Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

[Oholtzapetik] Epela

Irudianm, Beñat Iguaran Mauleko finalaurrekoan abesten.

Mauleko euri erauntsi eta hotzetik ihesi saio bero-bero bat desio genuen Ororena pilotalekura hurbildu ginen bertsozaleok. Halaxe sartu ginen; aterkiak astinduz eta kokotsa makurtuta, uzkur, hotzez. Eta atera epel. Nahi eta espero baino saio epelagoa joan zelako.

Faborito ziren bertsolariek ez zuten beren egunik onena izan, eta inor lurrean narras ibili ez zen arren, inork ez zuen lortu goia jo eta tenperatura guztiz igotzerik.

Epel aritu zen Beñat Iguaran ere. Agurrean jendea harritu nahi zuela esan zuen eta haren inguruan ibiltzen garenok badakigu baduela horretarako gaitasuna, baina ez zuen lortu bere maila ematerik eta berak ere epel samar utzi gintuen sorpresatxoren desiraz joan ginen hurbilenekoenak. 

Zortziko handian duela hamar urte okupatu zituzten lur sailean nekazari lanetan ziharduten bi lagunen paperean aritu ziren, udaletxeak ordea, lur haietatik joateko agindua eman zien. Etxahunek hasi zuen ofizioa eta hark hartu zuen bertsotarako jarrerarik errazena: etsipena. Beñatek, jarrera positiboago bat hartu eta elkarrizketa bat sortzen saiatu zen arren, ezin izan zuen lana berea duen freskotasunez osatu.

Zortziko txikian ere ezinean ibili zen Gaztelumendirekin. Iguaran tabernaria zen eta Gaztelumendi aldiro abesti bera eskatzera hurbiltzen zitzaion bezeroa. Ofizioa ondo hasi bazuen ere ezin izan zituen ohikoak dituen umorea eta erantzun zorrotza erakutsi.

Puntu erantzunetan lehen biak ondo erantzun zituen, baina hirugarrenak ihes egin zion. Seiko
motzean sexu gehiegikeriak jasan zituzten aktoreen paperetik aritu ziren Beñat eta Julio Soto. Soto erasotzailea salatzearen alde zegoen, Beñatek nahiago zituen gauzak bere horretan utzi. Gai eta jarrera zailak tokatu zitzaizkion, baina jakin zuen ofiziotik nahiko airoso ateratzen.

Kartzelakoa izan zen Beñaten ariketarik onena. Halaxe zioen gaiak: «Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna uztea erabaki duzu». Bere estiloan, sinple eta txukun Orioko arraunlari baten lekutik kantatu zuen, Kontxako bandera irabazi ondoren arrauna uztea erabaki duen kirolari baten paperean jarri zen. 

Amaieran esandakoa, epel eta gehiago egin zezaketenaren sentsazioa. Baina bertsoa hori da, batean goian eta bestean behean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!