Kale Kantoitik

Krax

Teilaturaino igo zara zerura iristeko saiakeran. Hodei hori ordea beti duzu zure gainean. Ez dago aterperik, ez bustitzeko nahia ez dagoen sabaietan. Zeure burua zuritu nahi izan duzu azalean duzuna ezkutatu ahal izateko. Hautsia zatien arteko tartea ote? Edota zatia bera? Arrakala ala ertza?

Presaka zabiltza beti, baina inoiz ez dakizu noiz den momentu egokia. Badago garaiz heltzea berandu iristea dela dioenik ere. Haatik, trenak galtzen ere ikasi behar da. Baita galera ote den ere. Ez duenak ez daki edukitzea zer den, baina bai hura gabe bizitzen. Ausarta beldurrarekin bizitzen dakiena da, izu hori sortzen diona ezabatzen saiatzen dena, eta ez beldurra bera.

Denek entzuten dituzte gure oihuak trianguloaren behekalde honetatik, baina ez dute ulertzen zertaz mintzo garen. Edo ez dute konprenitu nahi. Ez diete egundo, euren barruan zentsuratu dituzten hitzak entzuten uzten. Ez dira euren begiez begiratzeko gai, iragazki sozialaren betaurrekoetatik baizik.

Arropa eranztea ez da beharrezko; geldirik egonda ere berehala zara hoztuko. Kuriosoa da ordea nola erretzen duen izotzak ere. Nola erre zezakeen eskuan zenuenak, urtzen zen bitartean. Nola gorritzen diren masail-gainak haize bortitza dela eta. (Gure amek esaten duten moduan) nola azala “eten” egiten den. Edozein arrazoi da nahikoa hauskor sentitzeko.

Eta batzuetan beharrezkoa da hautsitakoak zarata atera dezan. Apurrak sakabanatuta geratu daitezen. Nabari dezagun benetan hautsi dela, arreta dei diezaiogun geure buruari. Izatekotan utzi isilik; baina ez hitza ahoan. Zurrumurruz beteriko isiltasuna jasangaitza baita.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!