Txintxarri txiki eta Txintxarri abesbatzak Ikaztegietan

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2017ko aza. 16a, 16:15

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek Ikaztegietara eramango dituzte euren doinuak igande honetan, azaroak 19. Emanaldia Lorentzo Deunaren parrokian izango da. Ikaztegietako Udalak antolatu du kontzertua erretirodunen eguna dela eta. 12etan izango da eta herritar guztiei zuzenduta dago.

Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean abestuko dute bi taldeek, eta ohi bezala, Mariaje Rekondo herritarra izango dute laguntzaile pianoan.

Taldeko gazteenak hasiko dira. Ozeaniako Torres Strait uharteetako abesti herrikoi bat eskainiko dute, “Sesere eeye” izenekoa. Ondoren, Kevin Stannard musikari eta konpositore britainiarraren doinu bat abestuko dute, “Non dira?”. Josu Elberdin pasaiatarraren beste kantu bat ere abestuko dute, “Alami (sea dance)”; eta Jim Papoulis musikagile amerikarraren doinu batekin amaituko dute: “Kusimama” izenekoa.
Emanaldiaren bigarren zatian Txintxarri abesbatzak abestuko du. Pablo Sorozabalen “Baialdakizu maite?” eta “Euskaldun makilla” eskainiko dituzte.

Ondoren, Mikel Errazkin musikari hondarribiarra izango dute gogoan; Sorotan Bele taldeko kidea izan zen Errazkin. 2008an hil zen. Gerora estreinatu zuten berak egindako “Lehenengo geltokian” abestia, Elberdinek moldatutakoa. Abesbatzako lau neskak abestuko dituzte estrofak kantu horretako.

Segidan, estiloz erabat aldatu eta Venezuelako doinu herrikoi bat eskainiko dute, “Goza mi calipso”. Ken Zazpi taldearen “Itsasoa gara” abestia ere eskainiko dute.

Kontzertuari amaiera emateko, Josu Elberdinen “Iaute iaute” abesti dinamikoa abestuko dute.

Erretirodunen Eguneko bazkaria

Erretirodunen Egunak bazkariarekin izango du segida. Herriko Adinekoek bazkari legea elkarrekin egiteko aukera izango dute urtero legez. Herriko Udalak antolatu du bazkaria. Herrian erretiroa hartuta dauden pertsonak elkartu eta egun eder bat elkarrekin pasatzeko aukera eskaintzea da jarduera horren helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!