Txintxarri Txikik ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2018ko ekainaren 25a

Iaz ere ikasturte amaierako kontzertua eskaini zuten Txintxarri Txiki abesbatzakoek. T. GOMEZ

Alegiako Elizpe zinema aretoan izango da, bihar, ekainak 26, 19:00etan. Estilo desberdinetako hamar bat abesti eskainiko dituzte abeslari gazteek Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean.

Pirritx eta Porrotxen abesti ezagun batekin, indar handiz, hasiko dute kontzertua Alegiako abeslariek: Iritsi da eguna doinua eskainiko dute. Ondoren, Imanol kantariak Xabier Amurizaren hitzetan oinarrituta egin zuen Mendian gora haritza abestia eskainiko dute.

Bi doinu afrikar abestuko dituzte: bata, zuluen doinu bat, Aya Ngena izenekoa, eta bestea, Hego Afrikako doinu batean oinarritutako Siyahamba kantua.

Marchin’ with the saints gospel doinuarekin ere gozaraziko dituzte entzuleak Alegiako abeslari gazteenek. Euskal kantagintzan oinarri sendoa duten Txoriak txori eta Aberriaren mugak abestiak eskainiko dituzte, baita Gari abeslariaren Esperantzara kondenatua abestia ere.

Emanaldiari amaiera emateko, zulu etniaren doinu herrikoi bat eskainiko dute, Mbube izenekoa, The lion sleeps tonight filmarekin ezagun egin zena.

Amane Aizpuruk lagunduko die gitarrarekin eta Mariaje Rekondo arituko da, berriz, pianoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!