Igandean, ekitaldi berezia Alegian

Erabiltzailearen aurpegia Txintxarri abesbatza 2014ko martxoaren 19a

Datorren igandean, martxoak 23, musika emanaldi berezi bat eskainiko da Alegiako kultur etxean. David Azurzak zuzentzen dituen Alegiako eta Tolosako haur abesbatzek parte harrtuko dute, eta baita Lifu Arafu elkarteko haurrek ere. Arrazakeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta.

Martxoaren 21a Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, musika emanaldi bat eskainiko dute martxoaren 23an Alegiako kultur etxeko areto nagusian, arratsaldeko seietan. Euskaldunen eta musulmanen kultura eta musikak elkartzea da emanaldi honen helburua, bi kulturen integrazioaren erakustaldi bat eskaintzea. Eta horretarako, haur eta gazteak izango dira protagonista.

Tolosaldean martxo honetan egiten ari diren aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardunaldien barruan kokatuta dago emanaldi hori.

Martxoaren 23an emanaldia eskainiko dute Alegiako Txintxarri Txiki abesbatzak, Tolosako Hodei Truk Hirukide abesbatzak, Hodei Truk abesbatzak eta Tolosako Lita Arafu elkarteko haurrek. Musikarien laguntza izango dute abeslariek: Aitor Iraola arituko da pianoan eta Itziar Lujanbiok joko du oboea.

Abesbatzek hainbat euskal kantu herrikoi kantatuko dituzte: Andre Madalen, Nere aitak amari, Xoxuarena edota Furra furra. Tolosako Lita Arafu elkarteko haurrek, berriz, hainbat abesti abestuko dituzte arabieraz eta ipuinak ere irakurriko dituzte.

Emanaldi horretan, David Azurza Tolosako musikagileak eginiko bi obra estreinatuko dira; Magrebeko haur kantu herrikoiak dira eta Azurzak moldatu ditu: Algeriako “Pluf tizen tizen” eta “Minga turi”. Oboearen eta perkusioaren laguntzarekin eskainiko dituzte. Ondoren, Tunisiako obra bat abestuko dute, “Param param”.

Eta emanaldiari amaiera emateko, talde guztiek batera abestuko dute:  “Aldapeko sagarraren” doinuaren moldaketa bat estreinatuko da, eta “Kanbon palangak pagoz”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!