Ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du gaur Txintxarri Txikik

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2017ko eka. 22a, 09:57
Txintxarri Txiki abesbatza, aurreko emanaldi batean. TXUSO GOMEZ

Alegiako Txintxarri Txiki abesbatza ikasturte honetako entseguak amaitzear dago, eta gaur ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du herriko Elizpe zinema aretoan, 19:30ean.

Zazpi eta hamalau urte bitarteko hogei bat abeslari ditu herriko gazteenen abesbatzak. Abeslari horietako batzuk Loatzo musika eskolako ikasleak dira. Astean behin entseatzen dute eta gaur jendaurrean erakutsiko dute urte osoko lana kontzertu batean.

Bederatzi abesti eskainiko dituzte Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondok pianoarekin lagunduta. Italiako herri abesti batekin hasiko dute emanaldia, Oh! Venezia! abestiarekin, alegia. Ondoren, Txikia da mundua herri doinu bat abestuko dute. Segidan, estiloz aldatu eta Brasilgo doinu bat eskainiko dute, Pega no gance, Carlos Alberto Pinto Fonseca musikagile brasildarrak eginikoa. Xabier Sarasola beasaindarrak moldatutako Xarmengarria ere abestuko dute.

Ondoren, Singing all together kantu dibertigarria eskainiko dute ingelesez. Kontzertuaren amaiera aldean hainbat herrialdetako herri doinuak eskainiko dituzte: Ophelia letter blow'way Trinidadeko herri abestia, Sesere eeye Torres Strait uharteetako doinua eta Oleana Norvegiako herri kantua.

Emanaldiari amaiera emateko, Los miserables filmeko Little people abestia eskainiko dute; Maddalen Dorronsorok moldatutako pieza da.

BORDON DANTZAREN DOINUAK SAN JOAN BEZPERAN

San Joan bezperako ospakizunetan parte hartuko dute bihar Alegiako hainbat kultur taldek: Txintxarri abesbatzak, Sutarri dantza taldeak eta Txistulari taldeak. 20:45ean Pedro Joxe Iguain alegiarrak konposatutako Salve Regina abestuko du Txintxarri abesbatzak Joan santuaren izena daraman elizan. Ondoren, 21:00ak aldera entzun ahal izango da Bordon Dantzaren zortziko ezagun hori gaurik motzena duen egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!