Ofiziotan ez da nahi bezain suelto ibili amasarra eta erosoago ariru da bakarkakoetan, bereziki kartzelan. "Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna uztea erabaki duzu" izan dute bertsolariek hiru bertso botatzeko gaia. Iguaranek Orioko arraunlariaren paperetik kantatu du, bertsoaldi txukuna osatuz. Honenbestez, 604 puntu eman dizkio epaimahaiak eta ia ezinezkoa izango du finalaurrekoen bigarren itzulian kantatzea.
Mauleko finalaurrekoa, aurreko biak baino hotzago joan da eta ez da goia jo duen bertsoaldirik izan. Beñat Gaztelumendi aritu da erregularren eta akats nabarmenik egin gabe osatu du saioa. Horri eskerrak batu ditu 694,5 puntu añorgarrak.
Printzak utzi dituzte Julio Sotok eta Nerea Ibarzabalek, eta hurrenez hurrenez, 668,5 eta 663 puntu eskuratuta bigarren eta hirugarren sailkatu dira. Finalaurrekoen bigarren itzulira pasako dira biak eta Etxahun Lekuek ere izan ditzake aukerak, 656,5 puntu eskuratu baititu gaur.
Atzerago sailkatu da Nerea Elustondo eta ofiziotan maila eman duen arren 637,5 punturekin zailagoa izango du bigarren itzulira sailkatzea. Iguaranek ere aukerak galdu ditu eta 'Agur Xiberua' doinuarekin agurrean kantatu bezala txapelketaren trenetik jaitsi da.
Durangon lehen itzuliko azkena
Honenbestez, argitzen ari da zein 18 bertsolari pasako diren finalaurrekoen bigarren itzulira. Postua ziurtatuta dute Sustrai Colinak, Maialen Lujanbiok eta Beñat Gaztelumendik; Lehenak eta azkenak, Amurrion kantatuko dute eta hernaniarrak Donibane Lohitzunen.
Finalaurrekoen lehen itzuliko azkeneko saioa, azaroaren 12an jokatuko da Durangon eta han Tolosaldeko bi ordezkari izango dira: Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran. Beraiekin batera oholtza gainera igoko dira Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza eta Miren Artetxe. 17:00etan hasiko da saioa Landako gunean.
Hau da, orain arteko sailkapena:
Maialen Lujanbio 750 puntu *
Sustrai Colina 705,5 puntu *
Aitor Sarriegi 705 puntu
Igor Elortza 703 puntu
Beñat Gaztelumendi 694,5 puntu *
Agin Laburu 690 puntu
Jon Martin 671 puntu
Jone Uria 669 puntu
Julio Soto 668,5
Unai Agirre 667,5 puntu
Nerea Ibarzabal 663 puntu
Etxahun Lekue 656,5 puntu
Alaia Martin 651 puntu
Nerea Elustondo 637,5 puntu
Maddalen Arzallus 634,5 puntu
Aimar Karrika 605 puntu
Beñat Iguaran 604 puntu
Nahikari Gabilondo 600 puntu
*Bigarren itzulira zuzenean sailkatutakoak