Txintxarri abesbatzak Ablitasen abestuko du larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2018ko martxoaren 22a

Alegiako taldeak Ablitasko Gaudium Nostrum abesbatzarekin egingo du trukea; Alegian, apirilaren 21ean izango dira.

Alegiako Txintxarri abesbatzak Nafarroako Erribera aldera egingo du txangoa. Larunbatean, martxoak 24, emanaldia eskainiko du Ablitasen. Bertako Gaudium Nostrum abesbatzarekin trukea egingo dute Alegiako abeslariek. Kontzertua Ablitasko kultur etxean izango da, 20:00etan.

Dozena bat abesti eskainiko ditu Alegiako koruak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondo pianoarekin lagun dutela.

Finlandiako doinu herrikoi batekin hasiko dute emanaldia; On suuri sun rantas autius abestuko dute. Ondoren, hiru obra sakro eskainiko dituzte, aurreneko biak Mary Lynn musikagile estatubatuarrarenak, Pié Jesu eta Dona Nobis Pacem, eta hirugarrena, John Rutter konpositore britainiarraren I will sing with the spirit. Leonard Cohen kantari kanadarraren Hallelujah abesti ezaguna ere eskainiko dute.

Ondoren, hainbat euskal doinu abestuko dituzte, besteak beste, Boga boga, Nerea izango zen, Josu Elberdinen Kantauri eta Benito Lertxundiren Herribera.

Apirilaren 21ean izango dute hurrengo hitzordua Alegian. Ablitasko Gaudium Nostrum eta Coral de Tiebas abesbatzak hartuko dituzte orduan Alegiako abeslariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!