Otxandioko Oihandi abesbatzaren bisita izango dugu larunbatean

Bi abesbatzek emanaldia eskainiko dute Joan Bataiatzailea Deunaren elizan, baina zalantzarik gabe, otxandioarrak izango dira emanaldiko protagonista. Kontzertua arratsaldeko zortziak laurden gutxiagotan izango da.

Bi abesbatzen ekimenez antolatu dute larunbateko emanaldia. Alegian eskainiko dute lehendabizikoa eta Otxandion izango da bigarrena udazkenean.

Estilo desberdineko doinuak eskainiko dituzte biek ala biek, baina euskal abestiek toki nabarmena izango dute.

Alegiarrak izango dira lehenak abesten. Ohi bezala, Garbiñe Orbegozo herritarraren gidaritzapean abestuko dute. Bost doinu eskainiko dituzte: Pier Paul Berzaitzen “Baratze bat”, Eva Ugalde donostiarraren “Begi urdin”, Antonio Machadoren poeman oinarritutako “Cantares”, eta bi euskal doinu ezagun abestuko dituzte bukaeran: “Nerea izango zen” eta “Mutil txaleko gorri”.

Otxandioko Oihandi abesbatza entzungo dugu segidan. Ahots nahasiko abesbatza da, 1970ean sortua. Hainbat emanaldi berezietan parte hartu du. Esate baterako, emanaldi sinfoniko-koraletan parte hartu izan du beste abesbatza batzuekin batera: “Astarloa Cantata”, “Iparragirre Hegalaria” edota Otxandioko Felipe Arrese Beitia olerkariaren heriotzaren mendeurreneko ospakizunetan parte hartu zuen.

Zortzi obra abestuko dituzte Leire Amenabarren zuzendaritzapean. Euskal kantutegian oso ezagunak diren hainbat doinu abestuko dituzte, besteak beste, “Maitia nun zira”, “Oi ama Eskual Herri”, “Oilarra kukurrukuka” edota Alexander Lesbordesen “Kantuz”.

Beste era bateko obrak ere prestatu dituzte bizkaitarrek. Esate baterako, Robert John musikagile estatubatuarrak eginiko bertsio bat, “The lion sleep tonight”, “Go down Moses” izeneko beltz espirituala edota Haendelen pieza bat.

Bi abesbatzek “Agur jaunak” elkarrekin kantatuaz amaituko da kontzertua. Ondoren, afari legea egingo dute bi koruek herriko Txintxarri Elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!