Samaniego ikastetxeak Elkarbizitza proiektuaren barruan programa berri bat jarri du martxan: Golden 5.
Baina zertan datza programa hau? eta zein da bere helburua? Programa hau Europa mailan sortu zen aurreko hamarkadan eta esperientzia moduan Europako hainbat lurraldeetan indarrean jarri zen: Espainian, Norvegian, Polonian, Italian eta Belgikan. Une honetan beste lurralde batzuk ere parte hartzen dute proiektuan eta horien artean Euskadi, Palestina eta Brasil daude.
Hain zuzen, Tolosaldeako bailaran ikastetxe askok interesa azaldu dute Lasarteko Berritzegunean gai honi buruz sortutako mintegian. Programa honen sortzailetako bat Maria Jose Lera dugu, Sevillako Unibertsitateko psikologiako irakaslea.
"Golden 5" proiektuaren xedea honako hau da: eskola komunitatean giro atseginago eta eraginkorragoa izan dadin irakasleriarentzat estrategia multzoa duen programa bat sortzea. Sortzaileen ustetan ikastetxeek erantzukizun handia dute etorkizuneko hiritarren heziketan eta hiritar hauek bere buruarekiko, besteekiko eta gizartearekiko jarrera osasuntsuak izan ditzatela bermatu beharko lukete. Eta hau guztia gauza dadin "Golden 5" programak printzipio bat, arlo batzuk eta hainbat gako-urrats proposatzen ditu.
Programaren oinarrizko abiaburua psikologiko desberdinen teorietan sustatzen da. Bi ideia nagusi azpimarratzen ditu: atribuzioaren teoria eta audientziaren eragina.
Atribuzio positiboak egitean ikasleen autoestimuan eragiten du eta, ondorioz, motibazioa sustatzea ahalbidetzen da. Motibazioarekin ikastea errazagoa da. Gainera atribuzio horiek taldearen aurrean egitean eragina handitzen da, beraz, atribuzio positiboak egiten saiatu beharko ginateke.
Zergatik du programa honek 5 izena? Erraza, besteak beste bost arlo hartzen dituelako barne:
1. Gelaren kudeaketa: egunero irakasleek gelan sortzen diren egoerei aurre egin behar diete. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan irakasleriak egoera desberdin askorekin egiten du topo, esaterako ikasleen aniztasuna, familien egoera anitzak, jarrera desegokiak, lidergoak sortzen dituen gatazkak, metodologia hobetzeko aukerak… Programa honek irakasleei estrategiak eskaintzen dizkie egoera hauei guztiei irtenbidea bilatzen joateko.
2. Harremanak eraikitzen: lan giro on batek eta ikasle eta irakasleen arteko kohesio egoki batek irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzen dute. Horregatik, irakasleriak tresna errazak ezagutzeko aukera paregabea du programa honekin.
3. Giro soziala: ikasleek gelan bere rola daukate eta rol hauen arabera interakzio ugari sortzen dira. Hauek kudeatzen jakitea komeni da, izan ere gela barruan lidergoaren gorabeherak etengabe gertatzen dira eta horiek ulertzea ezinbestekoa da irakasleentzat. Horretaz gain, arauak zehaztu behar dira eta tratu txarren prebentziorako jarduerak landu beharko lirateke.
4. Ikasketa doitua: arlo honek eskola inklusiboari egiten dio erreferentzia, hau da, ikasle guztiek ikasteko eskubide berdinak izan behar dituzte; beraz, ikastetxeak aniztasunari erantzun beharko lioke, eta ondorioz, curriculuma lantzeko metodologia desberdinak erabiltzeko hausnarketa egin ostean egokiena aukeratuko du.
5. Familia eta eskola harremanak: ikasleek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan zehar, bi sistema nagusietan murgiltzen dira, bata familia eta bestea eskola. Bi sistema hauen arteko harremanak eragin handia izango du ikasleengan, izan ere, batera joanez gero ikasleek koherentzia sentituko baitute eta, ondorioz, emaitza hobeagoak lortuko dituzte. Familiak eta eskolak ekipo sendo bat osatu behar dute eta horretarako errespetuzko harremanetan oinarrituko dira. Hau gauzatzeko, "Golden 5" programak estrategiak jartzen ditu irakasleen eskura.