasi zirenetik, eta epe luzera ikusiko ditugu kirol honek utziko dituen ondorioak. Ez daukat esperantza handirik. Fisiologikoki eta urteen poderioz, jendeak arazo artikularrak izaten ditu bestela ere, baina iruditzen zait kirol honek horrelako arazoak aurreratu egingo dituela. Ikusi egin beharko da.
Zer dio semeak?
Iban: Zer esango dut ba! Aitak esaten duen moduan, ikusten dut denbora azkartu egingo dela lesio aldetik, eta gainbehera hori lehenago etorriko da normalean baino. Bestalde, psikologikoki ere arazo handiak izango direla iruditzen zait. Jendea oso lehiakorra dator oso gaztetatik. Oso denbora gutxian maila gorenean egon nahi dute, eta horrek psikologikoki jendea lur jota uzten du. Elite mailara azkar iritsi nahi du jendeak, eta horrelakoetan dena gaizki egiten da, bai psikologikoki eta baita fisikoki ere, bolumen asko, entrenamendu asko… Oraindik esperimentatzen ari den kirola da mendi lasterketena. Alde psikologikoa asko landu beharko litzateke etorkizunera begira.
Badirudi buru osasunaren gaia azken urteetako kontua dela, baina zuen garaian ere izango ziren ba horrelako arazoak, ez Jose Luis?
Jose Luis: Bai, baina gehienetan ezkutatu egiten ziren. Kasu nabarmenenak eliteko kiroletan azaleratzen ari dira, besteak beste futbolean. Gaur egun azaleratzen diren arazoak orain dela urte dezente azaleratu balira, askok esango lukete: «señorito horiek irabazten dutenarekin, zer gehiago nahi dute ba?». Askok pentsatzen dute ofizioarekin batera doala presio hori aguantatu beharra. Gaur egun ari dira bistaratzen kasu asko, eta ziurrenik aspalditik datorren arazo bat izango da. Badira futbolari ezagun batzuk ondoren drogaren munduan amaitu dutenak. Ziur, hori, denaren ondorio bat dela.
Aitak dituen ezaugarri guztietatik bat aukeratzea eskatuko banizu?
Iban: Ezaugarri asko ditu, baina, gehienbat, daukan pazientzia. Gurekin asko izan du, baina orokorrean ere izugarria dauka. Ni saiatzen naiz alabarekin pazientzia izaten, baina oso zaila da aitak duena izatea.
Eta aitak, semearen zein ezaugarri izatea luke gustuko?
Jose Luis: Zerbait esku artean daukanean hura burutu arte izaten duen jarraikortasuna. Zentzu onean esanda, bere egoskortasuna.