Izeberg baten aurka bezala jo duzu zure burua; ikusten den zatira. Errua errukiarekin nahastu duzu eta zapore gazi-gozoa geratu zaizu. Zauria laztandu duzu, minari ordea kasurik ere ez.
Betazalak argia sartzen uzten duten arrakalak dira, zuloz beteriko teilatupetik. Ataria, sartzeko soilik irekitzen duzu eta gaurkoan zeure burua etxegabetu duzu.
Kaleak bakarrik entzuten ditu ahots-gabekoen oihuak. Horregatik egiten dira oihartzun eta batek esanak beste ehunek ahokatzen ditu.
Bakarrik egoten ikasi duenak ikasi du joaten, eta joaten uzten. Erreferentzia puntuan egotetik diametroa hartzera, distantzia ematera, gure eskuen artean egongo balitz bezala; zuretik nirera.
Bueltatzen saiatuko zara, baina ur berak ez zaitu bitan bustitzen. Itzulera bidaia beti da motzago itzuli behar duzun leku hura etxe sentitzen baduzu. Hasierako puntua bihurtzen denean berriro helmuga eta ez kondena.
Eta begiratuko zara etxe-horma hori izanik zure ispilu. Galdetuaz ea horma horrek barrukoak ala kanpokoak babesten dituen. Ea ore(k)a den harri artean duzuna. Zergatik etxegabetu zinen, zergatik itxaron zenion dena lehertzeari; ea zertarako behar zenuen leherketaren beroa, egonik horma artean gozo. Ea bertatik ihes egin zenuen benetan, edota bizkarrean zeneraman beti.
Horma horretatik ihes egin edo errebotatu duzun segmentu bakoitzari begiratzen diozu orain, eta zera galdetzen diozu oraingoan: ea zer den zure eta zer eraikia. Hau kontuan izanik: dorre guztiak oinarria botaz erortzen dira.