Eta zer da mugikortasun jasangarria?

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko irailaren 22a

Gauza, ekintza, politika guztiei jartzen diogu dagoeneko «jasangarria» abizena. Oraingoan mugikortasunari tokatzen zaio. Eta zergatik? Urtero bezala Europa osoan irailaren 16tik 22ra Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatzen delako, beste mugikortasun kultura baten alde.

Mugikortasunean, jasangarritasun hitza, ingurumen inpaktu txikiago sorrarazten duen mugitzeko moduari dagokio, hau da, energia gutxiagoa eskatzen duenari. Eta nondik hasi behar gara? Bada, gure bi hanketatik. Zenbat aldiz joan gara ogi bila autoz euria ari duenean? Gutxitan edo inoiz? Hori da bidea. Eta osasunak estimatuko dizu. Gero, bizikleta daukagu. Batzuek ez dute segurtasun handia sentitzen bizikletaren gainean, edo gutxi ibiliak dira edo distantzia luzeegiak egin behar dituzte. Beste guztiek, gero eta bidegorri osatuagoei, aparkaleku egokituei, 30 eremu handiagoei eta udal politika jasangarriagoei esker, bizikleta hautatu dezakete eta hautatzen duten euren egunerokotasunean. Hala diote datuek. 2015eko azken datuen arabera, lurralde mailan ohiko erabilerarako bidegorriaren erabilera %29tik %38ra igo da. Eta azpimarratu beharra dago Gipuzkoa mailan hobekien baloratutako bidea Zizurkil-Asteasu bidegorria dela. Ondo.

Ondoren, garraio publikoa. Ez dugu eskualderik errazena garraio publikoa sustatzeko: herri askoren landa izaerak eta eskualde barneko errepide konexio onak auto pribatuaren erabilera gehiegi errazten du. Horregatik dugu horren motorizazio tasa altua (0,64 ibilgailu / biztanleko), EAE eta Gipuzkoako tasa baino altuagoa. Ordea, azken bi urteetako garraio publikoko zerbitzuaren emaitza oso baikorra izaten ari da. 2014an 113.387 izatetik 2016an, 268.874ra igo da kopurua. Bidean goaz.

Eta azkenik, aurtengo Europako Komisioak ezarri duen leloak «partekatuz gero, urrutirago iritsiko gara» dioen bezala, auto pribatuaren partekatzea sustatu nahi du. Bizitzaren esparru guztietan bezala, hemen ere, partekatzea sanoa, garbia eta inteligentea baita. Partekatu ditzagun momentuak, partekatu ditzagun emozioak, partekatu ditzagun ideiak…partekatu dezagun autoa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!