Txintxarri Abesbatzak Dueñasen abestuko du larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2017ko uzt. 19a, 13:20
Irudian, Alegiako elizan Txintxarri abesbatzak eta Dueñasko Castilla Vieja abesbatzak eskainitako kontzertua

Erramun Martikorena abeslari baigorriarrarekin orain gutxi eskainitako emanaldi arrakastatsuaren ondoren, beste kontzertu bat eskainiko du Alegiako Txintxarri abesbatzak larunbat honetan, uztailak 22, Palentziako Dueñas herrian arratsaldeko bederatziak laurden gutxiagotan. Abesbatza topaketa batean parte hartuko dute alegiarrek. Palentziako eta Leongo bazterrak ezagutuko dituzte lau eguneko bidaian.

Dueñasko Castilla Vieja abesbatzak gonbidatuta doa bertara Alegiako abesbatza. Iazko urrian izan zen Palentziako abesbatza Alegian, eta orain Txintxarri abesbatzak itzuliko dio bisita. Abesbatzen topaketa horretan Coruñako Laxe herriko Atalaia abesbatzak ere parte hartuko du.

 Sei obra eskainiko ditu Txintxarri abesbatzak. Euskal abesti batzuk abestuko dituzte:  “Boga boga” eta “Herribera” abesti herrikoiak, eta Josu Elberdin Pasaiako konpositorearen “Kantauri” izeneko doinua. Oso estilo desberdineko doinuak ere abestuko dituzte Dueñasko elizan. Esate baterako, John Rutter musikagile britainiarraren “I will sing with the spirit” abesti dinamikoa eskainiko dute. Iazko azaroan hil zen Leonard Cohen kantari kanadarraren abesti ezagun bat ere abestuko dute, “Hallelujah” alegia. Antonio Machado poeta sevillarraren “Caminante no hay camino” poeman oinarritutako “Cantares” abestia ere eskainiko dute; Joan Manuel Serrat abeslari kataluniarrak egin zuen poema horrentzako musika duela zenbait urte. 

Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean abestuko dute alegiarrek eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoarekin zenbait kantutan.

Emanaldiaren amaieran, hiru abesbatzek batera abestuko dute. Giuseppe Verdi musikagile italiarraren “Nabucco” operako “Va pensiero” abesti ezaguna eskainiko dute. 

Palentzia eta Leongo bazterrak ezagutzen

Lau egun egingo dituzte Palentziako eta Leongo bazterrak bisitatzen. Larunbatean Dueñas herriko Trapa txokolategia eta upategi bat bisitatuko dituzte. Horrez gain, herriaren historia azalduko diete. 

Igandean, Palentzia hiriburuko eta Fromistako arte erromanikoa ezagutuko dute. Astelehena eta asteartea Leonen emango dituzte alegiarrrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!